Mendeurrenaren amaierako ekitaldia egin dau Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2019-10-07 08:00   Euskerea berbagai

Hurrengo urteetarako helburuak dira digitalizazinoa, nazinoartekotzea, profesionalizazinoa eta gizarteratzea.

Euskaltzaindiaren mendeurrenaren ospakizunetako azken ekitaldia egin eben astegoienean Donostian, ehun urteko orain arteko bidean zein etorkizunean begiradea jarrita. 1919ko urriaren 7an, gaur ehun urte, egin eban Akademiak lehenengo osoko bilkurea. Han aukeratu eben Resurrección María Azkue euskaltzainburu.

Mende bat geroagoko euskaltzainburuak, Andres Urrutiak, gidatu eban zapatuko ekitaldia, erakundeetako ordezkari ugari alboan zituala. Euskaltzain oso, urgazle eta ohorezko asko be Donostian izan ziran. Kalean sokajantzea egon zan, eta ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan segidu eban ekitaldiak, orain dala ehun urteko lehenengo batzarra egin zan lekuan.

Urrutiak ehun urteotan lortutakoak gogoratu zituan: Euskerearentzako erakunde aholku-emole ofiziala da, euskerea instituzionalizau dogu eta gizarteari zerbitzua emon. Euskerearen batasuna lortzeko aitzindaritzea hartu eban, hainbat euskal eragileregaz batera. Akademia euskalgintzako ekimen askoren bultzatzaile izan dala be aitatu dau Urrutiak: AEK, bertsolari txapelketak, UZEI, euskerazko tituluak eta abar. Holan sortu da euskalgintza modernoaren azpiegiturea, eta hortxe egon da eta egongo da beti euskerearen Akademia.

Era guztietako gobernuak agintean, Euskaltzaindiak bere asmoei eta proiektuei eutsi deutsela ganeratu eban Urrutiak. Hiztun guztiak, gizarte osoa da Euskaltzaindia, euskaltzainburuaren ustez. Hori dala eta, Euskal Herriko gizarte-eragileakaz batera jardun behar dau, ahalik eta modu zabalenean. Mendeurrenaren bidez, euskereagaz, euskal kultureagaz eta euskal gizarte osoagaz dauen konpromisoa barriztau dau Euskaltzaindiak, eta, bide batez, dei zabala egin deutso euskal gizarte osoari: XXI. mendeari, ilusino barriz ekiteko deia.

Hurrengo urteetarako helburuak dira digitalizazinoa, nazinoartekotzea, profesionalizazinoa eta gizarteratzea, Urrutiaren arabera.

Euskeria Abesbatzeak eta Donostiako Orfeoiak zarratu eben zapatuko ekitaldia, eta argazki ofizialetarako tartea be egon zan. Foru Jauregira joandakoei Euskaltzaindiak oraintsu argitaratutako Ekin eta Jarrai liburua oparitu eutsien.

Euskaltzainen argazkia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu