II. Hika Topaketan izena emoteko epea zabalik
2025-10-08 08:00 Euskerea berbagaiZemendiaren 8an izango da ekitaldia, Markina-Xemeinen.

ZirHika Taldeak, Badihardugu Euskara Alkarteagaz eta UEUgaz alkarlanean, Euskal Herriko II. Hika Topaketea atondu dau zemendiaren 8rako Markina-Xemeinen. Topaketearen helburua da Euskal Herriko hika eragileak alkartzea, hausnartzeko eta alkarlanerako bideak topetako. Izen-emotea zabalik dago eta, interesa dauenak, UEUren webgunean egin leike matrikulea. Euskal Herri osoko hika eragileak animau gura ditue topaketan parte-hartu deien.
Oñatin egin zan I. Hika Topaketea 2023an. Hika eragileek alkar ezagutzeko abiapuntua izan zan. Hain zuzen be, topaketearen ostean Euskal Herri osoko eragileek osotu eben ZirHika Taldea izan da bigarren topaketea bideratu dauena.
Egun osoko egitaraua prestau dabe zemendiaren 8rako. Goizean berbaldiak egongo dira, hainbat esperientzia ezagutzeko eta arratsaldean lan-mahaiak, bertaratutako guztientzat, hausnarketarako eta proposamenak egiteko. Lan topaketea izango danez, partaide kopurua mugatu egin behar izan dabe. Halanda be, 80 lagun inguru batzea da asmoa, hitanoa sustatzen dabizen eragileak guztiak be: euskera alkarteetako kideak, hika irakasleak, euskera teknikariak, ikerlariak... Arratsaldeko talde dinamikea Farapi Kooperatibako kideek gidatuko dabe.
Topaketea amaitu ostean, 18:30ak aldera, hika bertso saioa egongo da Markina-Xemeingo Kontzejupean, lau bertsolariekaz: Julio Soto, Miren Amuriza, Amets Arzallus eta Eneritz Artetxe. Saioa doban izango da.
Topaketeak Eusko Jaurlaritzearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!