‘Hegats’ aldizkaria osorik Euskaltzaindiaren webgunean
2026-11-13 07:35 Euskerea berbagaiBildumearen barrikuntza nagusietako bat egileen aurkibidea da.

Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) eta Euskerearen Akademiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe aurten, zezeilaren 12an. Hain zuzen be, hitzarmen horren eskutik digitalizau dira Hegats aldizkariaren zenbaki guztiak. Holan, egitasmo honi esker, hamarkadetan zehar papelean argitaratutako lan-multzo oparoa bilduma digital bizi bihurtu da: zenbakiz zenbaki arakatu, artikuluak bilatu eta egileen ibilbidea jarraitu daiteke, dana leku bakarretik. Egitasmo honegaz, Euskaltzaindiak eta Euskal Idazleen Elkarteak euskal literaturearen historiaren hurreko ondare garrantzitsua jarri dabe ikertzaile, ikasle, irakasle, idazle eta irakurle guztien eskura. Liburutegietan eta etxeetako apaletan sakabanatutako zenbakiak leku bakarrean batu dira eta bakotxaren edukia lehen aldiz arakatu daiteke artikuluz artikulu eta egilez egile.
Atariko orrian aldizkariaren azal guztiak ikusten dira, barrienetik zaharrenera, eta bat hautatzean zenbaki horren fitxea edegiten da. Fitxan azala, argitalpen-data eta artikulu kopurua agertzen dira, baita aurkibide osoa be, atalka. Aurkibidea ez da zerrenda hutsa: artikulu baten izenburuan klik eginez gero, PDFa zuzenean artikulu hori hasten dan orrialdean edegiten da. Holan, irakurleak ez dau dokumentu osoa arakatu behar nahi dauen testua topetako.
Bilatzaile azkarra
Atariko orrian bilatzaile bat dago, 670 artikuluen artean izenburuaren edo egilearen arabera bilatzeko. Hiru letra idazteagaz batera agertzen dira emoitzak, idatzi ahala eguneratuta, eta azentuak eta letra larriak ez dira kontuan hartzen. Adibidez, “Lizardi” idatzita, izenburuan poeta hori aitatzen daben artikuluak agertzen dira berehala; egile baten izena idatzita, barriz, haren artikuluak.
Aurkibidea: 328 idazle eta itzultzaile
Bildumearen barrikuntza nagusietako bat egileen aurkibidea da. Bertan Hegats-en idatzi edo itzuli daben 328 personak agiri dira, maila alfabetikoan ordenauta eta bakotxak argitaratutako lan kopuruagaz. Letraz letra mobidu daiteke, edo izena idatzi eta zerrendea berehala iragazi.
Egile bakotxak bere orria dau eta bertan batzen dira aldizkarian argitaratu dituan artikulu guztiak, zenbakiz zenbaki, itzulpenak eta, holan bajagoko, bere liburuei buruz Hegats-en
argitaratutako iruzkinak. Aurkibideetan be egileen eta itzultzaileen izenak klikagarriak dira eta irakurlea artikulu batetik egile beraren gainerako lanetara igaro daiteke zuzenean.
Hegats aldizkariaren literatur ondarea
Hegats 1989ko abenduan jaio zan, Euskal Idazleen lkartearen aldizkari moduan eta ordutik euskal EEliteraturearen gogoeta, sorkuntza eta kritikarako gune nagusietako bat izan da. Bere orrialdeetan saiakerak, poemak, narrazinoak, itzulpenak, alkarrizketak eta liburu-iruzkinak argitaratu dira, euskal idazle eta kritikari belaunaldi askoren ekarpenakaz. Zenbaki askok gai jakin bati eskaini jakoz: literatur topaketak eta jardunaldiak, ume eta gazte literaturea, Alemaniako literaturea, Finlandia edo Kurdistan lako txosten monografikoak, literaturea eta zinemea, euskal antzerkia. Beste batzuek idazle eta pentsalari handiak omendu ditue, besteak beste, Arnaud Oihenart, Lizardi, Jon Mirande, Joxe Azurmendi, Xabier Lete eta
Txillardegi.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
