Ekaitz Santazilia hizkuntzalari nafarra euskaltzain oso izentau dau Euskaltzaindiak
2026-11-27 12:09 Euskerea berbagaiPello Salabururen hutsartea beteko dau Santaziliak.
Gaur, Bilboko euskal Museoan egindako osoko bilkuran, euskaltzain barria izentau dau euskerearen Akademiak. Euskaltzain osoek botoa emon dabe Pello Salaburu emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea beteteko eta Ekaitz Santaziliak jaso dau Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen dauen gehiengo osoa.
Pello Salaburu emeritu izatera igaro zan garagarrilaren 3an, 75 urte bete baitzituan egun horretan Arizkungo hizkuntzalariak, eta garagarrilean bertan zabaldu zan hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra (hain zuzen, Ekaitz Santazilia) aurkeztu eben euskaltzainek urriko osoko bilkuran eta gaurko bilkuran izentau dabe euskaltzain oso. Orain, zortzi hilbeteko
aldia izango dau euskaltzain oso barriak sarrera-hitzaldia prestetako. Aurrerago, harrera-ekitaldia egingo da.
Ekaitz Santaziliaren (Iruñea, 1987)
Euskal filologoa, hizkuntzalaria eta euskaltzain urgazlea da Santazilia. Euskal Herriko Unibersidadean jaso eban Euskal Filologiako lizentzia, baita Hizkuntzalaritzako masterra eta doktoretzea be. Egun Euskal Filologia arloko irakasle titularra da Nafarroako Unibersidade Publikoan (UPNA/NUP). Era berean, Nafarroako Gobernuko Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren zuzendaria izan da oraintsura arte. Monumenta Linguae Vasconum ikerketa-taldeko partaidea da, baita NUPeko I-COMMUNITAS - Institute for Advanced Social Research institutuko eta Nafarroako Ondare Materiabakoaren Katedrako kidea be. Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen Alkartearen sortzaileetako bat izan zan, eta Nafar Ateneoan Euskera arloko eleduna be bai. Euskerearen historia du ikerlerro nagusi, Nafarroakoa batez be eta, horren barruan, dokumentu zaharrak, dialektologia, soziolinguistikea eta hizkuntzalaritza historikoa ditu aztergai. Euskal testu zahar franko topau eta editau ditu, eta aitatu gaiakaz lotutako lan ugari argitaratzeaz gan, hainbat ikerketa proiektutan eta biltzar akademikotan be ibili izan da.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban 2024ko maiatzaren 31n. Akademiaren aginduz, zenbait lan egin ditu, besteak veste, Zildozko Perutxeneko euskal predikuak agertzeko hitzaldia eta erakusketea atondu zituan, Erredingo Luiseneko euskal predikuak be bai, eta laster argia ikusiko dauen Joan Beriainen 1626ko kristau-dotrinearen edizino kritikoa eta erakusketea atondu ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
