'Jauzia Gar', euskerearen erabilera sozialean saltoa sustatzeko estrategia martxan

Bizkaie! 2026-11-05 08:19   Euskerea berbagai

Gure helburua da euskerea ez izatea hormatzarra, zubi bat baino.



Imanol Pradales Lehendakariak gizarte osoari entzuteko, eragile barriak batzeko eta etorkizuneko akordioak eregiteko deia egin dau, datozen hamarkadetan euskerea indartzeko gizartearen, ekonomiaren, kulturearen eta erakundeen arloko 200 ordezkari inguruk parte hartu dabe euskereari bultzada soziala emoteko Jauzia Gara prozesuaren aurkezpenean Imanol Pradales Lehendakariak, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuagaz batera, bart aurkeztu ditue Jauzia Gara estrategiaren jarduera-lerroak. Eusko Jaurlaritzeak sustatutako estrategia horren helburua da euskerea suspertzeko prozesuari beste bultzadea bat emotea eta datozen hamarkadetan bere erabilera soziala eten barik handitzea.

Lehendakariak nabarmendu dauenez, euskereak gaur egun dituan erronkek erantzun barrituak eta egungo errealidadera egokituak eskatzen ditue, euskerearen etorkizuna aurrean dituan erronkei erantzuteko gaitasunaren araberakoa izango da, ez dago erronka horreei bakarka erantzuteko kapaz dan erakunde edo eragilerik. Bidea alkarlanetik eta erantzunkidetasunetik eregi behar da.

Pradalesek eskerrak emon deutsee urte eta erdi honetan lanean ibili diran persona eta erakunde guztiei beren konpromisoagaitik eta adierazo dauenez, -Jauzia Gara- prozesu bizia da eta erakundeen eta herritarren inplikazino bateratuari esker doa aurrera. Alkarregaz egin behar dogu, edo ezinezkoa izango da.

Lehendakariak azken hamarkadetan emondako aurrerapausuak autortu ditu baina, aldi berean, ohartarazo dau euskereak oraindino presentzia lortu behar dauela sozializazinorako eta alkarbizitzarako sano garrantzitsuak diran eguneroko esparruetan. Horreen artean aitatu ditu aisialdia, kirola, hezkuntzea, lan-mundua, ingurune digitala eta Euskadira beste herrialde batzuetatik heltzen diran personen harrerea.

Euskeraz biziteko benetako aukerak zabaltzeko helburuagaz, Jauzia Gara estrategiak belaunaldi barrientzat lehentasunezkoak diran esparruetan sustatuko ditu jarduerak.

Aisialdiaren eta kirolaren arloan, Eusko Jaurlaritzeak euskerazko aisialdiaren mapa bat jarriko dau martxan, egon badagozan aukerak eta faltak identifiketako eta ‘Plazara!’ programa ibiltaria sustatuko dau Euskadiko udalerrietan. Beste ekimen batzuk landuko ditu kirol-klubetan euskerearen presentzia indartzeko, prestakuntzearen, tresna praktikoen eta federazino eta kirol-erakundeakaz konpartidutako konpromisoen bidez.

Estrategiak 14 urtetik 16 urtera bitarteko gazteen artean euskerea ikastea indartzeko programa espezifiko berezia be jasoten dau. Ekimena ikastetxeakaz eta HABEgaz batera jorratuko da, metodologiak ebaluetako eta emoitza onenak lortzen dituenak zabaltzeko aukerea emongo daben proiektu pilotuen bidez.

Lanaren arloan, LANera programea sustatuko da, sektore eta enpresa bakotxaren beharretara egokitutako aholkularitza eta baliabideak eskainiko dituana eta, aldi berean, euskerea eguneroko jarduera profesionalean txertatzeko esperientziak eta praktika onak konpartiduko dituen antolakundeen sare bat sortuko dau.

Era berean, Jauzia Gara estrategiak arreta berezia eskainiko deutse beste leku batzuetatik Euskadira heltzen diren personei. Ate Barriak ekimenaren bidez, euskerea ikasteko baliabideetara sarbidea erraztuko da eta udalakaz eta gizarte-erakundeakaz lankidetzea indartuko da hizkuntza inklusinorako eta komunidadean parte hartzeko elementua izan daiten.

Gure helburua da euskera ez izatea hormatzarra, zubi bat baino, Euskadira heltzen danak gure komunidadearen parte izateko beste modu bat izan daian, nabarmendu dau Lehendakariak.

Kontuak kontu, Jauzia Gara estrategiaren zutabe nagusietako bat Euskerearen Ahotsak, herritarrek euskerean aurrean dituen esperientziak, perzepzinoak eta itxaropenak jasoteko entzute-prozesu zabala, izango da. Ekimenak aurreikusten dau 600 alkarrizketa baino gehiago egitea eta 12 talde fokal sortzea gizarteak hizkuntzeagaz dituan hartu-emonei buruzko mapa narratibo bat eregiteko. Normalean euskerea erabilten daben personek, ikasi dabenek, ulertu arren ia berba egiten ez dabenek, hizkuntzatik gertu sentiduten diranek eta hizkuntzen aurreko jarrera kritikoak edo urrunagokoak dituenek parte hartuko dabe.

Euskerearen etorkizuna ez dogu euskerea bizi garenon artean bakarrik eregiko, gure betebeharra da gizarte osoaren ahotsa entzutea, adierazo dau Pradalesek. Helburua da egon badagozan hizkuntza-errealidade guztiak hobeto ezagutzea eta adostasun zabalagoak eta eraginkorragoak sortzea etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

2027ko III. Euskal Mundu Biltzarrerako bidean

Prozesu horren mugarri nagusia 2027an Bilbon egingo dan III. Euskal Mundu Biltzarra izango da. Topaketeak hausnarketarako eta lankidetzarako nazinoarteko gune bihurtu nahi dau, ezagutzak konpartiduteko, esperientziak alderatzeko eta euskerearen etorkizunerako oinarri barriak zehazteko.

Lehendakariak 1956ko Euskal Mundu Biltzarraren esangura historikoa ekarri dau gogora, sensibilidade ezbardinen arteko topaleku izan zan aldetik, eta alkarrizketarako eta eregite kolektiborako espiritu hori bera hizkuntzea indartzeko gaur egungo erronkara eroateko beharra defendidu dau. Halan da be, adierazo dau, biltzarra ez da azken helmugea izango, ibilbide luzeko prozesu bateko mugarria baino.

Ekitaldiari amaiera emateko, Pradalesek estrategian parte hartzen daben persona eta erakunde guztien inplikazinoa eskertu eta lankidetza-sarea zabaltzen jarraitzeko deia egin dau: euskerearen etorkizuna ez dago idatzita, gure esku dago, gure ahaleginean, gure eguneroko hautuetan, gure ahotan. Beraz, egin daigun. Emon deiotsagun euskereari behar dauen bultzadea. Izan gaitezan euskerearen pizkunde barriaren belaunaldia. Euskerea bizi nahi dogun Herriaren hizkuntzea izan daiten.

Jauzia Gara estrategiagaz, Eusko Jaurlaritzeak entzutean, parte-hartzean, lankidetzan eta konpartidutako erantzukizunean oinarritutako etapa barri baten alde egin dau, euskereak eragile gehiago erakarri, espazio barriak irabazi eta aurrera egiten jarraitzeko aukera gehiago sortu behar dituala sinistuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu