Kulturako ondare material eta immaterialaren saria Itxartu Taldeak jaso dau

Bizkaie! 2026-11-12 11:51   Euskerea berbagai

Danetara, 14 kategoriatako sariak emon diitue Muxikebarrin.

XVI. Aixe Getxo! sariak emon ditue Getxon, Muxikebarrin eta udalerriko kultura-jarduereari lotutako 14 persona, kolektibo eta establezimenduren lana autortu da bertan. Getxoko Udalak, Getxo Kulturearen bitartez, sustatzen ditu sari horreek, kulturearen adierarik zabalenean egiten dan lana autortu eta balioan jarteko, artisten eta sektoreko eragileen lana ikusarazo eta herritarren parte-hartzea bultzatzeko asmoz.

Ikusizko eta ikus-entzunezko arteen kategorian, Teresa Laviña zinemagilea izan da saritua, Romoko eta Areetako memoria historikoari buruzko dokumentalen zuzendaria; arte plastikoen kategorian, Olatz Otalora Landa artista bisuala, Artium Museoaren eta Tabakaleraren JAI lako erreferentziazko proiektuetan parte hartu dauena; eta arte eszenikoen kategorian, Iñigo Iraultza Iru, La Pez konpainiako sortzaile, aktore eta zuzendaria, Umore Azokan hainbat aldiz saritua.

Egungo musikearen kategorian, The Piper’s Irish Pub-ek jaso dau saria, zuzeneko musikearen gune eta Algortako musika-eszenearen topagune izanik 25 urte bete dituan establezimenduak. Musika klasiko eta garaikidearen kategorian, barriz, Andoni Martínez Barañano tenore getxoztarra saritzea erabagi da, Teatro Real eta Gran Teatre del Liceu lako agertokietan ibilitakoa. Literaturearen kategorian, Federico Bilbao Solozabal poetea izan da saritua, dozena bat poema-liburu baino gehiago argitaratu dituana; eta diseinuaren kategorian, Charo Álvarez, Areetako bere tailerrean artisau-moduan dabilen moda-diseinatzailea, hain zuzen be.

Arkitektura eta espazio publikoa kategorian, SOiL Arquitectura del Paisaje estudioak eroan dau saria. Getxon kokatutako estudioa ingurumenaren lehengoratzean eta uri-diseinuan espezializauta dago eta, besteak beste, Durangoko Aramotz auzoaren erabateko berroneratze-proiektuan parte hartu dau. Gastronomiaren kategorian, Algortako Iwasaki jatetxe japoniarra sarituko da, 2023tik Michelin Gidearen Bib Gourmand bereizgarria dauena.

Hezkuntza eta balioetako kultura kategorian, Zirri Marra Arte Tailerrak irabazi dau saria, kultura-bitartekaritzan eta arte-hezkuntzan egindako lanagaitik, batez be, GetxoArte Eskoletan proiektuaren bidez, sorkuntza garaikidea ikastetxeetara hurbiltzen dauelako. Beste alde batetik, Maia García Verginiony ikertzaileak zientzia-kulturearen eta barrikuntzearen saria jaso dau, fisika kuantikoaren eta material topologikoen arloan egindako nazinoarteko ibilbide emonkorragaitik, 2023an American Physical Societyk haren lana aurortu baitzeban.

Kulturearen arloan, ondare material eta immaterialaren saria Itxartu Taldeak irabazi dau. Algortako alkarteak 50 urte bete ditu 2026an, euskal folklorea jagoten eta belaunaldiz belaunaldi transmitiduten egindako lanari esker. Aixe Getxo Gaztea saria Verónica Uribe-Echevarríari emongo jako, New Yorken zelulen birsorkuntzearen eta diabetesaren inguruko ikerketak egiten dituan biologo molekular eta biomediko getxoztarrari; 2025ean, Peter Sheehan Young Innovator Award saria jaso eban.

Azkenik, ibilbide profesional eta artistikoaren saria Galdaretxe gozotegiak jaso dau. Algortan 1970ean sortutako familia-enpresa horrek 55 urte baino gehiagoko ibilbidea egin dau, artisau-gozogintzearen eta tokiko gastronomia-tradizinoaren aldeko jarrereari eutsiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu