30 empresa eta 2.000 behargin baino gehiago beharlekuetan euskerea aktibetako erronkan

Bizkaie! 2026-11-13 07:58   Euskerea berbagai

Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzeak Euskera Tratuak ekimena jarri dau martxan.

Zemendiaren 13an ekin jako eta abenduaren 3ra arte, ohitura barriak sortuko ditu 21 egunez eguneroko lan-hartu-emonetan. Jakina da euskeraz jakiteak ez dauela berez euskeraz egitea ekarten. Askotan, ezagutzea eta erabilerea ez datoz bat eta euskerea bazterrean geratzen da, baita lan-arloan bere: lanean edo beharrean, lankideakaz, bileretan, ohiko hartu-emonetan... Euskera Tratuak dinamikearen erronkea, beraz, ezagutzea erabilera bihurtzea da. Horretarako, 21 egunez, parte- hartzaile bakotxak “tratuak” egingo ditu: lehenengo euskeraz egiten ez eban zeozer euskeraz egiteko konpromisoa hartuko dau, bakotxak bere buruagaz eta beste lankide batzuekaz batera. Tratuak izango dira borondatezkoak, neurrikoak (bakotxak bere mailatik eta bere erritmoan), egingarriak (eguneroko lanean beteteko modukoak) eta babestuak (enpresak, lankideen laguntzaz, eskainitako ekosistema erosoan). Euskeraz gitxi dakiten beharginek be parte hartu leikie: Egun On izeneko konpromisoa hartu, eta kideei erabilerea errazteko eta eurak euskerara hurbiltzeko lehenengo urratsak egingo ditue. Oinarrizko berbak eta esamoldeak erabilten hasiko dira, eskuko hiztegi baten eta lankideen laguntzaz.

Helburuak

Ahize-AEKk, aurretik egindako saioetan, hainbat helburu lortzen dirala egiaztatu dau. Batetik, erabiliz ikastea, izan be, lehenengo ikasi eta gero erabiltea da ohikoena. Tratuek erakutsi dabe, ostera, erabiliz be ikasten dala: erabilera txiki eta seguruek konfidantza emoten dabe eta konfidantzeak ezagutzea indartzen dau, gehiago jakiteko gogoa biztuteaz gan. Euskerearen mundua ertzetik ezagutzen daben personakana heltzeko eta hareei euskal kulturea, iruditeria eta bizipenetarako ateak zabaltzeko be balio dau. Azkenik, lantokian euskerazko guneak sortuz (euskeraz egiten dan leku, talde eta hartu-emonak, 21 egunen ostean ere iraun leikiena), komunidadea eregitea be lortzen da: norbanakoaren konpromisotik hartu-emonetara, eta horreetatik komunidadera (Ni + Zu = Gu · Euskeraz eroso).

Egitasmoaren ibilbidea

AEKren Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzako zerbitzuak 2011n sortu eban euskera tratuen lehenengo ekimena, Ahozkolore izenez, aurreko hainbat esperientziatan oinarrituta. 2019an egin ziran dinamika egituratzeko lehenengo pilotajeak eta 2022tik aurrera, esperientzia horreetan jasotako ikaskuntzetatik abiatuta, oinarri teorikoak eta metodologikoak landu eta osotu dira, gaur egungo Euskera Tratuak landu arte. Urtez urte, dinamikea zabaldu eta sistematizau egin da: 2025ean, 25 bat enpresatan gauzatu zan. Aurten, 30 enpresatan baino gehiagotan eta 2.000 langilegaz baino gehiagogaz egingo da, aldi berean. Ondokoak dira empresa horreetako batzuk: AFESA MEDIO AMBIENTE, AUXILIARES HIRUKOBAT, BATZ (IGORRE), BATZ ZAMUDIO, BIOLAN MICROBIOSENSORES, BIOLUR, BODEGA GORKA IZAGIRRE, BRUSS DURANGO, CAFÉS BAQUÉ, CONSTRUCCIONES LASUEN, CUMENORTE, ELECTROTÉCNICA ARTECHE HERMANOS, EVEC (Elementos De Verificación Y Control), ERROAK SARTU, FURESA, GIZAKIA FUNDAZIOA, INGETEAM, IRSEARABA, KOOPERA SAREKO ENPRESAK, LANTEGI BATUAK FUNDAZIOA, MORTEROS Y REVOCOS BIKAIN, ONA ELECTROEROSION, OREKA IT, PATXI BANATU, PATXIKOOP, TALLERES AMETS, TAZEBAEZ, TECUNI, U3 ARQUITECTURA TÉCNICA, WE ARE CLICKERS...

Euskera Tratuak ekimena Eusko Jaurlaritzearen LANHITZ programearen laguntzaz jorratzen da eta lantokietan euskerearen erabilerea aktibetea dau helburu, izan be, danok doguz hartu-emonak euskereagaz baina bizi dogun egoera diglosikoan lotura hori ez da berez erabilera bihurtzen: horretarako, erabagiak hartu eta urratsak egin behar dira. Euskera Tratuak bide hori errazteko sortutako dinamikea da. Euskeraz eta euskeratik ekinez, bizipen eta emozino lagungarriak sortzea eta, horreen bidez, personen arteko konexino eta hartu-emon gehiago eregitea dau helburu. Horretarako, euskerea ikusgarri, entzungarri eta bizigarri egiten dau lantokian, euskeraz egiteko gune eta aukerak sortuz. 21 eguneko dinamikearen abiaburua da: norbanakoen konpromisoetatik harago, erabilera-ohiturak eta hartu-emon-sareak eraldatzeko baldintzak sortu nahi ditu, esperientzietatik jasotako ikaskuntzak batu eta konpartiduta, metodologia hobetzen eta beste lantoki batzuetara zabaltzen jarraitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu