Ekaitz Santazilia hizkuntzalaria euskaltzain oso izateko hautagai

Bizkaie! 2026-11-02 08:21   Euskerea berbagai

Arabako ordezkaritzan egindako osoko bilkuran, izen bakarra aurkeztu da.

Ekaitz Santazilia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Pello Salaburu emeritu izatera igaro zan garagarrilaren 3an, 75 urte bete baitzituan egun horretan Arizkungo hizkuntzalariak, eta garagarrilean bertan zabaldu zan hautagaiak aurkezteko epea. Horretara, Akademiaren arautegiak agintzen dauen moduan eta euskaltzain oso eta emerituen botoen nagusitasuna lortu ezkero, zemendiaren 27ann Bilboko Euskal Museoan egingo dan osoko bilkuran jakingo da Salabururen lekua Ekaitz Santaziliak hartuko dauen ala ez.

Ekaitz Santaziliaren (Iruñea, 1987)

Euskal filologoa, hizkuntzalaria eta euskaltzain urgazlea da Santazilia. Euskal Herriko Unibersidadean hartu eban Euskal Filologiako lizentzia, baita Hizkuntzalaritzako masterra eta doktoretzea be. Egun Euskal Filologia arloko irakasle titularra da Nafarroako Unibersidade Publikoan (UPNA/NUP). Era berean, Nafarroako Gobernuko Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren zuzendaria izan da oraintsura arte.

Monumenta Linguae Vasconum ikerketa-taldeko partaidea da, baita NUPeko I- COMMUNITAS - Institute for Advanced Social Research institutuko eta Nafarroako Ondare Materiabakoaren Katedrako kidea be. Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen Alkartearen sortzaileetako bat izan zan eta Nafar Ateneoan Euskera arloko eleduna be bai. Euskerearen historia dau ikerlerro nagusi, Nafarroakoa batez be, horren barruan, dokumentu zaharrak, dialektologia, soziolinguistika eta hizkuntzalaritza historikoa ditu aztergai. Euskal testu zahar franko topau eta editau ditu eta aitatu gaiakaz lotutako lan ugari argitaratzeaz gan, hainbat ikerketa proiektutan eta biltzar akademikotan be ibili izan da.

Akademiaren aginduz, lan batzuk egin ditu, besteak beste, Zildozko Perutxeneko euskal predikuak agertzeko hitzaldia eta erakusketea atondu zituan, Erredingo Luiseneko euskal
predikuak be bai, eta laster argia ikusiko dauen Joan Beriainen 1626ko kristau-dotrinearen edizino kritikoa eta erakusketea prestau ditu.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban 2024ko maiatzaren 31n.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu