Bilboko 500 familia inguruk parte hartuko dabe Euskerearen Kriseiluan
2026-11-04 07:40 Euskerea berbagaiHelburua etxean euskerearen erabilerea sustatzea da.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mobimentuak alkarlanean landutako Bizkaian bagara. Berbak zubi programearen barruan, Euskararen Kriseilua dinamikea martxan jarriko da Bilboko 12 ikastetxetan, zemendiaren 21era bitartean. Egitasmoak familien hizkuntza ohituren inguruko hausnarketea egin eta ohitura horreek euskerara hurbiltzea dau helburu.
Aitatu erakunde biak alkarlanean ibiliko dira 2027. urtera arte.
Euskerearen erabileran beharrezkoa dan gorantz saltoa emoteko euskerearen aldeko komunidade aktiboak indartu nahi dira programeagaz. Erabilerearen aroan gagoz eta erronkak dira euskerearen aldeko jarrerea indartzea, hizkuntza ohituretan eragitea eta euskeraz biziteko aukerak zabaltzea.
Euskerearen aldeko tokian tokiko sarea zabaldu eta aberasteko asmoagaz, Euskerearen Kriseilua ekin jako Bilbon.
Euskerearen Kriseilua
Familien hizkuntza ohituren inguruko hausnarketea egin eta ohitura horreek euskerara hurbiltzea helburu dauen ariketa parte-hartzailea da. Etxeko hizkuntza ohiturek eta jarrerek sekulako eragina dabe euskerearen erabileran eta etxeko txikiei berau transmitiduteko ardurea danona da.
Euskerearen Kriseilua etxez etxe doa, eskolatik etxera, etxetik eskolara. Alkarri kriseilua pasau eta sua ez daitela amatau, ardurak konpartidu daiguzan. Kriseiluaren sua bezela, euskerea gure ahotan egon daiten, etxetik hasi behar dogulako.
Egitasmoaren bitartez tokiko familiak suaren jagole izatea nahi dau egitasmoak, euskera gehiago erabilteko konpromisoa hartzea euskerearen garra sekula amatau ez daiten.
Ekimenak 12 ikastetxe eta 496 ume hartzen ditu kontuan:
Ikastetxeak:
• Artxandape Ikastolea.
• CPI Pagasarribide IPI.
• Fray Juan Ikastetxea.
• Intxixu Ikastolea.
• Iruarteta BHI.
• San Ignazio Eskolea.
• Tiboli Eskolea.
• Uribarri Eskolea.
• Urretxindorra Ikastolea.
• Zazpilanda Eskolea.
• Zurbaran HLHI.
• Zurbaranbarri HLHI.
Azken buruan, Kriseiluaren bidez, euskerearen transmisino emozionala eta etxeko hizkuntza-ohituretan eragiteko aukerea zabaltzen dira, herriz herri, auzoz auzo, komunidadea aktibau eta erabilerarako sua biztuten lagunduz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
