Hizkuntza Eskubideen Behatokia eta Euskalgintzaren Kontseilua Bartzelonan izango dira
2026-10-22 11:35 Euskerea berbagaiHizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 30. urteurrenean.
Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria eta Manex Mantxola Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzailea Bartzelonako Udaleko Cróniques aretoan (Sant Jaume plaza, 1) izango dira bihar, hilak 23, arratsaldeko 18:30ean.
Adierazpena 1996an plazaratu eben hainbat eragilek eta adituk, CIEMENek eta PEN Catalàk bultzatuta. Nazinoarteko hizkuntza zuzenbidea eta hizkuntza eskubideak landu eta buztartu zituan lehenengo dokumentua izan zan. Legeari erreparauta loteslea ez dan arren (soft law deritzonaren barruan kokatzen da), Euskal Herrian be erreferente izan da herritarren hizkuntza-eskubideak babesteko.
Euskereak Euskal Herrian dauen legezko babesetik harago, Adierazpenean ezarritakoak izan dira oinarri Behatokiaren eta Kontseiluaren jardunean. Erakunde bi horreek euskeraz bizi nahi dabenen hizkuntza-eskubideen alde lan egiten dabe eta horregaitik ekitaldian egongo dira, hizkuntza gitxituetako herritarrek eta eragileek presino egitea beharrezkoa izango baita hurrengo hamarkadetan be.
Urteurren-ekitaldia Adierazpena barritzeko prozesuaren eta Nazino Batuen Erakundeak autortzeko egindako eskaerearen testuinguruan egingo da, izan be, Adierazpena barritzeko munduko hainbat aditu gaurtik batuta dagoz eta mundu osoko hizkuntza-komunidadeen ekarpenak aztertzen hasiko dira. Ekarpenak jasoteko epea abenduaren 31ra arte egongo da zabalik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
