XVII. 'Argia Ereiten' Euskera Sarirako hautagaitzak aurkezteko epea zabalik

Bizkaie! 2026-10-08 10:16   Euskerea berbagai

Datorren urriaren 20ra arte zabalik egongo da.

Igaz Bidean Erromeria taldeak irabazi eban. | Ikusi handiago | Argazki originala

Getxoko Udalak atonduta, lehiaketearen helburua da euskerearen gizarte erabilera babestu, sustatu eta zabaltzeko zereginetan nabarmendutako erakunde, alkarte edo persona fisiko nahiz juridikoak goraipatu eta autortzea.

Saria Ibon Garagarza eskultore getxotarraren lana da eta hori sariduna subertetan danari abenduan egingo dan ekitaldian emongo deutse.

Hautagaiak aurkezteko fitxea hemen edota posta elektronikoz euskara@getxo.eus helbidera edo WhatsAppez 688675345 zenbakira bialdu daiteke.

Aurreko sariak

  • Lehenengo edizinoko sariaren irabazlea Laura Lapeyra izan zan, Juan Bautista Zabala ikastetxeko Gurasoen Alkartean euskerearen erabilerearen alde egindako lanagaitik.
  • Bigarrena Bittor Egurrolarentzat izan zan, bizitza osoa hizkuntzea sustatzen ibilteagaitik.
  • Hirugarrena San Nikolas ikastoleak eroan eban bere 50. urteurrenean euskerazko heziketan egindako lanagaitik.
  • Laugarrena Nahikari Ayorentzat, udalerriko ikastetxeetan bertsolaritzearen alde egindako lanagaitik.
  • Bosgarrena Gobela Ikastoleak irabazi eban bere 50. urteurrenean.
  • Seigarrena Josu Esnaola eta Alfredo Lopez de Gereñu euskaltzaleentzat izan zan, euskerearen alde egindako lana eta zehatz udalerrian orain 20 urte baino gehiago martxan jarritako Berbalaguna autortzeko.
  • Zazpigarrena Goñi familiarentzat, Getxogaso gasolindegian egindako lanagaitik.
  • Zortzigarrena Getxo Aixerrota Boleibol Kirol Taldeari emon jakon bere kirol jardueran euskerea sustatzeagaitik.
  • Bederatzigarrena ALBErentzat 1980an sortu zanetik euskerearen eta euskal kulturearen alde egindako lanagaitik.
  • Hamargarrena Maren Goienaga Madariaga, C.D. Galea Senior A taldeko entrenatzailearentzat izan zan, klubaren barruan euskerea sustatzeagaitik.
  • Hamaikagarrena Victoria Bengoa, Josu Larrañaga eta Armando Llamosasentzat, toponimia ibilbideen diseinuan eta edukien lanketan egindakoagaitik.
  • Hamabigarrena Joserra Onaindiarentzat euskeraz biziteko jarrera nekaezinaigatik.
  • Hamahirugarrena Geroa ikastolarentzat, bere 50 urteko ibilbideko konpromisoa eta lana aUtortzeko.
  • Hamalaugarrena Haria euskal gazte aisialdi Alkartearentzat, nerabeentzako euskerazko jarduerak era boluntarioan atontzeagaitik.
  • Hamabostgarrena Tor magoak (Aitor Bilbao Beramendi) jaso eban saria, kulturan euskerearen erabilerea sustatzeko esparru barri bat, magiarena zabaltzeagaitik.
  • Igaz Bidean Erromeria taldeak interpretetan dauen euskal musikearen bidez gazteak euskal kulturara erakarteko egiten daben lanagaitik eta gizarte sareetan euskerearen erabilerea sustatzeagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu