Mungia GANDIK proiektura batu da 2026-2027 ikasturtean
2026-10-02 08:34 Euskerea berbagaiHerriko ikasle, merkatari eta alkarteen arteko hartu-emonak estutu eta tokiko merkataritzea sustatzeko.
Larramendi, Bentades eta IES Mungia ikastetxeek parte hartuko dabe proiektuan. Ikasleek tokiko merkatariakaz batera lan egingo dabe webguneak sortzeko, saltokien digitalizazinoan lagunduz eta, aldi berean, euren gaitasun digitalak joarratuz.
Ekimenak hiru helburu nagusi ditu: tokiko merkataritzearen digitalizazinoa, gazteen gaitasun digitalak lantzea eta, aldi berean, euskerearen presentzia digitala indartzea, ikasleek sortutako webguneak euskeraz sortuko baitira.
Aitatu ikastetxeetako ikasleek aukerea izango dabe tokiko merkataritzearen eta herriko eragileen errealidadea gertutik ezagutzeko, proiektu praktiko eta parte-hartzaile baten bidez. Danetara, herriko 15 saltokiren eta 9 alkarteren webguneak sortzeko modua izango dabe.
GANDIK Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Konsumo Sailak eta PUNTUEUS Fundazinoak sustatutako ekimena da eta helburu nagusi bi buztartzen ditu: tokiko merkataritzearen digitalizazinoan aurrera egitea eta gazteen gaitasun digitalak lantzea. 2025-2026 ikasturtean Portugaleten eta Beasainen izandako lehen esperientzia pilotuaren ondoren, Mungia, Laudio, Bergara eta Pasaiara zabalduko da orain proiektua.
Alderdi digitalaz harago, GANDIK Mungian martxan jarteak hezkuntza-komunidadearen eta herriko merkataritza eta alkarte-sarearen arteko beste topagune batzuk sortzeko aukerea eskainiko dau eta helburuak ikasleek herriko saltoki, alkarte eta bestelako eragileak gertutik ezagutzea da eta, aldi berean, horreek belaunaldi gazteakana hurbiltzea dira.
Holan, proiektua lankidetza puntualetik harago joango da, alkar ezagutzea, ezagutzak konpartidutea eta loturak estutzea, gazteek Mungiagaz dituen hartu-emonak sendotuz eta herriko arloen arteko sinergiak sustatuz.
Proiektuaren barruan, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek, irakasleen gidaritzapean eta PUNTUEUSen laguntzeagaz, parte hartzen daben saltokientzako webguneak sortuko ditue. Fase horretan parte hartuko daben udalerrietako bakotxean, batez beste, 100 ikasle eta 15 merkatari inguru ibiliko dira. Saltokiek ez dabe ezagutza teknikorik izan beharko, ikasleak arduratuko baitira webguneak sortzeaz. Gainera, webgune bakotxak dobako .EUS domeinua eta zerbitzaria izango ditu urtebetez eta merkatariek prestaerea jasoko dabe ondoren euren webgunea modu autonomoan kudeatu ahal izateko.
Euskerea eta digitalizazinoa
GANDIK proiektuaren beste ardatzetako bat euskereak ingurune digitalean dauen presentzia indartzea da. Proiektuaren barruan sortutako webgune guztiak gitxienez euskeraz egongo dira, nahiz eta saltoki bakotxak beste hizkuntza batzuk gehitu ahal izango dituan bere beharren arabera.
Igazko ikasturtean landutako esperientzia pilotuari esker, Portugaleteko 18 saltokiren eta Beasaingo 12 saltokiren webguneak sortu ziran. Emoitza digitalaz gan, ekimenak ikasleei euren herrietako merkataritzea hobeto ezagutzeko aukerea emon eutsen eta merkatariak eta ikasleak alkarrengana hurbildu zituan konpartidutako esperientzia baten bidez.
Mungia proiektura batuta, GANDIKek beste pausu bat emongo dau norabide horretan, digitalizazinoa gazteen eta merkataritzearen arteko hartu-emonak sendotzeko tresnea baita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
