Euskerearen Ahotsak, gizarteari entzuteko eta euskereagaz dituan hartu-emonak hobeto ulertzeko prozesua martxan

Bizkaie! 2026-10-01 12:30   Euskerea berbagai

'Jauzia Gara' ekimeneko prozesuak 600 alkarrizketa eta 12 talde izango ditu.

Eusko Jaurlaritzeak Euskerearen Ahotsak, gizarteak euskereagaz dituan hartu-emonak zelan bizi dituan hobeto ulertzea helburu dauen entzute sozialeko prozesua jarri dau martxan. Jauzia Gara ekimenaren, euskerearen erabileran jauzi edo salto kualitatibo baterantz aurrera egiteko Eusko Jaurlaritzeak sustatutako lan-esparruaren, parte da.

Aurkezpena Bilboko Euskal Museoan egin da, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua buru dala. Sailburuagaz batera izan dira Ikertalderen eta Osoigoren ordezkariak, Mikel Agirre eta Miren Olasagasti, hurranez hurran, garapen metodologikoaren arduradunak.

Lehendakariordeak adierazo dau entzute sozialeko prozesu horren helburua dala gizartearen ardurak, esperientziak eta desioak hobeto ulertzea, politikeak hobeto bideratzeko. Alde horretatik, prozesu horrek errealidadearen argazki zehatzagoa eskainiko dauela azaldu dau: icebergaren puntea ikusten dogu baina azpian zer dagoan jakin nahi dogu, izan be, euskerearen etorkizuna ez dogu euskerea egunero bizi dogunon artean bakarrik eregiko, ezta euskerearen inguruan lan egiten dogunon artean ere. Gizarte osoaren ahotsa behar dogu.

Profesionalen taldeak prozesuaren metodologia azaldu dau. Banakako 600 alkarrizketa eta 12 talde bateratuko ditu eta profilen hautaketea nahitakoa eta interaktiboa izango da. Kaptazinoa hainbat kanalen bidez egingo da, profil eta ibilbide soziolinguistikoen aniztasun zabala izateko. Ikerketeak euskerearen aurreko hartu-emonak eregiteko oinarria diran bost arlo handiri eskainiko deutsee arreta: erakundeak eta aktibismoak; transmisinoa eta sozializazinoa; erabilera soziala; eremu sozioekonomikoa; eta eremu sinboliko eta digitala. Alkarrizketen bidez esperientzia personalak sakon ezagutu ahal izango dira eta talde fokalek, barriz, diskurso kolektiboak, akordioak, desbardintasunak eta gizarte-interakzinoa identifiketako aukerea emongo dabe.

Landa-lana 2027ko zezeilera arte egingo da eta, ondoren, analisi eta interpretazino-fasea hasiko da. Prozesua 2027ko garagarrilean amaitzea aurreikusten da.

Helburua izango da esperientzien eta narratiben mapea eregitea, errealidade soziala hobeto ulertzeko eta tensinoak, zailtasunak eta trabak ez eze, euskerearen inguruko topaguneak eta aukerak be antzemoteko.

Euskerearen Ahotsak Jauzia Gara prozesuaren piezetako bat da. Prozesuak euskerearen erabileran aurrera egiteko beharra planteetan dau, politika publikoak eta gizartearen inplikazinoa buztartuz eta, aldi berean, hizkuntzearen dimensino emozionalean be jarten dau arretea.

Emoitzak txosten sintetiko batean, laburpen-argitalpen batean eta hainbat sozializazino-materialetan jasoko dira, prozesuan sortutako ezagutzak gizarteari bueltetako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu