Jon Sarasua euskaltzain oso izentau dau Euskaltzaindiak
2026-09-25 12:22 Euskerea berbagaiEuskaltzain osoek botazinoa egin dabe Mikel Zalbide emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea beteteko.
Gogoratu behar da Mikel Zalbide emeritu izatera igaro zala maiatzaren 9an, 75 urte bete baitzituan egun horretan Donostiako hizkuntzalariak, eta hilebete horretan bertan zabaldu zan hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra (hain zuzen, Jon Sarasua) aurkeztu eben euskaltzainek garagarrileko osoko bilkuran eta gaur izentau dabe euskaltzain oso.
Orain, zortzi hilebeteko aldia izango dau euskaltzain oso barriak sarrera-hitzaldia prestetako, eta epe berdana izango dau erantzunezko idazkia egin behar dauen euskaltzainak berea prestetako. Aurrerago sarrera-ekitaldia egingo da.
Jon Sarasua Maritxalar Aretxabaletan jaio zen, 1966ko apirilaren 13an.
Mondragon Unibersidadeko irakasle eta ikertzailea da. Hezkuntzan ibilbide luzea eta agirikoa egin dau, irakasle, prestatzaile eta irakaskuntzarako euskerazko material sorkuntzearen zein egokitzapenaren eremuan.
Euskal Herriko Unibersidadean (EHU) Informazino Zientzietan doktorea, 28 urtez jarraian irakasle titular izan da Mondragon Unibersidadean (1998-2026). Era berean, HUHEZI fakultadeko Gizarte Zientzien Saileko zuzendaria izan zan 1999tik 2002ra, eta HUHEZI fakultadeko Komunikazino Saileko zuzendaria 2003tik 2005era.
Kooperatibagintza arloan, munduko ekonomia sozialaren arloan, munduko hizkuntza gitxituen arloan eta euskal kulturgintzearen arloan hainbat graduondoko eta masterren sustatzailea izan da Sarasua, 2007. urtetik 2026ra, eta Garabide alkarteko zuzendaritza-taldeko kidea da, 2006tik.
Dozenatik gora liburu eta ehunka artikulu argitaratu ditu bakarka edo alkarlanean.
Euskaltzaindiak urgazle izentau eban 2021eko zemendian. Akademiaren Sustape Batzordeko kidea da 2021etik, eta Euskerearen Gogoetagunearen koordinatzailea 2022tik aurrera. Mintzola proiektuaren zuzendaria be bada, Eñaut Agirregaz batera 2022tik aurrera, eta Herri-kulturgintzeari buruzko ikerketa proiektuaren eratzaile eta haren arduraduna 2025etik.
1918tik 2026ra, 102 euskaltzain oso
Ehun eta bi euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Akademiak izentau dituanak. Gaur egun, 24 euskaltzain osoz eta 13 euskaltzain emerituz osotua da Euskaltzaindia. Hona hemen gaur egungo euskaltzain osoen zerrendea (danetara, hogeita lau: 13 gizonezko eta 11 emakumezko): Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Sagrario Aleman, Irene Arrarats, Miren Azkarate, Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Jean-Baptiste Coyos,
Jon Casenave, Asun Garikano, Roberto González de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Miren Agur Meabe, Alfontso Mujika, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Jon Sarasua, Castillo Suárez, Pello Salaburu, Ana Toledo, Andres Urrutia eta Miriam Urkia.
Eta ondokoak dira egungo emerituen izenak (danetara, 13): Andres Alberdi, Jean- Louis Davant, Patxi Goenaga, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Beñat Oihartzabal, Andoni Sagarna, Ibon Sarasola, Patxi Uribarren, Xarles Videgain, Mikel Zalbide eta Patxi Zabaleta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
