Euskerea ikastea doban izan daiteke Abanto Zierbenan
2026-09-30 11:30 Euskerea berbagaiUrriaren 1etik 22ra eskatu daitekez 2025-2026 ikasturterako bekak.
Abanto Zierbenako Udalak datorren eguenean, urriaren 1ean, zabalduko dau 2025-2026 ikasturteko euskera-bekak eskatzeko epea. Laguntza horreek HABEk homologautako euskaltegi bateko matrikulan persona bakotxak pagautako zenbatekoaren % 100erainokoak izango dira.
Eskaerak urriaren 22ra arte aurkeztu daitekez. Iñaki Urrutia del Cura alkateak eta Alazne Zenekorta Gizarte Ekintza, Bardintasun eta Euskera arloetako zinegotzi delegatuak gaur aurkeztu dabe deialdia, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
Euskerea guztiona da, eta ikasteko aukerea ezin da familia bakotxaren egoera ekonomikoaren araberakoa izan. Euskera bizia nahi dogu, kalean, lanean eta etxean erabiliko dana; eta horretarako, ikasteko ahalegina egiten dabenei lagundu behar deutsegu. Horregatik, beka honek matrikulearen kostu osoa bermatu leike, adierazo dau alkateak.
Bekak 2025-2026 ikasturtean euskerea ikasi eta deialdiko baldintzak beteten dituen personei zuzenduta dagoz. Ikasturte osoan Abanto Zierbenan erroldauta egon eta 2026an 16 urte bete behar ditue. Horrezaz gan, HABEk homologautako euskaltegi batean ikasi behar izan dabe, eskolen % 90ean gitxienez parte hartu (% 100ean, barnetegien kasuan) eta ikasturtea gainditu edo behar bezela aprobetxau dabela egiaztatu. Era berean, zerga-betebeharrak egunean izan behar ditue, baita Gizarte Segurantzaren eta Udalaren aurreko betebeharrak be.
Aurkeztu beharreko agiriak
Eskaera normalizaduagaz batera, agiri honeek aurkeztu beharko dira:
• Matrikula osoa ordaindu izanaren egiaztagiriak.
• Euskaltegiaren bertaratze-ziurtagiria, emondako eta jasotako eskola-orduak zehaztuta. Barnetegien kasuan, ostatu eta mantenu-gastuak irakaskuntza-gastuetatik bereizi behar dira.
• Euskaltegiak emondako aprobetxamendu-txostena.
• Ogasunaren eta Gizarte Segurantzareen aurreko betebeharrak egunean dituala adierazoten dauen erantzukizunpeko adierazpena; edo, Udalari datu horrek egiaztatzeko baimenik emoten ez bajako, hori frogatzen daben jatorrizko agiriak.
Deialdiari buruzko informazino guztia www.abanto-zierbena.eus webgunean konsultau daiteke.
Informazino gehiago behar izan ezkero, Euskera Zerbitzuagaz jar daiteke hartu-emonetan 946
362 000 telefonoan (152 luzapena) edo euskara@abanto-zierbena.eus helbidean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
