Komiki baten batu dabe Euskaltzaindiaren historia
2019-09-27 08:02 Euskerea berbagaiJuan Luis Zabalak idatzi dau, eta marrazkiak Amaia Ballesterosek egin ditu.
Euskaltzaindiaren mendeurrena dala eta, Noticias komunikazino-taldeak komikia argitaratu dau, Eroskiren babesagaz, Akademiaren historia marrazkien bidez kontetako. Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna izenburuko lana urriaren 6an salduko dabe, Noticiaseko egunkariakaz batera.
Juan Luis Zabala kazetari eta idazleak egin dau komikiaren gidoia. Ondoren, Amaia Ballesterosek biñetetako marrazkiak egin ditu. Emoitzea, 72 orrialde eta azal gogorreko liburua da, koloretan. Euskaltzaindiaren ehun urteko historia luze eta gorabeheratsua kontetea erronkea izan da Zabalarentzat. Maminari uko egin barik, historia ahalik eta modu atsegin eta entretenigarrienean kontetan ahalegindu naz, adierazo dau.
Amaia Ballesterosen erronkea be ez da makala izan, Akademia baten inguruko komikiari ze kolore eta forma emon erabagi behar izan dau eta. Liburuaren aurkezpenean Ballesterosek berak azaldu dauenez, ikutu futuristea emotea adostu dau Zabalagaz, Blade Runner filmekoaren antzekoa. Nire marrazkiak eta ilustrazinoak oso koloretsuak dira, bizi pixka bat emon behar jakon komikiari, eta ez da beti erraza izan, dino Ballesterosek.
Pertsonaia asko agertzen dira liburuan, baina batzuk aspaldikoak dira, eta ez dago hareen irudirik, edo argazki bakarrak zuri-baltzean dira. Horrek dakarren zailtasunaren barri emoteko, pasadizo bat kontau dau Ballesterosek: XX. mendearen hasierako argazki guztiak zuri-baltzezkoak ziran, eta ia komikiaren amaieran enterau nintzan Azkue ulegorria zala!.
Kontuak kontu, komikia sortzeko orduan oso ondo konpondu dira Zabala eta Ballesteros. Lan garrantzitsua izan da, gozetakoa, eta ganera asko ikasi dot. Ohore handia izan da niretzat maite dodan hizkuntzearen akademiaren historia marraztea, adierazo dau Ballesterosek.
Komikiaren formatuari esker, Euskaltzaindiaz gizarteak daukan irudia aldatuko dalakoan dago Zabala: Euskaldun askok Euskaltzaindia erakunde zaharkitutzat dabe, bildur moduko bat deutsiela begitantzen jat, hiztunak epaitu eta zigortzeko erakundea balitz lez. Komikiak ikuspegi hori aldatzen laguntzea nahi neuke, erakutsiz Euskaltzaindia euskaldunoi laguntzeko sortua dala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!