Euskerazko 18 proposamen plazaratuko ditue Da! Pro topaketan
2025-11-04 13:39 Euskerea berbagaiZemendiaren 25ean eta 26an izango da topaketa profesionala.
IIX. Da! Pro topaketea zemendiaren 25ean eta 26an atondu dabe, Durangoko Azokearen atarian. Musika eta familia ikuskizunak eskaintzen dituan sektoreko sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen arteko alkargunea izango da.
Hamazortzi sortzaile izango dira guztira: zortzi familia-ikuskizun eta hamar musika proiektu. Orain, zemendiaren 21era arte programatzaileek izango dabe izena emoteko aukerea (hemen). BBK Fundazinoa da ekimenaren babesle nagusia eta Gerediaga Alkarteak, Musika Bulegoak, Berbaro Alkarteak eta Bizenta Mogel Bibliotekeak be lagunduko dabe.
Topaketan, euskeraz jarduten daben sortzaileak egongo dira euren proposamenak aurkezten. Aurrean, ikusten eta aztertzen, ekitaldiak programau behar izaten dituen kultura zein euskera teknikariak, liburutegietako dinamizatzaileak eta jaien atontzaileak egongo dira. Zuzeneko hartu-emon horreen bidez helburu bi lortu gura ditue Da! Pro topaketearen bultzatzaileek: kulturgileen lana Euskal Herrian zehar zabaltzea eta kultur programazinoa euskerazko ekitaldiakaz hornidutea.
Beñat Gaztelurrutiak, Gerediaga Alkarteko kide eta Durangoko Azokako Koordinatzaileak, ondokoa adierazo dau: kulturea jasotea gizarteari bueltan emotea da, baita euskerea indartzeko bidea be.
Jasotako proposamenak katalogo bitan txertatu eta programatzaileen esku itxiko dira. Musikearen inguruko topaketea Musika Bulegoak atonduko dau eta familia ikuskizunen arlokoa, barriz, Berbaro Alkarteak.
Familia ikuskizunak
Familia ikuskizunen Da! Pro zemendiaren 25ean egingo da, goizeko 9:00etatik aurrera, Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan.
Itxasne Arabiourrutia Berbaro Alkarteko kideak adierazo dauanez: bertara hurreratzen diran sortzaileak euren proposamenak gertutik ezagutzeko aukerea izateaz gan, galderak egiteko tartea eta katalogoa jasoteko aukerea izango dabe.
Ondoko honeek dira zortzi proposamenak:
- Oñatiko Algaraz Ikuskizun Alkartea: Potx eta Lotx Lagunekin topa!.
- Josan Aramayo: Kanutoren Anaia.
- Lanku: Txepeldunak haurrentzako bertso antzerkia.
- Lanku: Teilatupean.
- Lanku: Bertso garbitzailearena.
- Talde Sormena (Grama Kolektiboa): Erresinolaren Kantua.
- Euskal Barrok Ensemble: Xirribit.
- Zurrunka Teatro: Pulcinella Txio-Txinela.
Proposamenak oso interesgarriak dira eta programatzaile guztiei topaketan parte-hartu deien konbidetan ditugu. Aukera parebakoa izango dabe sortzaileekaz zuzenean egoteko, euren proposamenak gertutik ikusi eta etorkizuneko lankidetza aukerak esploretako, gehitu dau Arabiourrutiak.
Musika proiektuak
Hurrengo egunean musika proiektuen txandea izango da, Plateruena Aretoan. Da Pro Musika, sortzaile eta programatzaileen arteko topagune bezela, ezinbesteko tresna konbertidu da gure musika sektorean. Gerediaga Alkarteagaz dogun lankidetzeak aukerea emoten deusku Durangoko Azokea erreferentziako plataformea izaten jarraiteko, baita musikeari ikusgarritasuna emoteko be, azpimarratu dau Maddi Arana Musika Bulegoko kudeatzaileak.
Hainbat proposamen jaso ditue aurtengo edizinoan parte-hartzeko. Horreetatik hamar aukeratu ditue: Sueder, Sara Zozaya, Gartxot, Jonkass, Hondora, Ilargi, Maialen Ibarra, Uxue Kerejeta, Euskal Barrok Ensemble eta Maider.
Aurton jaso ditugun proposamenek erakusten dabe gure musikearen aniztasuna eta osasuna: proiektuen % 74 euskeraz dira, % 53 emakumeek aurkeztu ditue eta % 68 gazteenak dira. Belaunaldi barriak eta emakumeak gero eta presentzia handiagoa dabe gure musikearen etorkizunean, adierazo dau Aranak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
