Euskera Ikerketa Aldizkariaren bigarren zenbakia argitaratu dabe
2025-10-31 08:31 Euskerea berbagaiZortzi ikerketa-artikulu, ohar bi eta liburu-aitamen bi batuz.
 
    			
		Euskaltzaindiak Euskera Ikerketa Aldizkariaren 2025eko bigarren zenbakia argitaratu dau (2025. urteko lehenengo zenbakia apirilean plazaratu zan). Halanda ze, Euskera Ikerketa Aldizkaria 2025, 70, 2. Zortzi ikerketa-artikulu, ohar bi eta liburu-aitamen bi batzen ditu zenbakiak. 
Gai ugari jorratzen dira: hizkuntza-politikan demolinguistikea ezartzeak egin leikezan ekarpenak; 1940tik egundainoko poesiaren argi-itzalak; Nafarroa Behereko (Ortzaize) noketearen gastua; eta Lapurdiko eta inguruko gazteen ahozko euskera informala. Horreezaz gan, euskal berben erritmoa jorratu dauen azterlana be badakar argitalpenak, baita Lehen Hezkuntzeari begira atondutako beste lan bi be: bata, aisialdi atondua eta euskerearen berba informala buztartu dituana, eta bestea, lagunarteko berbakerea ikastolako langaitzat hartu dauen ikerketea. Etnolinguistikeari be leku emon deutso zenbakiak, hilabeteei buruzko artikulua jasoz.
Oharrak atalean, Ander Manterola bizkaitar etnografoaren ibilbidea eta hizkuntza menperatuen gainean, katalanaren ikuspegitik, eginiko hausnarketa ironikoa dago; eta, liburu-aitamenetan, batetik aragoierearen egoeraz, eta bestetik, termodinamika literaturan inplementeteak ekarri leiken onuraz gogoetea egin da.
Kontuak kontu, ondoko ikertzaileek parte hartu dabe: Amande Anin, Christian Malmose, Virginie Boillet, Katixa Dolhare, Odei Guirado, Ana Jaunarena, Maddi Ormazabal, Ane Berro, Irene Delacruz-Pavía, Maddi Kintana, Idurre Alonso, Aritz Bereziartua, Jon Mentxakatorre, Xabier Lasa, Kepa Diéguez, Joan A. Argenter, Jon Mentxakatorre, Jon Artza eta Andres Urrutia. 
Euskera Ikerketa Aldizkaria
Euskera Ikerketa Aldizkariak zenbaki bi argitaratzen ditu urtero: lehena udabarrian (urtarrila-bagila aldiari jagokona) eta bigarrena irailean edo urrian (garagarrila-abendua aldikoa). Ikerketa-artikuluak argitaratzeko, Idazketa Batzordeak, anonimotasuna bermatuz, kanpo ebaluatzaileen eretxia jasoten dau Peer Review itsu bikotxa sistemea erabiliz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

 
 
