Berbalagunek ‘Euskara ZU zara’ goiburuari eutsiko deutso aurten

Bizkaie! 2025-10-15 08:07   Euskerea berbagai

Talde guztietan egongo dira bidelagunak eta bidelariak.

Bermeoko Udaleko Euskera Sailak, herriko euskaltegiakaz alkarlanean, Berbalagun martxan jarri dau. Iker Bilbao San Nicolas Euskera zinegotziak nabarmendu dauenez, Berbalagun egitasmoak lagunartean, euskeraz berba egiteko eta praktiketako aukerak emoten ditu, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo, Berbalagunen parte hartzen dabenek, lagunartean euskeraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dabe, eta erraztasuna hartzen dabe egunerokotasunean euskerea erabilteko.

Berbalagun egitasmoko dinamizatzaile Marimar Hernandezek azaldu dau igazko goiburuari eutsiko deutsela: Euskara ZU zara. Azaldu auenez, norbanakoek euskaldunon komunidadea osotzeko daben garrantzia zpimarratzen jarraitu nahi da eta berbapraktika-programetako parte-hartzaileen zeregina: egunero hizkuntzan trebatzen garen, praktiketan dogun eta euskeraz bizi garen guztiok euskaldunon sarea osotzen dogu; eta horren aldeko jarrera aktiboa dogunean, euskerea gara danok; berba-praktika programetan ez dago ez zahar ez barri, ez hango ez hemengo. Berbalagun taldeetan euskeraz gustora eta lasai, euskaldunon familia indartzen eta zabaltzen da nabarmendu dau. Eta, hain zuzen be, idea hori islatu dabe, aurtengo kanpainarako sortutako bideoan.

Asteroko taldeak martxan

Bermeon hainbat Berbalagun talde dagoz:

  • Martitzenetan, 12:30etik 13:30era, Lameran.
  • Martitzenetan, 18:30etik 19:30era, Lameran.
  • Barikuetan, 17:00etatik 18:00etara, Lameran.

Taldeak astean behin batzen dira, ordubetez, kalean euskeraz biziteko.

Hiru talde horreez gan, beste talde batzuk sortzea espero dot zehaztu dau Hernandezek. Talde guztietan egongo dira bidelagunak eta bidelariak, astean ordubetez euskerea eroso praktiketako. Gogoratu dauenez, Berbalagun egitasmoan edozeinek parte hartu leike, praktikearen bidez euskerea hobetu gura dauenak edo euskeraz biziteko aukera gehiagoren bila dabilenak; 5-6 laguneko taldeak izaten dira eta horreek osotzeko kontuan hartzen dira parte-hartzaileen ordutegiak, edade eta zaletasunak, parte-hartzaileek erabagiten dabe non eta noiz batu, beti bere, lagun giroan.

Horrezaz gan, zaletasunen araberako taldeak be batuko dira, esaterako, inguruetatik oinez ibilteko talde bat dago, hilean behin batuko dana, eta lehenengo ibilaldia urriaren 25ean izango da. Beste talde bat, barriz, jantza errazak praktiketako batuko da, eguaztenetan, 18:30ean, Gizarte eta Kultura Etxean.

Aurten, aparteko ahalegina egingo dabe ikastetxeetan, familiak Berbalagun taldeetara erakarrita, eta udalerriko alkarteak be animetan ditue egitasmo honetan parte hartu deien.

Bestalde, Gurasolagunentzako ekintzak be egongo dira, familian be euskeraz egiteko ohiturea bultzatzeko. Udagoienean, Tertanga etxean, Amurrion, gurasolagunentzako astegoienak eskaintzen ditue, urriaren 18an eta 19an eta zemendiaren 8an eta 9an.

Berbalagunentzat eta ez diranentzat, Berbalagun lehiaketakaz jarraituko dabe: udagoienekoa abenduan, negukoa martian eta udabarrikoa bagilean: orain arte ehunka lagunek parte hartu dabe eta oso eskertuta gagoz hain harrera onagaz, adierazo dau Hernandezek.

Eta, zelan ez, ikasturtean zehar, beste ekintza batzuk atondu ditue: ibiladiak, berbaldiak, tailerrak eta holakoak. Herritarren proposamen guztiak ondoetorriak dira. Parte-hartzea doban da bai taldeetan eta baita ekintzetan, eta kide guztiek deskontu zein saritxoak eskuratu lekiez: Izena emon hemen

607 609 580 telefono zenbakira idaztea be badago aukeran. Informazino gehiago hemen.
Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk nabarmendu dauenez, Berbalagunen parte hartzeko euskeraz berba egiteko gogoa baino ez da behar, euskerea ikasten dabizenentzat eta euskeraz normalean berba egiten dabenentzat be zuzenduta baitago. Horregaitik, euskeraz egiteko gogoa daben persona guztiei, bai Berbalagun egitasmoan bai ekintza osogarrietan, parte hartzeko dei egin dau Bermeon euskeraz biziteko aukera ezin hobea baita. Euskerea norbera da, euskera zu zara!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu