Irene Arrarats euskaltzain oso izateko hautagaia

Bizkaie! 2025-11-03 09:31   Euskerea berbagai

Zemendiaren 28an jakingo da Andres Alberdi euskaltzain emerituaren lekua hartuko dauen ala ez.

Irene Arrarats eta Andoni Sagarna. | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan egindako Osoko bilkuran, izen bakarra aurkeztu da euskaltzain oso izateko hautagai, hain zuzen be, Irene Arrarats itzultzaile, zuzentzaile eta euskaltzain urgazlearena. Gogoratu behar da Andres Alberdi emeritu izateko hautagi izentau ebela garagarrilaren 1ean, izan be, 75 urte bete eban Getariako hizkuntzalariak.

Beraz, Akademiaren arautegiak agintzen dauen moduan eta euskaltzain oso eta emerituen botoen nagusitasuna lortu ezkero, zemendiaren 28ko Osoko bilkuran egingo dan botazinoan jakingo da Andres Alberdiren lekua Irene Arraratsek hartuko dauela.

Irene Arrarats Lizeaga (Hernani, 1967)

Geografia eta Historian lizentziadu zan, Deustuko Unibersidadean. Haren ibilbide profesionalean, euskerazko prosa lantzeari ekin deutso hasieratik, kazetaritzako idazkuntzea lantzeari batez be eta arlo horretan dabil oraindino. Euskaldunon Egunkarian ibili zan 1991tik 2003ra arte, estilo-zuzentzaile eta itzultzaile lehenengo eta euskera-arduradun gero. 2003an bertan hasi zan euskera-arduradun Berria egunkarian eta horretan dabil ordutik. 2001ean argitaratutako Egunkariaren azken estilo-liburuaren egileetako bat izan zan eta orain Berriaren estilo-liburuaren zuzendaria da. Era berean, hizkuntzeari buruzko Ezer ez eta festa podcastaren egileetako bat da.

Euskaltzaindiagaz be hartu-emon handiak izan ditu Arraratsek 2007tik eta hainbat batzordetan ibilten da: Hiztegi Batuko lantaldean (2007-2017), Exonomastika batzordean (2009-), Euskaltzaindiaren Hiztegia lantaldean (2017-) eta Euskera Batuaren Eskuliburuaren Batzordean (2017-). Akademiak euskaltzain urgazle izentau eban 2018an.

Irene Arraratsek feminismoa eta euskerea buztartu ditu haren ekarpen teorikoetan. Itzultzaile be ibilten da, eta, besteak beste, harek euskeratuak dira Monique Wittigen Pentsamendu heterozuzena (2017, beste batzuekaz batera), Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakerea (2019), Nancy Fraserren Kapitalaren lantegi ezkutuak: mapa bat ezkerrarentzat (2021, beste batzuekaz batera), Marjane Satrapiren Persepolis komikia (2023) eta Atef Abu Saiden Gazako egunerokoa lekukotasun-liburua (2024). 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu