Eusko Jaurlaritzeak III. Euskal Mundu Biltzarra – From Basque to the World aurkeztu dau

Bizkaie! 2026-06-12 07:35   Euskerea berbagai

Euskerearen eta hizkuntza gitxituen etorkizunari buruz hausnartzeko nazinoarteko gunea.

Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak III. Euskal Mundu Biltzarra – From Basque to the World aurkeztu dau. Nazinoarteko topaketa horrek 2027ko urriaren 20, 21 eta 22an munduko hainbat lekutako ikertzaileak, profesionalak, erakundeetako ordezkariak, gizarte-eragileak eta hizkuntza-komunitateak bilduko ditu Bilbon, euskararen eta hizkuntza gutxituen etorkizunari buruz hausnartzeko.

Ekimena Jauzia Gara lelopean kokatzen da, Eusko Jaurlaritzeak euskerearen bizibarritzean beste etapa bat edegiteko eta bere erabilera sozialean aurrera egiteko bultzatutako proposamenean. Aurkezpenean, Bengoetxeak nabarmendu dauenez, euskerearen etorkizuna ez da ezagutzan bakarrik jokatzen baita erabileran, motibazinoan eta personen eguneroko bizitzan hartzen dauen lekuan be jokatzen da.

Aurkezpenean Hizkuntza Politikarako sailburuorde Aitor Aldasorok eta Biltzarreko batzorde zientifikoko kide Jasone Cenozek hartu dabe parte. Ekitaldian, batzorde horretako hainbat kide izan dira. Batzordea soziolinguistika, hezkuntza, kultura eta hizkuntza-politikea lako esparrutan ospe handiko adituek osotzen dabe.

Etorkizuna pentsetako nazinoarteko gunea

III. Euskal Mundu Biltzarrak 1956 eta 1987ko biltzar garrantzitsuen tradizinoa berreskuratzen dau, XXI. mendeko erronketara egokituz. Biltzarra euskerearen eta hizkuntza gitxituen orainari eta etorkizunari buruzko topaketarako, hausnarketarako eta alkarrizketarako nazinoarteko gune bat sortzeko helburuagaz sortu da, globalizazinoak, digitalizazinoak, adimen artifizialak, giza mobikortasunak eta aniztasun sozial eta kultural gero eta handiagoak markautako testuinguruan.

Gure etorkizuna munduagaz batera eregi nahi dogu, beste hizkuntza-komunidade batzuetatik ikasiz eta euskal esperientzia konpartiduz. Hori da From Basque to the World leloaren esentzia, adierazo dau lehendakariordeak.

Biltzarrak hizkuntza-komunidadeek dituen erronka nagusiei helduko deutse, lau hausnarketa-esparru nagusitatik begiratuta:

  • Erakunde-lidergoa eta proiekzio globala.
  • Gizarte-kohesioa eta ongizatea.
  • Kultura, sorkuntza eta komunitatea.
  • Teknologia eta berrikuntza.

Euskerearen etorkizunaz berba egitea kohesino sozialaz, kulturaz, barrikuntzaz eta komunidadeaz be berba egitea da, nabarmendu dau Bengoetxeak.

Euskal AE, nazioarteko topagunea

Hiru egunetan, Bilbo mundu osoko ikertzaileen, erakundeetako arduradunen, profesionalen, gizarte-eragileen eta hizkuntza-komunidadeetako ordezkarien arteko ezagutza eta esperientziak trukatzeko gune bihurtuko da.

Helburua da ikaskuntzak konpartidutea, danon erronkak identifiketea eta hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntzen bizibarritzea indartzen lagunduko daben lankidetza-bide barriak aztertzea.

Kontuak kontu, arlo akademikotik harago doan ekarpen soziala egin nahi da. Nazinoarteko ezagutzeagaz eta esperientziakaz batera, gizarte, kultura eta hezkuntza-eragileen ekarpenak jasoko ditu, datozen hamarkadetan euskerea indartzen jarraitzea ahalbidetuko daben gakoak identifiketan laguntzeko.

III. Euskal Mundu Biltzarraren aurkezpenagaz batera, Eusko Jaurlaritzeak Biltzarraren webgune ofiziala aktibau dau, frombasquetotheworld.euskadi.eus. Bertan, topaketeari buruzko informazino guztia konsultau ahal izango da: edukiak, batzordeak, parte-hartzaileak, hizlari nagusiak, nobedadeak eta egutegia.

Era berean, komunikazinoen eta posterren nazinoarteko deialdia edegi da, euskereagaz, hizkuntza gitxituakaz eta hizkuntza-aniztasunagaz lotutako ikerketak, esperientziak eta ekimenak partekatzeko interesa daben ikertzaile, profesional, erakunde-arduradun, gizarte-eragile eta hizkuntza-komunidadeetako ordezkarientzat. Epea: 2026ko irailaren 14ra arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu