Mikel Zalbide Euskaltzain Osoa emeritu bihurtu da
2026-06-01 10:52 Euskerea berbagaiHizkuntzalariak 75 urte bete zituen maiatzaren 9an eta, beraz, euskaltzain emeritu bilakatu da.
Bagileko eta garagarrileko osoko bilkuretan aurkeztu leikiez euskaltzain osoek Mikel Zalbideren lekua beteteko proposamenak, eta hirugarren bilkuran egingo da hautaketea, hain zuzen, irailean Iruñean egingo dan bilkuran. Jakina danez, euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dabe. Proposamenaz batera, hautagaiaren merezimenduak aitatu behar dira xehero.
Mikel Zalbide Donostian (Gipuzkoa) jaio zan, 1951ko maiatzaren 9an. Oinarrizko ikasketak Donostian bertan egin ondoren, Goi Mailako Industria Injinerutza ikasketak egin zituan Nafarroako Unibersidadean. Era berean, 1972an Euskaltzaindiaren D irakasle titulua eskuratu eban.
Zalbide goiz hasi zan euskalgintzan eragiten eta euskereak bete barik zituan arloak horniduten jardun dau urte luzez.
1979-1980 artean, Euskadiko Kontseilu Nagusiak eta Bilboko (gero, Euskal Herriko) Unibersidadeak sortutako bitariko batzordearen kide izan zan. Unibersidade arloko hizkuntzea normaltzea bideratzeko azpibatzordea sortu eban bertan, eta lantalde horren arduradun izan zan. 1972-1973 ikasturtean, Andoni Sagarnagaz eta beste hainbat lagun tarteko zirala, Elhuyar Kultur Taldearen eta Elhuyar (1974) aldizkariaren sortzaile kidea izan zan. Ondoren, Udako Euskal Unibersidadearen atontzaile izan zen hainbat urtez. Eusko Ikaskuntzako kide be bada.
1978-1981 artean, Joseba Intxausti buru eban UZEIren zientzia eta tekniken arloko hiztegigintzearen arduradun izan zan: fisika, kimika, matematika eta bestelakoetan, besteak beste, UZEIren lexikografia eredua sistematizeteaz arduratu zan.
Eusko Jaurlaritzako Euskerearen Aholku Batzordearen kide izan da 1982-1990, 1997-2001 eta 2005-2009 artean.
1981-2014 tartean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa Sailean ibili zan lanean, Euskera Zerbitzuaren buru legez. 2014an hartu eban erretiroa.
Euskaltzaindiaren barruan be lan eskerga egin dau hizkuntzalari donostiarrak. Holan, Akademiak euskaltzain urgazle izentau eban 1983ko apirilaren 28an, eta euskaltzain oso 2006ko apirilaren 27an (Pedagogoa batzar nagusietan, Hizkuntzen azterbideak Iturriagaren argitan izeneko sarrera-hitzaldia irakurri eban Donostian, 2007ko apirilaren 2an). 1976tik, Euskaltzaindian hiztegigintzan (matematika, maileguzko hitzak, LEF) eta Jagon Sailean ibili da bereziki. 2007tik aurrera, soziolinguistika historikoaren arloa lantzen dauen Joanes Etxeberri egitasmora (Euskararen Historia Soziala) bideratu ditu bere ahaleginak, aholkulari eta zuzendari bezela.
Argitaratu dituan liburuen artean, hona hemen nabarmenenak: Maileguzko hitzak: idazkera eta ebakera (UZEI, 1981); Hitz elkartuen osaera eta idazkera: LEF batzordearen emoitzak, Euskaltzaindiaren gomendio-arauak (Euskaltzaindia, 1992); Euskararen historia soziala lantzeko eredu metodologikoa (Lionel Joly, Nikolas Gardner eta Mikel Zalbide. Euskaltzaindia, 2015); Euskararen bilakaera soziolinguistikoa (1981-2011): transmisioa eta gaitasuna, portaera linguistikoen motivo subjektiboak, eta mintzajarduna: bilakaera eta aurrera begirako erronkak; laburpena (Iñaki Martinez de Luna, Xabier Erize eta Mikel Zalbide. Soziolinguistika Klusterra, 2016); Taxonomy proposal for the (historical) sociology of language research: a Basque contribution (Lionel Jolyrekin batera. Euskaltzaindia, 2024).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
