Euskerearen erabilerea indartzeko Plan Estrategikoa aurkeztu dau Eusko Jaurlaritzeak
2026-06-03 11:55 Euskerea berbagaiPlanak 4 helburu nagusi, 11 ardatz estrategiko, 27 helburu operatibo eta 73 ekintza jasoten ditu.
Gaur inoiz baino persona gehiagok daki euskeraz berba egiten baina euskerearen etorkizuna ez da ezagutzan bakarrik jokatuko, erabileran baino. Motibazinoan. Atxikimenduan. Eta euskereak personen eguneroko bizitzan izango dauen lekuan. Holan adierazo dau Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, 2026-2030 aldiko Euskerearen Plan Estrategikoa aurkezterakoan.
Plan honek datozen urteetan hizkuntza-politikearen norabidea zehaztuko dau eta Jauzia Gara ekimenaren barruan kokatzen da. Erronka nagusia erabileran dago. Holan, Planean hiru aldaketa nagusi proponiduten dira: ezagutzatik erabilerara igarotea; sail baten planetik gobernu osoaren planera jauzi edo salto egitea; eta neurri isolatuetatik ikuspegi integral batera pasetea.
4 helburu, 11 ardatz
Planak lau helburu nagusi ezartzen ditu: euskerearen ezagutzea indartzea, erabilerea handitzea, prestigioa eta balio soziala sendotzea, eta datuetan eta ebidentzietan oinarritutako hizkuntza-politikak garatzea.
Lehendakariordearen eretxiz, euskerearen etorkizuna ez da administrazino edo instituzino publikoetan bakarrik erabagiko. Esangura horretan, 11 ardatz estrategiko ezartzen dira planean eta aitatutako helburuak ondokoen bidez kanduko dira: (1) gaitasuna, (2) transmisinoa, (3) atondutako aisialdia, (4) eremu publikoa, (5) eremu pribatua, (6) arnasguneak eta erabilguneak, (7) hedabideak eta ikus-entzunezkoak, (8) ingurune digitala, (9) etorkinak, (10) nazinoartekotzea eta (11) ikerketa eta datuen garapena.
Planaren barruan kokatzen dira, besteak beste, euskalduntze sistemea eraldatuko dauen Euskara Bonua; Ingura, euskerea ikasteko aukera malguago eta irisgarriagoak eskaintzeko; Lanera proiektua, lan-munduan euskerearen erabilerea sustatzeko proiektu eta era barriak; Euskorpora, euskerea adimen artifizialaren eta etorkizuneko teknologien garaira eroateko; Adi Filmak euskeraz, euskerazko ikus-entzunezkoen eskaintzea
handitzeko; Eusguneak, lurraldeen arteko lankidetzea sustatzeko.
Gobernantzea, exekuzinoa eta ebaluazinoa
Bengoetxeak azpimarratu dauenez, aurkeztutako plana ez da dokumentu zarratua, ezta asmoen adierazpen hutsa be. Datozen urteetarako bide-orria da, euskerearen erabileran aurrera egiten jarraitzeko tresna praktikoa. Galdera ez da ia euskereak erronkak dituen ala ez; danok baitakigu badituala. Galderea da
zelan erantzun nahi deutsegun erronka horreei adierazo dau.
Kontuak kontu, planak 27 helburu operatibo, 73 ekintza estrategiko eta 33 adierazle jasoten ditu. Horrezaz gan, urteko kudeaketa-planen bidez garatuko da, eta gobernantza, jarraipen eta ebaluazino sistema iraunkorra izango dau. Lehenengo kudeaketa-planak 2026rako 135 jarduera zehatz aurreikusten ditu.
Lehendakariordeak zehaztu dauenez, anbizinoz eregitako plana da baina errealidadean oinarritua; norabide argiagaz baina egokitzeko gaitasunagaz eta, batez be, euskerearen etorkizuna lankidetzatik eta adostasun zabaletatik eregi nahi dauen plana.
Jauzia Gara
Eusko Jaurlaritzeak euskerearen etorkizunari begira egiten dauen proposamena da. Erronka nagusia erabileran kokatzen dau, motibazinoan, atxikimenduan eta eguneroko bizitzan. Horregaitik, proposamenak euskerearen bizibarritzearen hurrengo etaparako babesa proponiduten du, hiru bide nagusiren bidez.
Politika publikoak indartuz, euskerearen erabileran jauzi kualitatiboa egiteko beharrezkoak diran politika publiko sendoak, eguneratuak eta gaur egungo errealidadeetara egokituak garatzea. Hemen kokatzen da gaur aurkezten dogun Euskerearen Plan Estrategikoa.
Ekosistema soziala aktibauta, Euskerearen etorkizuna ez da instituzinoetatik bakarrik eregiten, erabilera soziala handitzeko, ezinbestekoa da gizarte eragileen, enpresen, hezkuntza komunidadearen, kulturgileen eta herritarren arteko aliantzak aktibetea. Lotura emozionala indartuz, euskerea gero eta hurbilagoa, naturalagoa eta erakargarriagoa izan daiten, transmisino familiarik jaso ez daben herritarren eta etorri barrien artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
