603 forma barri jaso dira eta 2.359 barrikusi

Bizkaie! 2026-06-17 07:55   Euskerea berbagai

Azken seihilekoan, irakasmunduari lotutako atalak landu dira Euskaltzaindiaren Hiztegian.

Azken seihileko eguneratzea egin dau hiztegian euskerearen Akademiak. Holan, 603 forma barri jaso dira eta 2.359 barrikusi, horreen artean 1.057 adiera barri. Azkenik, 3.630 adibide barri be jaso dira. Eguneratze horregaz, 53.142 forma jasoten ditu orain hiztegiak, 72.035 adiera eta 122.209 adibide.

Forma barriei jagokenez, aurreko eguneratzeetan martxan jarritako DBH mailako testuliburuen saila amaitu dau Hiztegiaren lantaldeak, euskerea eta literaturea, fisikea eta kimikea, matematikea eta teknologia gaiak landuta. Lanbide-heziketako lexikoa be osotu da. Baina, Miriam Urkia Hiztegiaren zuzendariak behin eta barriro azpimarratzen dauen kontu bat gogoratu nahi izan dau: irakasmunduari lotutako atala amaitu dogu. Inportantzia handikoa da maila horreetako berbak aztertzea, baina ez hori bakarrik: ikasleek horreen definizinoak eta erabileran lagunduko daben adibideak eskura izatea ezinbestekoa da hiztegia baliogarri izango bajake. Baina, orain arte jasotakoa be eten barik barrikusten dogu, egungo beharretara egokitu, eta horrek ez dau etenik (adiera barriak sartu, erabili bakoak isildu, erregistro-markak, adibideak gehitu/barritu...). Adibideetan indar handia jarten dogu. Eta horren erakusgarri dira eguneratze honetako 3.630 adibide barriak.

Beste alde batetik, argitaratu barri dan 203. arauko (Zenbakizko adierazpenak) erabagiak aplikau dira definizinoetan eta adibideetan.

Esan bezela, DBH mailako eta lanbide-heziketako testuliburuen azpicorpusa landu da, euskerea eta literaturea, fisikea eta kimikea, matematikea eta teknologia gaiak osotu dira, forma barriak erantsiz hiztegiari. Esaterako: antonomasia, apokope, kultismo, lagunarteko erregistro, berotze global, energia(-) kontsumo, gas erreal, grabitazio (-)indar, planoerdi, probabilitatearen teoria, trinomio, autobus elektriko, bluetooth, euskarri digital, ohmmetro, absentismo(-)tasa, adimen(-)test, autoindukzio, errematxagailu, hondakinak kudeatu, hutsean ontziratu, norbera babesteko ekipamendu, ongizate fisiko, segurtasun(-)arau, trebetasun social...

Baina eguneratze honetan ez dira testuliburuetako berbak bakarrik jaso, edo ez gai horreei zuzenean lotutakoak bakarrik. Ohiko konbinazinoak (gezurretan harrapatu, gizalegez jokatu, su artifizial), lagunarteko formak (euskañol, bostekoa eman, juntadizo), adierazkorrak (bixi-bixi, sekula halakorik (horrelakorik), euskalkietakoak (hainbertzetan lap. eta naf., pintada 2 Heg.) edo egungo erabilera-maiztasunagaitik bistaratu behar ziranak (aztarna digital, elikagai(-)banku, bidaia(-)gida, harrera(-)zentro) berariaz jaso dira seihileko honetan.

Hiztegian forma barriak jasotea garrantzitsua da, baina hori bezain garrantzitsua da lehendik dagoana barrikustea. Holan, oraingoan be, sarrera batzuk hiztegitik kendu dira (adularia, grosularia, krisoberilo, arruket, atzandel, baku modukoak), erabilera-markak gehitu dira (esaterako: aitañi eta amañi zub. eta naf. —lehen zub. soilik zuten—), adierak barrikusi eta osotu dira hainbat sarreratan (ziniko —filosifiakoa—, huts 1 —fisikakoa—, inbertsore —ekonomiakoa—), batez be testuliburuetatik jasotakoak.

Azkenik, gogoratu behar da azken urteetako egiteko nagusien artean dagoala orain arteko adibideak barrikusi eta egungo errealidadera ekartea, bai eta adibiderik barik dagozan adierak adibidez hornidutea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu