Euskaltzaleon Martxea indartsu dator

Bizkaie! 2026-06-09 09:57   Euskerea berbagai

Pankartak eta pregoilariak aurkeztuta, Iruñea euskaltzalez beteteko azken deia egin dau Kontseiluak.

Euskaltzaleon Martxearen azken txanpan sartuta, zapatuan, bagilaren 13an, Iruñeko kaleak euskaltzalez beteteko dituen hiru zutabeetako pankartak eta pregoilariak iragarri ditu Euskalgintzearen Kontseiluak. Pankarta bakotxak Martxaren hiru aldarrietako bat ordezkatzen dau, eta euskal irudigile ezagunek egin ditue. Lehenengo pankarteak euskerearen ofizialtasun osoa eskatzen dau, Patxi Huarte Zaldieroa komikigileak egindakoa da. Ipar Euskal Herrian zein Nafarroaren zati handienean, bai eta EAEn gero eta nabarmenago, euskerearen estatus eta bardintasun faltea oinarrizko arazoa da normalizazino eta bizibarritzean aurrera egiteko, besteak beste, ehunka mila herritarren eskubideen autortza faltea eta urraketa sistematikoa gainditzearen aldeko aldarria irudikatzen dau, muga guztien gainetik euskereak batzen gaitualako.

Bigarren pankarteak hizkuntza politiketan salto egiteko preminea aldarrikatzen dau, Asisko Urmeneta irudigileak egina da. Zazpi jauzi izenburuagaz, mende luzetan euskaldunok jasandako menperakuntzea eta egoereari bueltea emoteko ekimen eta adierazpenak nabarmentzen dira pankartearen diseinuan.

Hirugarren pankarteak euskaltzaletasuna lehen lerrora ekarteko beharra azpimarratzen dau, eta Malen Amenabar ilustratzailearen lana da. Euskaltzaleon ekintza kolektiboari esker, euskereari etorkizun oparoa emoteko ilusinoa eta etenbako lana irudikatzen ditu.

Pregoilariak, gizarte zibiletik egiten dan lanari autortzea

Kontseiluak ezagutzera emon ditu 17:00etan Runako Parketik, Antoniuttitik eta Askatasun Enparantzatik abiatuko diran zutabe bakotxaaren hasieran pregoiak irakurri eta txupinazoak botako dituen hiru kolektiboak, gizarte eragiletzatik egiten daben lana autortu, babestu eta bultatzeko asmoz:

Runako Parketik ekingo jakon zutabeko pregoia eta txupinazoa ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz mobimentuko kideek botako dabe, Baxoa euren hezkuntza-ibilbide guztia egin daben hizkuntzan, euskeraz, egiteko debekuaren aurrean abiatutako mobilizazino eta desobedientzia dinamikeagaitik.

Antoniutti parketik ekingo jakon zutabeko pregoilariak Batuz Aldatu dinamikearen talde eragileko kideak izango dira, euskerearen aldeko adostasun soziopolitiko barri bat bultzatzeko egin daben lanarengatik. Izan be, 2025eko irailean urte biko alkarrizketa prozesu baten emoitzea aurkeztu eben, Itun soziopolitiko barrirako eskaintza izenburukoa. Talde eragilea gizarte zibileko 11 eragilek osotu dabe: AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club Fundazioa, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Taupa Mugimendua, Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa eta Nafar
Ateneoa.

Azkenik, Askatasun Enparantzantik ekingo jakon zutabeko pregoia eta txupinazoa euskerazko eduki sortzaileek botako dabe, plataforma digitaletan euskerazko ikus-entzunezkoak sortuz euskaldunoi gero eta beharrezkoago ditugun arnasguneak eskaintzeko egiten dabe lana autortuz.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu