Euskerea bizibarritzeko mobimentu askotako kontakizunak josi ditue Biharko Taupadan

Bizkaie! 2026-06-05 08:49   Euskerea berbagai

Begirada intersekzionala izan dau ardatz. 

Urtero Taupa euskaltzaleen mobimentuak atontzen dauen Taupada jardunaldia Bihar Nazinoarteko Kongresuagaz buztartu da aurten, hortik sortu da Biharko Taupada jardunaldia eta hor izan dira irailean egingo dan Bihar Nazinoarteko Kongresuaren lau antolatzaileak: Soziolinguistika Klusterra, Plazara, Garabide eta Taupa, eta baita jardunaldiaren babesle diran Getxoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskarabidea eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzea eta Lankidetzarako eta Alkartasunerako Euskal Agentziako ordezkariak be.

Hizkuntzak bizibarritzeko nazinoarteko kontakizunen oihartzuna geurera ekarriz lelopean, Julene Samuel eta Manuel Moreno Taupako kideek Kongresuaren bigarren fasea zarratu dabe.

Sozializazino fasea deitu deutsagun honetan, Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketako emoitzak euskalgintzeagaz zein Euskal Herriko bestelako gizarte mobimentuetan inplikautako eragileakaz konpartidu ditu Taupak 2026ko udabarrian. Danetara, hamar lan-saio bikotx atondu dira Euskal Herri osoan zehar, eta 100 eragiletik gora ibili dira ikerketea ezagutu eta ondorioen inguruan gogoetan.

Julene Samuelek zeintzuk izan diran ikerketearen lau dimensinoak adierazo ditu: sinboliko-ekologikoa, politika eraldatzailea, balio pragmatikoa eta erantzukizun partekatuaren ardatza, zeharkako dimensinoa.

Ikerketea bera eta sozializazino saioetan jasotakoa, sakonago eta bere osotasunean irailean aurkeztuko da, 23tik 26ra egingo dan Bihar kongresuan.

Deskantsuaren ondoren, Onintza Olaizola Taupako Herrigintza arloko arduradunak egin dau berba: euskaltzaletasuna be modu barrietan pentsetako konbita egiten deusku ikuspegi intersekzionalak: ez nortasun zarratu lez, gero eta jente gehiagok konpartidu leiken konpromiso edegi lez baino.

Ikuspegi hori lantzeko, Miren Artetxe, Aritz Landeta eta Leo Bueriberik feminismoaren, mobimentu ekosozialaren eta antiarrazakeriaren betaurrekoakaz euskereari begiratu deutsee.

Miren Artetxe EHUko irakasleak bere saioari ekin deutso esanez euskalgintzan intersekzionalidade ikuspegia egon badagoala baina ez dala orokorra eta konpartiduteko ez dagoala eremurik. Intersekzionalidadea landu nahi badogu, datuen banaketa soila egitea ez da nahikoa.

Aritz Landetak bere azalpena krisi ekosozialaren inguruko adierazpenak eginez hasi dau: fokoa sintometan jarri behar da eta sintomak eta kausak alkarregaz ulertu behar dira'. Aitamen hori hizkuntzeagaz be lotu dau: “energia merke eta ugariaren aroak dominazinoaren eta gaitasunaren handitzea dakar, bai gizakiaren dominazinoaren aurrean eta bai globalizazinotik eratorritako dominazino kulturalaren aurrean be. Telekomunikazinoaren eboluzinoak, industrializazinoak eragindako migrazino fluxuek, turismoak eta bestelakoek zapalkuntza egoeran dagozan herri, kultura eta hizkuntzen egoerea arabere gehiago kaskartzen dabe.

Leo Bueriberi gasteiztarrak bizipen personaletatik jo dau batez be, zer ete dan ama hizkuntzea, euskaldun zahar izatea, zer identidadea... Eta zirikatzaile ibili da bertaratutakoakaz. Hizkuntzen bizikidetzea ez dala Euskal Herrian bakarrik jazoten dan zeozer eta askotan ez garela konturatzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu