Jon Sarasua soziolinguista gipuzkoarra euskaltzain oso izateko hautagai
2026-07-27 08:33 Euskerea berbagaiIrailaren 25ean jakingo da Mikel Zalbide euskaltzain emerituaren lekua Jon Sarasuak hartuko dauen ala ez.
Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan egindako osoko bilkuran, izen bakarra aurkeztu da euskaltzain oso izateko hautagai, hain zuzen, Jon Sarasua soziolinguista eta euskaltzain urgazlearena. Gogoratu behar da Mikel Zalbide emeritu izatera igaro zala maiatzaren 9an, 75 urte bete baitzituan egun horretan Donostiako hizkuntzalariak eta maiatzaren 29an, Baionako Herriko Etxean egin zan osoko bilkuran zabaldu zala hautagaiak aurkezteko epea.
Horrelan, Akademiaren arautegiak agintzen dauen moduan eta euskaltzain oso eta emerituen botoen nagusitasuna lortu ezkero, irailean egingo dan osoko bilkuran jakingo da Mikel Zalbideren lekua Jon Sarasuak hartuko dauen ala ez.
Jon Sarasua Maritxalar Aretxabaletan jaio zan, 1966ko apirilaren 13an. Mondragón Unibersidadeko irakasle eta ikertzailea da. Hezkuntzan ibilbide luzea eta agirikoa egin dau, gehien baten, irakasle, prestatzaile eta irakaskuntzarako euskerazko material sorkuntzearen zein egokitzapenaren eremuan.
Euskal Herriko Unibersidadean (EHU) Informazino Zientzietan doktorea, 28 urtez jarraian irakasle titular izan da Mondragon Unibersidadean (1998-2026). Era berean, HUHEZI fakultadeko Gizarte Zientzien Saileko zuzendaria izan zan 1999tik 2002ra, eta HUHEZI fakultadeko Komunikazino Saileko zuzendaria 2003tik 2005era.
Kooperatibagintza arloan, munduko ekonomia sozialaren arloan, munduko hizkuntza gitxituen arloan eta euskal kulturgintzearen arloan hainbat graduondoko eta masterren sustatzailea izan da Sarasua, 2007. urtetik 2026ra, eta Garabide alkarteko zuzendaritza-taldeko kidea da, 2006tik.
Dozenatik gora liburu eta ehunka artikulu argitaratu ditu bakarka edo alkarlanean.
Euskaltzaindiak urgazle izentau eban 2021eko zemendian. Akademiaren Sustapen Batzordeko kidea da 2021etik, eta Euskerearen Gogoetagunearen koordinatzailea 2022tik aurrera. Mintzola proiektuaren zuzendaria be bada, Eñaut Agirreregaz batera (2022tik aurrera), eta Herri-kulturgintzeari buruzko ikerketa proiektuaren eratzaile eta haren arduraduna 2025etik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
