AEK-k euskaltegiak bete gura ditu 26/27 ikasturtean
2026-09-02 13:07 Euskerea berbagai50 urte baino gehiago Euskal Herria euskalduntzen.
AEK-k euskerea eroso ikasi eta bizi/Aprende y vive el euskera cómodamente/Apprenez et vivez le basque avec plaisir kanpainea aurkeztu dau gaur Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Holan emon deutso hasierea 26/27 ikasturteko matrikulazino epealdiari, dagoeneko zabalik baititu euskaltegietako ateak Euskal Herri osoan.
AEK-ko Nazino Kontseiluko kide Aize Otaño Lizarraldek, Maialen Otegi Saez de Egilaz Irakaskuntza arduradunak, Amara Berri AEK euskaltegiko Maialen R. Barcena irakasleak eta Iñaki Carcavilla Garasa ikasleak emon dabe prentsaurrekoa. Hasteko, Aize Otañok azaldu dau, kanpainako igazko leloari eutsi arren, irudia aldatu egin dala ikasturte honetan: besaulkia alfonbra batez ordeztu dogu. Alfonbrea gonbidapena da, euskerea ikasteko ustezko zaltasunen bildur dan horrentzat. Era berean, ikasgelako erosotasuna kalera eroateko konbita be bada. Alfonbrak ez dira, beharbada, besaulkiak baizen erosoak, baina eroangarriagoak dira, eta lurragaz hobeto konektetan gaitue. Eta kanpainea, alfonbrak bezela, Euskal Herriko plaza eta kaleetara atara nahi dogu; euskerea bera Euskal Herriko kale eta plazatara atara gura dogu. Baina hori holan izan daiten, euskaltegiak bete behar ditugu lehenengo eta behin, ez dakienak ikasteko, dakienak hobetzeko, praktiketako....
Horren harian, Otañok bagilaren 13ko Euskaltzaleon Martxea ekarri dau gogora: orduan adierazo genduan euskerea eta euskal hizlari-komunidadea larrialdi linguistikoan dagozala eta ezinbestekoa dala bizibarritze-prozesuan salto egitea, pizkunde barri bat eragitea. Pizkunderako Erronkea da 300.000 euskaldun gehiago izatea 2036. urterako: 10 urteko epean urtez urte 30.000 euskaldun oso irabaztea. Horretarako gakoetako bat, estrategikoa, helduen euskalduntze-alfabetetea da. Hamarkada bakar batean 120.000 euskaldun oso sortzea da helburua. Horixe dogu erronkea, horixe dgu helburu, eta horixe da euskaltegion egitekoa.
Helburua lortzeko ezinbestekoak izango diran hainbat kontu aletu ditu Otañok: euskera-ikasketen dobakotasuna eta irisgarritasuna, HEAren inguruan agentzia barri bat sortzea erakunde eta gizarte-eragileen jarduna koordinetako, persona migratuen harrera linguistikorako baliabide eta erraztasunak handitzea eta, azkenik, lan-munduan euskerearen presentzia suspertzeko araudi, baliabide eta plangintzak sustatzea. Esangura horretan, txalotu egiten ditugu azkenaldian Hego Euskal Herriko administrazinoek dobakotasunaren bidean emondako pausuak, zehatz EAEn ezarri dan Euskara Bonua. Hori guztia, gure ustez, ez da nahikoa, baina horixe da bidea.
Esandako guztia laburbatzen dauelakoan, Otañok 24. Korrikaren amaieran Bilbon euskal jentarteari botatako mezuaren pasarte bat gogoratuz amaitu dau bere diskursoa: euskaltzale eta euskaldun guztioi, y también a las personas que todavía no habéis dado el paso de aprender euskera, aux personnes qui n'ont pas encore fait le pas d'apprendre le basque: euskaltegietako ateak zabalik dituzue, tenéis las puertas de los euskaltegis abiertas, les portes des Euskaltegis sont ouvertes. Hizkuntzarik ez dauen herri bat ez da herri izango, un pueblo que no tiene lengua no será pueblo, un peuple qui n'a pas de langue ne sera pas un peuple.
Eta Gu euskerea gara!
Maialen Otegi Saez de Egilaz Irakaskuntza-arduradunak azaldu dau gaurtik aurrera matrikulazinoa zabalik dagoala AEKren euskaltegietan, bertan herritarrek euskerea eroso ikasi deien eta euskeraz eroso bizi daitezan, horixe baita AEKren helburua. Euskaltegiak euskerea ikasteko gune erosoak izatea nahi dogu eta ikasleek handik urten eta arlo guztietako baliabideak izatea: lagunartean, familian, lanean, aisialdian... Milaka herritar hurbildu dira azken ikasturteotan AEKren euskaltegietara euskerea ikasten, euren mailea hobetzen edo praktiketako asmoz, etxeko eta lagunarteko hartu-emonak euskeraz izateko zein lan-egoerea hobetzeko. Ikasturte honetan be benetan espero dogu herritar gehiago hurbiltzea AEKren euskaltegietara. Erronka-zaleak gara AEKn, eta hamarkada batean 120.000 euskaldun oso gehiago sortzea dugu helburu. Horri begira, AEKk 100 euskaltegi baino gehiago ditu Euskal Herri osoan, eta horreen bidez beste hamaika herritara heltzen da.
Eskaintzea ikasleen beharrizanetara egokituta, enpresa, udal, alkarte, ikastetxe eta bestelakoetan emoten ditu AEK-k, hainbat formatutan: hilabeteko ikastaro trinkoak, urte osoan, Foruko barnetegian. Pantailen beste aldetik be, nahi dauenak euskerea eroso ikasteko aukerea dauka, esaterako AEKren online euskaltegiko ikastaroen bitartez. Erabilerarako aukerak be bai: Aizu! aldizkaria, euskeraz irakurteko; Praktikaturen eskaintzea, mintzapraktika giro atseginean egiteko; Ahize aholkularitzearen laguntzea, lan-esparruan euskerea normalizetako....
Dirulaguntzei jagokenez, Euskara Bonua da 2026-2027 ikasturterako barrikuntzarik nabarmenena EAEn: A1, A2 eta B1 mailetan matrikuletan diran ikasleek, 120 euro pagauta, 4 urtez ikasi ahal izango dabe, ezer gehiagorik pagau barik. Nafarroan be urrats bat Aurrera egin da dobakotasunean: A1 mailako ikasleez gan, A2 mailako ikasleek be % 100 berreskuratu ahal izango dabe matrikulea. Ipar Euskal Herrian, formazinorako aukerea eskaintzen dabe enpresek, eta langileek doban ditue euskara-ikastaroak.
Maialen R. Barcenak AEKren metodologia komunikazinoan oinarritzen dala azaldu dau, praktikotasunean, euskerea lehenengo egunetik erabilteko ikasiz: ez da gramatika-ikasketa hutsa, beste euskaldun batzuekaz komuniketako kapaz izatea baino. Hain zuzen bere, holaxe dabil ikasten Iñaki Carcavilla Garasa, Donostiako musika-eskolako irakaslea bera.
Ayerbe herrian (Huesca) jaioa, bere esperientziaren barri emon dau aurkezpenean. Musikenen ikastera etorri zan Donostiara, eta joandako ikasturtean A1 mailea ikasi eta gainditu eban Amara Berri AEK euskaltegian. Ikasten jarraitzeko asmoa dauela adierazo dau, izan be, Donostiako euskal komunidadean oso integrauta egonik, euskrrraren preminea sentiduten dau. Biziten dagoan esperientzian oinarrituta, euskerea ikasteko animau dau mundu guztia.
Amaitzeko, Aize Otañok ikasturte barriko irudian agiri dan logotipo barriari erreparatuta ondokoa nabarmendu dau: 50 urte baino gehiago Euskal Herria euskalduntzen. AEK lehenago sortu zala adierazo dau baina orain 50 urteko ikasturtea oso momentu esanguratsua izan zala: 1976-77 ikasturtean ikasle-kopurua % 300 handitu zan eta ikasle-uriola horrek beste dimensino bat emon eutson helduen alfabetatze-euskalduntzeari: indar handiagoa hartu eban gizarte-fenomeno moduan be. Testuinguru horretan hasi zan AEK, AEK izenari eutsiz, Euskal Herri osoan erakundetzen. Prozesu hori aurrerago amaitu bazan be, 76-77 ikasturtea mugarri garrantzitsua izan zan. Hori kontuan hartuta, urteurren hori gogorarazoten dogu kartelen eta bestelako euskarrien bidez. Hau hasierea baino ez da. Gaur egun be, euskereak holako mugarriak behar ditu pizkunde barri baterako bidean. Izan daitela ikasturte hau euskerearen geroa bermatzeko mugarri. Bete daiguzan euskaltegiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
