Taupak euskeraz berba egiteko saioak online eskainiko ditu
2026-09-22 07:50 Euskerea berbagaiIzen-emote epearen gaineko informazinoa hemen.
Tauparen bazkide diran zenbait alkarte eta udaletan Mintzapraktika taldeetan izena emoteko epea zabaldu da gaur. Mintzapraktikeak euskeraz taldean eta aisialdian egin nahi dabenen personak batzen ditu. Egitasmo honetan parte hartzeko, gitxienez, euskerea ondo menperatzen dauen persona bat eta hizkuntzea praktikau nahi dauen lagun talde bat alkartuko da, modu boluntarioan eta adostutako maiztasunagaz berba egiteko. Baina Mintzapraktika hori baino askoz gehiago da. Arlo akademikotik kanpo euskerea erabilten hasteko edo gehiago erabilteko aukerea da, epairik eta ebaluazinorik barik, testuinguru eroso eta atseginean, jentea ezagutzeko aukerea, hartu-emonak euskeratik eta euskeraz eregiteko, gure ikuspegia zabaltzeko, komunidade handi baten parte izateko. Euskereari emoten deutsagun aukerea da, ezin izan dogulako nahi beste berba egin, gure buruari mugak jarri deutsaguzalako, lotsea edo bildurra sentidu doguzalako. Eta, zergaitik ez, geure buruari emoten deutsagun aukera berezia da.
Orain sarean
Tauparen bozazinoa da Euskal Herri osoko euskaltzale eta tokiko alkarteak saretzea eta, horregaitik, egitasmoak ahalik eta jente gehienarengana zabaltzeko ikuspegiagaz diseinetan dau bere eskaintzea. Gauzak holan dirala, euskeraz berba egiteko saioak online egiteko aukerea zabaldu dabe ikasturte honetan. Holan, bere herrian Mintzapraktika talderik ez dauenak, aurrez aurre bertaratzeko zaltasunak dituanak edo atzerrian bizi dan euskaltzaleak aukerea izango dau bere taldea sarean osotzeko eta, nahi dauenean, aurrez aurreko ekintzetara bertaratzeko.
Erronkeari eutsiz!
Bagilaren 13an Iruñean egindako Euskaltzaleon Martxan iragarri eban Taupak, Euskalgintzearen Kontseilua osotzen daben gainerako bazkideakaz batera, euskalduntzearen erritmoa bikoizteko erronkea: datozen 10 urteetan, urtean 15.000 herritar baino, 30.000 euskalduntzea, euskerearen erabilerea % 15,3tik % 20ra pasetea, Euskal Herriko hiru administrazinoek hizkuntza politiketara bideratutako aurrekontua batez besteko % 0,45etik % 2ra igotea eta euskerea bere lurralde osoan ofiziala izatea.
Taupak bere jarduna erabilerearen sustapenean kokatzen dau eta hori % 20ra igoteko erronkeari gogotsu heldu deutso. Horretarako, Mintzapraktika egitasmoa sano inportantea da, izan be, hiztunak ahalduntzen ditu, euskerea eremu mugatu batetik bere bizitzako arlo guztietara zabaltzeko, segurtasuna emonez eta bere erronka personaletik harago, erronka kolektibo bati ekarpena egiteko aukerea eskainiz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
