Bermeoko Udalak kirol-kluben artean euskerearen erabilerea sustatzeko egitasmoa indartuko dau
2026-09-23 07:50 Euskerea berbagaiUrdaibai Eskubaloi Taldeak, Bermeo Futbol Taldeak, Xixili Gimnastika Taldeak eta Urdaibai Arraun Taldeak bat egin dabe.
Bermeoko Udalak aurrerapausuak emongo ditu herriko kirol-klubetan euskerearen presentzia eta erabilerea indartzeko, gazte eta nerabeen artean euskeraz egiteko aukerak indartzeko. Horretarako, Urdaibai Eskubaloi Taldeak, Bermeo Futbol Taldeak, Xixili Gimnastika Taldeak eta Urdaibai Arraun Taldeak bat egin dabe Bermeoko Udalak bultzatutako egitasmoagaz.
Ekimenaren aurkezpenean, Bermeoko Udaleko euskera zinegotzi Iker Bilbao San Nicolasek azaldu dau kirolak gazteen egunerokoan dauen presentzia erabili nahi dala euskerearen erabileran eragiteko. Entrenamenduak, partiduak, talde barruko hartu-emonak eta klubek sare sozialen bidez daben jarduna hizkuntza-ohituretan eragiteko aukerak be badirala nabarmendu dau: gaur aurkezten gagozan egitasmoak helburu argia dauka: Bermeoko kirol-arloan euskerearen presentzia eta erabilerea indartzea eta, horren bidez, gure gazte eta nerabeek euskeraz egiteko aukera gehiago izatea. Badakigu kirola oso presente dagoala gazte askoren egunerokoan, eta horregaitik uste dogu kirola ezin dala baztertu euskerearen erabileran aurrera egin nahi badogu.
Bermeoko Udala Ebetegaz dabil alkarlanean. Ebeteko Markel Barojak adierazo dau, hizkuntza-zerbitzuaren laguntzeagaz, klub bakotxaren errealidadea aztertu eta euskerearen erabileran eragiteko neurri zehatzak identifikauko dirala, beti bere klub bakotxaren ezaugarriak, beharrak eta aukerak kontuan hartuta. Izan be, egitasmoaren helburua ez da klub guztiek bide bera egitea, baizen bakotxak bere egoerea gogoan hartuta pausu zehatzak emotea. Horren erakusgarri dira klub bakotxak datozen hilebeteetarako zehaztutako erronkak eta konpromisoak.
Bermeo Futbol Taldeak, esaterako, entrenatzaileek zuzendutako beroketa eta luzaketa errutinak euskeraz egitea izango dau helburu. Entrenatzaileek dagoeneko euskeraz ikasi dituen errutinak umeen artean be euskeraz egitea sustatuko da, kirolarien ahozko erabileran eragiteko. Era berean, Itxas Gane futbol zelaiko harmailetan euskera gehiago entzutea be klubaren helburuetako bat izango da. Horretarako, partiduetan erabili daitekezan euskeraz animetako berba edo esaldien zerrendea egin eta familia zein zaleakana hurbilduz, partiduetan euskeraz animetako proonidutea. Klubak, gainera, gazteakaz dabizen entrenatzaile euskaldunen eta gurasoen arteko hartu-emonetan be eragin nahi dau. Entrenatzaileek gurasoen WhatsApp taldeetan euskeraz komuniketako daben nahia azalduko dabe eta euskaraz ikasten dabizan gurasoei be euskeraz egiteko aukerea probetako animauko jake, holan, umeek euskerazko erreferente eta eredu gehiago izan deiezan.
Urdaibai Eskubaloi Taldeak be beroketa eta luzaketa errutinak euskeraz eta kirolariek eurek zuzenduta egitea izango dau erronketako bat. Entrenatzaileek euskeraz erakutsitako errutinak kirolariek euskeraz egitea sustatuko da.
Beste alde batetik, eskubaloi taldeak bere partiduetako giroan euskerearen presentzia indartu nahi dau. Horretarako, euskeraz animetako berba eta esaldien zerrendea egingo da, familiei eta zaleei bialtzeko eta erabilteko. Gazteen artean euskerazko kirol-erreferenteak ezagutarazotea be izango dau helburu taldeak. Herriko kirolari euskaldunen eredua gazteei hurbiltzeko saio, bideo edo bestelakoak proponiduko dira eta ekimena zuzendaritzako kide edo komunikazino arduradun batek koordinauko dau, Ebetegaz alkarlanean.
Xixili Gimnastika Erritmikoak azken urteotan egindako bideari jarraipena emongo deutso. Gazteakaz dabizan entrenatzaileek euskerazko entrenamenduak eskaintzeko ahalegina egiten dabe eta txapelketetan be euskerazko abestiak erabiltea sustatzen dabiz. Bermeon atontzen dan txapelketan Euskeraz bizi gura dot mezua dakarren pankartea jarten da, euskerearen presentzia eta erabilerea ikusarazoteko.
Urdaibai Arraun Taldeak be bat egin dau egitasmoagaz eta aurten ekingo deutso prozesuari. Ume eta nerabeei zuzendutako eskaintzearen diagnostikoa egingo da lehenengo eta, emoitzak aztertu ondoren, taldeak euskerearen erabileran eragiteko zer aurrerapausu emon leikezan zehaztuko da. Holan, Arraun Taldeak be bere errealidadea gogoan hartuta hizkuntza-ibilbidea diseinauko dau.
Kontuak kontu, klub bakotxaren konpromisoek agirian ixten dabe egitasmoak arlo desbardinetan eragingo dauela: entrenamentuetan eta partiduetan, entrenatzaile eta kirolarien arteko hartu-emonetan, harmailetako giroan zein kluben komunikazinoan.
Egitasmoaren oinarrian dagoan Kiroletik euskeraz ikuspegiak kirola erabili nahi dau gazte eta nerabeen artean euskerearen erabileran eragiteko. Kirolak edade horreetako herritarren eguneroko bizitzan dauen presentzia kontuan hartuta, euskeraz egiteko eta euskereagaz hartu-emonetan egoteko espazioak ugaritzea da asmoa, euskerea bizipen positiboakaz lotuz.
Horretarako, klubetako zuzendaritza, entrenatzaile eta kirolariakaz batera egingo da lana. Entrenatzaileakaz hausnarketa-saioak eta formazino praktikoak egingo dira eta euskerearen erabilerea sustatzeko konpromiso eta dinamika zehatzak landuko dira. Era berean, kluben komunikazinoari be erreparauko jako, euskereak sare sozialetan eta kluben gainerako komunikazino-euskarrietan presentzia handiagoa izan daian.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak kluben konpromisoa eta udalaren babesa azpimarratu ditu: guretzat oso garrantzitsua da udalaren hizkuntza-politikak herriko eguneroko errealidadeagaz lotzea. Eta kirola horretarako esparru ezin hobea da. Gazteek eta nerabeek ordu asko emoten ditue kirol taldeetan eta hor sortutako hartu-emonek eta bizipenek eragin handia dabe hizkuntza-ohituretan.
Esandakoak esanda, Bermeoko Zesta Eskolea be hizkuntza-proiektu propioa diseinetako prozesuan dago eta, horretarako, Ebeteko hizkuntza-zerbitzuagaz hartu-emonetan dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
