Kontseiluak oldarraldi judiziala gorantz doala salatu dau
2026-09-18 07:50 Euskerea berbagaiHizkuntza eskubideak bermatzeko arkitektura juridiko barria eskatu dau.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak sektore publikoan euskerearen erabilerea arautzeko Eusko Jaurlaritzearen dekretua bere osotasunean baliobakotu dau. Kontseiluak oso larritzat jo dau erabagia eta euskerearen kontrako oldarraldi judizialak gora egin dauela salatu dau, izan be, dagoeneko ehundik gora sententziek traba egin dabe euskerearen normalizazinoaren aurrerabidea, besteak beste, lan-deialdi publikoetako hizkuntza-eskakizunak edota hainbat legeren artikuluak baliobakotuz. Orain salto kualitatiboa egon da: lehenengo aldiz epaitegi batek euskerearen erabilerearen gaineko arau oso bat baliobakotu dau. Auzitegiak men egin deutso VOX alderdi ultraeskuindarraren eskariari, agirian itxita mundu mailako olatu erreakzionarioak aldaera linguistikoa be badauela gurean. Epaiak ez ditu helegitearen arrazoi guztiak ontzat emon —baztertu egin dau, esaterako, dekretuak euskerearen «nagusitasun absolutua» eta gaztelaniaren «erabateko baztertzea» ekarzala inoan argudioa— eta ez dau administrazinoan euskerearen erabilerea arautzen daben edukien legez kontrakotasunik ebatzi. Kontseiluak oldarraldi judizialak gora egin dauela salatu eta hizkuntza eskubideak bermatzeko arkitektura juridiko barria eskatu dau.
Kontseiluak oso larritzat jo dau erabagia, lehenengo aldia baita epaitegi batek euskerearen erabilerearen gaineko arau oso bat baliobakotzen dauena. Erabagiak aurrekaririk bako dimensinoa dakartso sektore publiko osoko hizkuntza-politikeari, 140.000 langileri eta, ondorioz, herritar guztien hizkuntza-eskubideei eragiten deutselako.
Kontseiluak zehaztu dauenez, atzerapausu bakotxaren aurrean posizinoak defendiduteaz harago, garaia da euskerearen normalizazinoan salto egiteko baldintza sozialak, politikoak eta juridikoak eregiteko.
Esangura horretan, Kontseiluak gogorarazo dau dekretua bera ez ebala nahikotzat jo, onartu zan momentuan. Hainbat bakotasun eta anbizino falta zituela ohartarazo eban, besteak beste, aurreko sententziek ezarritako muga batzuk bere egiten zitualako eta administrazinoaren euskalduntzean benetako saltoa eragiteko bokazinorik ez ebalako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
