Bihar Kongresuak hizkuntza komunidade gitxituen bizibarritzeari buruzko nazinoarteko eztabaidea ekarriko dau Euskal Herrira
2026-09-15 13:01 Euskerea berbagaiIrailaren 23tik 26ra egingo da Bihar Nazinoarteko Kongresua, Bilbon, Irunen eta Hendaian.
Plazara Kolektiboak, Soziolinguistika Klusterrak eta Taupa Euskaltzaleen Mobimentuak Bihar Nazinoarteko Kongresuaren azken zehetasunak eta egitaraua aurkeztu ditue proiektuaren babesleakaz batera gaur Irunen (Ficoban). Hizkuntzetatik jalgiten dagoan mundua leloa daroan kongresuan, hizkuntzen bizibarritzearen inguruko kontakizun eta diskursoak ekarriko dira erdigunera, hainbat gaien aurrean loturea egingo dalarik: identidadea eta ezagutza komunitarioa, komunidadeen aktibazinoa eta hizkuntzen agentzia, hizkuntza eta kulturea bizibarritzearen inguruko iruditegi partekatuak, teknologiaren eta adimen artifizialaren ekarpenak, besteak beste.
Irailaren 23tik 26ra egingo da Bihar Nazinoarteko Kongresua, Bilbon, Irunen eta Hendaian eta ikuspegi akademikoa, gizarte-aktibismoa eta kultur eta arte adierazpena buztartuko dira. Nazinoarteko hainbat aditu, eragile eta artista batuko dira 40 hizkuntza-komunidade inguru ordezkatuz.
Lau egun, hiru herri eta askotariko ikuspegiak
Irailaren 23an ekingo jako kongresuari Bilbon, Euskalduna Jauregian. Irailaren 24an eta 25ean, Irunen, Ficoban, izango da egitarauaren muina, eta Hendaian be izango dira kultur ekitaldiak, Borderline Fabrikan. Irailaren 26an, kongresua zarratzea eta adierazpenaren sozializazinoa egingo dira. Gorane Ayesta, egitasmoko koordinatzaileak eta Garabideko kideak adierazo dauenez, irailaren 26a Europako hizkuntzen eguna izango da, eta hori kontuan izanda, fokua mundu mailan kokatuko dogu. Goizean, hizkuntzen altzeta kolektibo eta ibiltaria atondu dogu Ficobatik Borderlinera.
Egitarauak hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak eta kultur proposamenak batuko ditu, munduko hainbat hizkuntza komunidadetako aditu, aktibista eta artisten parte-hartzeagaz. Egitarau osoa eta parte-hartzaileen informazinoa bihar.eus webgunean dagozude ikusgai.
Proiektuak babes zabala jaso dau
Bihar egitasmoak hainbat erakunde publiko eta instituzionalen babesa jaso dau: Eusko Jaurlaritzako Lankidetzarako eta Alkartasunerako Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Euskarabidea-Nafarroako Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko eta Beasaingo Udalak eta Euskal Kultur Erakundea.
Gaurko aurkezpenean, erakunde babesleen ordezkariek Bihar kongresuaren garrantzia eta proiektuagaz daben konpromisoa azaldu ditue.
Francisco Javier Cortés, eLankidetza-Lankidetzarako eta Alkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariaren esanetan, hizkuntzen bizibarritzeak eta hizkuntza-aniztasunak nazinoarteko lankidetzearen ikuspegitik be inportantzia estrategikoa dabe. Zehaztu dauenez, gaur egungo mundu aldakorrean, erronka globalak tokiko errealidadeakaz lotzea eta garapen-eredu gizatiarrago eta jasangarriago baterantz aurrera egitea ezinbestekoa da. Esangura horretan, lurraldearen aurreko pertenentzia-sentimendua aktibetea eta komunidadeek erronka kolektiboei aurre egiteko dituen gaitasunak indartzea oinarrizkoa da eta hizkuntza prozesu horretan giltzarrietako bat da.
Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen eretxiz, hizkuntzen bizibarritzea nazinoarteko ikuspegitik lantzearen garrantzia azpimarratu dau. Aldasororen ustez, hizkuntzen inguruko kontakizun barriak eregiteak kultureari, identidadeari eta herri bezela etorkizunean izan nahi dogunari buruzko galderak be mahai gainean jartea eskatzen dau. Era berean, nazinoarteko komunidadeei begiratzea eta beste esperientzietatik ikastea aberasgarria da, ikuspegi anitzek hizkuntzen bizibarritze-prozesuak indartu leikezalako.
Javier Arakamak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak, barriz, hizkuntza-aniztasuna babestearen eta hizkuntza-ondarea jagotearen garrantzia azpimarratu dau. Egungo mundu globalizatuan hizkuntza-aniztasunak berezko balioa izateaz gan, komunidadeentzat eta gizartearentzat onurak be badituala nabarmendu eta ikerketa zein gizarte-ekimena hiztunak eta komunidadeak aktibetako tresna garrantzitsuak dira.
Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasunerako zuzendari nagusiak, hizkuntza-bardintasunaren eta hizkuntzen bizibarritzearen aldeko konpromisoa aldarrikatu dau. Haren esanetan, hizkuntza bat bizibarritzeko lana ez da bakarrik hizkuntza baten aldeko hautu bat, justiziaren, demokraziaren eta aniztasunaren aldeko apustua be bada.
Isaac Amezagak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendari nagusiak, hiru idea nagusi nabarmendu ditu Bihar kongresuaren testuinguruan: alkarlana, eredugarritasuna eta euskereari behar dauen ikusgarritasuna emotea. Amezagaren eretxiz, personen eta erakundeen arteko lankidetzea ezinbestekoa da aurrera egiteko; aldi berean, Euskal Herriko esperientziatik beste komunidade batzuek ikasi leikien bezela, nazinoarteko beste esperientzietatik be asko ikasi daiteke. Euskerearen alde lanean dabizen persona eta eragile ugarien lana ikusgarri egitearen garrantzia azpimarratu eta gure txikitasunean handiak izaten jarraitu behar da.
Johañe Etchebestek, Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak, hizkuntzearen eta kulturearen arteko loturearen gogoetan jarri dau ikuspegia; haren eretxiz, hizkuntza bat ez da bakarrik eskoletan, hiztegietan edo erakundeetan bizi. Hizkuntzea erabileran, sorkuntzan, iruditerian eta personen arteko hartu-emonetan bizi da. Horregaitik, kulturea oinarrizkoa da hizkuntza gitxituen bizibarritzean.
Iosu Iguiñizek, Irungo Udaleko Euskera Zerbitzuko ordezkariak, Bihar Kongresua Irunen egiteak uria eta euskerea bera ikusgarri egiteko dauen garrantzia nabarmendu dau. Era berean, kongresuak herritarrak euskerea erabili eta euskeraz egiteko animetako aukerea eskaintzen dauela azpimarratu du.
Kongresutik harago
Atontzaileen helburua da Bihar inflexino-puntu eta abiapuntu izatea, hizkuntzen bizibarritzearen inguruko diskursoak barritzeko eta munduko komunidadeen arteko alkarlana sendotzeko.
Kongresua ez da ekitaldi isolatu bat izango, azken urte bietan jorratutako nazinoarteko prozesu parte-hartzaile baten emoitzea eta hurrengo urratsa baino. Egitasmoa hiru fasetan egituratu da. Lehenengoan, nazinoarteko diagnostikoa landu zan. Bigarren fasean, diagnostiko hori Euskal Herrian sozializau da. Orain, prozesuak bere hirugarren faseari helduko deutso: Bihar Kongresua
Kongresuaren amaieran, parte-hartzaileen artean landutako adierazpena aurkeztuko da, eta hizkuntza komunidade gitxituen arteko lankidetzea etorkizunean indartzeko sarea be aurkeztuko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
