'Eroan euskerea praktikara' kanpaineari ekin deutso AEK-k

Bizkaie! 2026-09-22 07:30   Euskerea berbagai

Euskaldun danak euskeraz egiteko animetea dau helburu.

EKren Praktikatu Zerbitzuak 26/27 ikasturterako kanpainea aurkeztu dau eta horretarako, ohiko mintzataldeez gan, mueta askotako taldeak eskainiko ditu: eskaladakoak, gurasolagunak, mendilagunak, irakurzale-klubak, kakorratz-taldeak, online egiteko saioak...

Praktikatu Zerbitzuko Koldo Mattin Agirregomezkorta Uranga kideak azaldu dauenez, hizkuntza guztiek behar ditue hiztunak, danak dira beharrezkoak. Halan da be, erabili ezean, ezagutza hutsa hankamotz geratu daiteke; bada, horixe da aurtengo kanpainearen esentzia. Euskeradunak euskeraz egiteko animau nahi ditugu. Holan, datorren ikasturtean be, euskalduntzen dabizenek euskaldun osoak izango ditue bidelagun, nor bere mailatik abiatuta. Izan be, AEKren Praktikatu Zerbitzuaren helburua da akatsak egiteko bildurra baztertu eta bakotxak bere erritmoan egitea aurrera, bidean konfidantzea eta erraztasuna eskuratzeko. Agirregomezkortak azpimarratu dauenez, programek, tokian tokiko euskaldunen saretzeari esker, euskaldunon komunidadea indartzen laguntzen dabe.

Irailaren amaieran edo/eta urriaren hasieran ekingo deutse berbalagun, mintzakide eta mintzalagun-taldeak batzeari: kafea hartzeko, pasoan ibilteko, yogea egiteko, tokian tokiko euskalkian berba egiteko, txakurragaz ibilteko, mundua konpontzeko, mendira joateko, musean jokatzeko, kakorratza egiteko, hitanoz jarduteko... Hamaika aukera izango ditu. Horreez gan, gurasolagun-taldeak be egongo dira, familian eta familien artean euskeraz egiteko olgau, eskulanak egin, askaldu... bitartean. Horreentzat, Zerbitzuak berariazko astegoienpasak atontzen ditu urtero Tertangan, Bizkaiko Urtxintxa Eskolearen eskutik. Online be praktikau ahal izango da, zemenditik aurrera. Azkenik, 2027ko bagilaren amaieratik irailera, udako taldeen txandea izango da: neurri, gustu eta kolore guztietako talde-eskaintza zabala izango dabe parte-hartzaileek zein interesa dabenek.

Horrezaz gan, programetako dinamizatzaileek hainbat ekintza edegi atonduko ditue ikasturtean zehar aisialdian euskeraz gozetako: mintzodromoak, eskulanak, lehiaketak, sukaldaritza-tailerrak, museoetan bisita gidatuak, hitzaldiak... Horreen erakusgarri, Bilboko Darabilbo programea, Hernanialdeko Zilegi Eskolea, Lautadako Solasaldi Musikatuak...

Azpimarratzekoa da programa guztiak doban dirala, parte hartzeko ez baitago ezer aurretiaz izena emotea baino www.praktikatu.eus atarian. Edonozeinek parte hartu leike baldintza bi honeek bete ezkero: batetik, gitxienez 16 urtekoa izatea; bestetik, euskerea ikasten dabizenak B1 mailan edo hortik gora egotea.

Gaur egun, AEKren mintzapraktika-programetan hamar mila lagunetik gora alkartzen dira euskerearen herriko 105 udalerritan. Aurtengo nobedadea Baztango (Nafarroa) eta Azkaineko (Lapurdi) egitasmoak dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu