Badatoz gurasoentzako eta etorkinentzako euskera eskolak
2026-09-07 09:11 Euskerea berbagaiIrailaren 30era arte emon daiteke izena Berhaz Bulegoan edo jagokon euskaltegian.
Bermeoko Udalak, Euskera Sailaren bitartez, gurasoentzako eta etorkinentzako euskera eskolak atondu ditu, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiakaz alkarlanean. Ikastaro horreen bidez, familia bidezko transmisinoa indartuko da, euskeraz ez dakiten gurasoei ikasteko erraztasunak emoteko; eta, beste alde batetik, Bermeora kanpotik etorri diranentzat euskerea ikasteko aukerea zabaldu gura da. Ikastaro horreetan parte hartzeko interesa dabenek irailaren 30era arteko epea izango dabe izena emoteko.
Iker Bilbao San Nikolas euskera zinegotziak esan dau urrian hasiko diran ikastaroak bagilera bitartean izango dirala eta euskaltegi batean zein bestean, taldeei egokitutako metodologiak erabiliko dituela.
Gurasoentzako euskera ikastaroak AEK euskaltegiak eskainiko ditu. Zehaztu dabenez, ikastaro horreetan bai euskeraz ez dakitenek edo maila baxua dabenek parte hartu leikie. Seme-alabakaz ohiko hartu-emonetan komuniketako trebetasunak landuko ditue, ulermena lantzen eta berba egiten hasiko dira, eta testu laburrak irakurten eta idazten hasiko dira. Astean birritan, ordu bi egun bakotxean, eta adinbako seme-alaben gurasoei, tutoreei zuzendutako ikastaroa da. Metodologia praktikoa erabilten dabe, egunerokotasunagaz lotutako ariketak eginez.
Aurten, gainera, HABEk 120 euroko Euskara Bonua jarri dau martxan, eta bonu edo dirulaguntza horren bidez eskolatuko dira ikasleak: 4 ikasturte edo 720 ordu egiteko aukerea izango dabe A0A0 edo A1A0 hasiera mailea daben ikasleek 120 euroko bonu horren bidez. Hasiera maila hori baino maila altuagoko ikasleen kasuan, irakaskuntza ibilbidea ordu kopuruan eta ikasturtetan murrizten joango da zenbat eta hasiera maila handiagoa izan ikasleek, beti be, A2 mailara arte, eta matrikula horreek be 120 eurokoak izango dira.
Ikasleren batek ordaintzeko arazorik izan ezkero, ikasle horri HABEk ezarritako betekizunei lotuz tratamendu berezia emongo jako matrikulea pagetako orduan. Gotzon Garitaonaindia euskaltegiak dauka, barriz, etorkinentzako ikastaroaren ardurea. Helburu nagusia da etorkinei euskerea ikasteko aukerea emotea, integrazino errazagoa izan deien. Astean lau ordutan batzen dira; ordu bi, egun bitan. Etorkinentzako ikastaroan komuniketako oinarrizko gaitasuna lantzen da, HABE-ren Aisa metodologiaren bitartez.
Klaseak oso praktikoak izaten dira, helburua erabilerea dalako, eta erabilera horren bitartez lortu gura da etorkinak gure kulturea ezagutzea eta gure artean integretea. Ikastaro hau beste herrialde batzuetatik etorritako personentzat atontzen da, berton biziteko euskerea ikastea lagungarria izateaz gan, integrazinorako tresna garrantzitsua dalako, izan be, euskeraz jakiteak hartu-emonak erraztu, aukerak eta bideak zabaldu eta euskal nortasunagaz eta identidadeagaz bat egiteko aukerea emoten dau.
Ikastaro honen prezioa 10 eurokoa da gehi eskola materiala (17,50 €). Kasu honetan be, aukerea izango da 4 ikasturterako edo 720 ordurako matrikulea egiteko 120 euroko bonuaren bidez.
Euskerea ikasteko matrikulazino kanpainea martxan
2026-2027 ikasturtean euskerea ikasteko matrikulazino kanpainea martxan dago. Hiru zentro dagoz Bermeon euskerea ikasteko: Hizkuntza Eskola Ofiziala, AEK eta Gotzon Garitaonaindia. 16 urtetik gorako edozein herritarrentzat aukera anitza eta ordutegi zabala dabela nabarmendu dabe, metodologia eguneratuak eta baliabide egokiak eskainita.
Hizkuntza Eskola Ofizialak be eskaintza zabala dauka 2026-27 ikasturterako, maila guztietarako eskolatzeko aukerea eskaintzen dabe. Aurreko ikasturtean esate baterako, A1eko talde bat be izan eben, eta aurten be maila bereko talderen bat osotzea aurreikusten da. Ikastaro horretan be, oinarri-oinarrizko komunikazinoa lantzea dabe helburu, giro abegikorrean eta ikasle bakotxaren ezaugarriak eta beharrizanak kontuan izanda. Hizkuntza eskolak eskaintzen dauena, metodologia komunikatiboa eta aktiboa dala nabarmendu dabe.
Bakarkako Arretea eta eskola inklusiboa
Hizkuntza Eskola Ofizialean izena emoteko epea zabalik dago eta abenduaren 30era arte zabalik izango da. Matrikulearen prezioa sinbolikoa da eta arazorik izatekotan, bekak eskatzeko aukerea be badago gogorarazo dabe.
Gotzon Garitaonaindiak dirulaguntzei buruzko zehaztasunak emon dtu Euskera Bonuagaz erraztasuun handiagoa dabela euskerea ikasteko urratsa emon nahi daben herritarrek, dobakotasunaren ikuspegitik pausu esanguratsuak emoten dabizelako; nabarmendu dabe AOtik A2ra arteko mailak egiteko eta C1en kasuan 16-18 bitarteko gazteentzat matrikulearen zenbatekoa neurri handi batean diruz lagunduta dagoala. Ganerako mailetan izena emongo daben ikasleek be aurreko urteetan bezela dirulaguntzak izango ditue, bai HABErenak eta bai udalarenak.
AEK euskaltegian, aurten be C2 mailea izango dabe. Klaseak arratsaldez izango dira, astelehenetan eta martitzenetan, 17:30etik 20:00etara. Matrikulea egiteko beharrezkoak diranak eta eskuratu daitekezan dirulaguntzei buruzko informazinoa euskaltegietan bertan jaso daiteke. HABEk eta Bermeoko Udalak, dirulaguntzak eskaintzen ditue, ikasleek ordaintzen dabenmatrikula gastuetan ahalik eta erraztasun handiena izan deien.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak esan dauenez, pozik nago aurten be guraso eta etorkinentzako euskera eskolak eskainiko direlako, aukera polita baita euskerara eta euskal kulturara hurbiltzeko. Horrezaz gan, herriko euskaltegietako eta Hizkuntza Eskolako kideei eskerrak emoteko tartea be hartu dau, urte honeetan guztietan egin daben lanagaitik. Euskerea ikasteko aukera asko dagozala nabarmenduta, herritarrak animau ditu informazinoa eskatu eta euskerea ikasteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
