UEUk eta Euskaltzaindiak euskerazko produkzino zientifikoa aztertzeko ikerketa-bekea sortu dabe

Bizkaie! 2026-09-10 09:21   Euskerea berbagai

Etorkizunerako proposamenak aztertzeko ikerketa-bekea da, 5.000 euroko diru-boltsea aurreikusten dauena.

Bekearen aurkezpenean izan dira Aitor Bengoetxea UEUko zuzendaria, Arantza Aldezabal UEUko Ikerketa-arduraduna eta Andres Urrutia euskaltzainburua.

Gaur egun, oro har eta labur adierazota, artikulu eta aldizkari zientifikoen prestigioa horreek guztiek jasoten daben aitamen kopuruaren arabera neurtzen da. Alabaina, aitamen kopuruak ez dau beti egindako ekarpen zientifikoaren balioa behar bezela edo behar aina islatzen. Faktore gehiagok be baldintzatzen dabe aitamen-kopuru hori. Adibidez, artikulu eta aldizkari zientifikoak euskeraz argitaratu ezkero, artikuluaren edota aldizkariaren zabalkundea mugatuagoa da: euskaldunek baino ez dabelako irakurten eta ondorioz, irakurle horreek bakarrik aitatu leikie. Ondorioz, batzuetan artikulu eta aldizkari zientifikoen balioa gitxiesten da jasoten dauen aitamen kopurua txikia bada. Testuinguru horretan dabiz ikertzaileak gurean.

Euskaltzaindiak eta UEUk euskerazko produzkino zientifikoaren egoerearen inguruko ardurea konpartiduten dabe eta horretatik ekinez dator ikerketa-beka hau. Gainera, UEUren Inguma Euskal Komunidade Zientifiko-intelektualaren datu-baseak 25 urte bete ditu euskerazko goi-mailako produkzinoa batu, katalogau eta eskuragarri jarten. Urte horreetan, euskerazko jakintzea eta ikerketea sustatzeko tresna eraginkorra bihurtu da, komunidadearen ezagutzea eta topagune lez ekarpen nabarmena eginez.

Datu-basearen urteurrena dala eta, UEUk Inguma 25 urte beka-deialdia aurkeztu eban honako helburu honegaz: Inguma datu-basea erreferentzia nagusitzat hartuta, euskerazko produkzino zientifikoaren bilakaera historikoa eta egungo egoerea aztertzea. Azterketa hori eginda eta ataratako ondorioak kontuan izanda, beste urrats bat emon nahi da: euskerazko produkzino zientifikoaren beherakadearen aurrean, euskerazko aldizkari zientifikoak eta ikertzaileek euskeraz produziduteko dituen baldintzak aztertzea eta ebaluetea.

Oro har, aztergaia euskerazko produkzino zientifikoa da, eta laginak izango dira: euskerazko aldizkari zientifikoak, ikerketarako kontratu-programak, dirulaguntza-deialdiak eta produkzino zientifikoaren datu-baseak/katalogoak, kalidade-adierazleak eta ebaluazino-sistemak.

Laburbatuz, euskerazko aldizkari zientifikoen egoerea eta euskeraz argitaratzen daben ikertzaileen jarduna ikertuko dira, ikuspegi kuantitatibotik zein kualitatibotik. Horretarako, besteak beste, produkzinoaren bolumena, dibersidadea eta ikusgarritasuna, inpaktu akademikoa, finantziazino-iturriak eta ebaluazino-erispideak aztertuko dira, baita ikertzaileek topetan dituen oztopoak eta aukerak be; zehatz, zer neurritan autortzen eta sustatzen dan euskerazko produkzino zientifikoa (politika zientifikoek eta instituzino publikoek hizkuntza-erispideen inguruan daben eragina be bai).

Bekearen helburuak

1. Euskerazko produkzino zientifikoa non argitaratzen da? Aldizkarien kopurua eta aldizkarien egoerea. Inguman jasotako euskerazko aldizkari zientifikoetatik abiatuta egingo da azterketea. Euskal Herriko egoerea kanpoko errealidadeakaz konparauko da (adibidez, Katalunia – CARHUSPlus).

2. Euskerazko produkzino zientifikoaren autortzea, prestigioa, sustapena eta zabalkundea aztertzea:

Ikerketarako diru-laguntza deialdiek eta programek autortzen eta laguntzen ete dabe euskerazko produkzino zientifikoa?

Datu-baseek/katalogoek, kalidade-adierazleek eta ebaluazino-sistemek autortzen eta laguntzen ete dabe euskerazko produkzino zientifikoa?

Komunidade zientifikoaren ikuspegia eta jarrerea egoera horren aurrean (alkarrizketa bidez).

3. Etorkizuneko erronkak eta aukerak identifiketea:

Euskerazko produkzino zientifikorako arrazoiak: zergaitik argitaratu artikulu zientifikoak euskeraz?

Eskatzaileak

  • Bekea norbanakoek nahiz horretarako osotutako lantaldeek jaso ahal izango dabe. Bigarren kasu horretan, ikerlanaren zuzendari-arduradun bat izentau beharko da.
  • Bekea jaso ahal izateko ezinbestekoa da diplomaturea, gradua edo maila horretako tituluduna edo goi-mailako tituluduna izatea. Lantaldeen kasuan, gitxienez parte-hartzaileen erdiek bete beharko dabe baldintza hori.
  • Euskerazko gaitasuna: eskatzaileak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea izan beharko dau. Lantaldeen kasuan, parte-hartzaile guztiek izan beharko dabe gaitasun hori.

Deialdiaren ezaugarriak

  • Proiektua, azterlana eta memoria euskeraz egingo dira. Ikerketa-lanaren iraupena gehienez 6 hilebetekoa izango da, diru-boltsea esleitzen dan egunetik hasita (epe horretan ez da abuztua kontuan hartuko).
  • Ikerketa-lanak originala eta argitarabakoa izan behar dau.
  • EUk laguntza teknikoa eskainiko dau Inguma datu-baseak izan dauen erabilerea konsultetako.
  • Ikerketearen emoitzeagaz amaierako txosten bat sortu beharko da. Jarraipena atalean zehaztutako 4 hilebetera entregau behar dan txosten partzialaz gan. Ikerketearen emoitzea argitaratzeko edota zabaltzeko eskubideak partekatuak (Euskaltzaindia + UEU) izango dira.
  • Ezagutza librea sortu, trukatu edota zabaltzeko asmoa daben datuak edota programak sortzea hobetsiko da, beti bere lizentzia libreak erabiliz zabaltzeko modukoak.
  • 5.000 euroko diru-boltsea aurreikusten da eta erakunde bakotxak erdibana jarriko dau diru-kopuru hori.
  • Eskaerak eta gainerako agiriak aurkezteko epea 2026eko irailaren 14tik urriaren 16ra egongo da zabalik, biak gogoan hartuta. UEUren webgunean dagoan inprimakia erabiliz aurkeztu beharko da.
  • Ebazpena urriaren 23rako jakinarazoko da eta jasotzaileak urriaren 26rako baino lehen erabagiko dau bekea onartzea.

    Aurkeztu beharreko dokumentazinoa

UEUren inprimakia

  • Eskatzailearen curriculum vitaea eta horra batutako titulazino eta merezimenduen egiaztagiriak. Lantaldeen kasuan, parte-hartzaile guztienak.
  • Proiektuaren zehaztasun-txostena, ahalik eta zehatzena (6 orrialdekoa, gehienez), honakoak azalduz: Lanaren ikerketa-esparrua; aurrekariak eta gaiaren gaur egungo egoerea; ikertzailearen edo taldearen aurreko esperientzia; helburuak; materialak, baliabideak eta lan-metodologia; lana jorratzeko kronogramea; aurreikusitako emoitzak eta horreen interesa; euskarazko ezagutza librea sortu, erabili, trukatu edota zabaltzeko gaitasuna; bestelako finantziabideak, baldin eta holakorik balego.
  • Eskatzaile edo zuzendariaren espediente akademiko laburra.
  • Eskatzailearen euskera-gaitasuna egiaztatuten dauen dokumentua: EGA edo baliokidea dan titulua edo ziurtagiria. Lantaldeen kasuan bardin, parte-hartzaile guztiek erakutsi beharko dabe aitatutako gaitasuna.

Argibideetarako helbide hau erabil daiteke: inguma@ueu.eus

Eskabideak ebaluetea

Ikerketa-proposamenak UEUk izentautako Ebaluazino Batzorde batek aztertuko ditu. Ebaluazino Batzordearen osoketa honako hau izango da: UEUko zuzendaritzako kide bat: ikerketa-arduraduna edo haren ordezkoa. UEUko Datu-basearen Batzordeko kide bat. Eta Euskaltzaindiako kide bi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu