Nafarroak eta Eusko Ikaskuntzak euskerea sustatu eta ikertzeko borondatea berretsi dabe

Bizkaie! 2026-07-28 09:32   Euskerea berbagai

Nafarroan euskerearen transmisinoaren eta etorkizunaren inguruko gaiak aztertuko dira.

Ezkerretik eskumara: Ana Urkiza eta Ana Ollo. | Ikusi handiago | Argazki originala

Nafarroako Gobernuko buruorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskerako kontseilari Ana Ollok eta Eusko Ikaskuntzako buru Ana Urkizak euskerea maila kulturalean zein bizikidetza balore lez sustatzeko eta ikertzeko lankidetza-hitzarmena barritu dabe.

Akordio honek, 60.000 euroko aurrekontuagaz, Eusko Ikaskuntzak Foru Komunidadean euskerea aztertzeko, ikertzeko eta sustatzeko egiten dituan jarduerei jarraipena emotea dau helburu. Hitzarmen-sinadura ekitaldian, Euskarabidea-Euskerearen Nafar Institutuko zuzendari-kudeatzaile Javier Arakama izan da.

Ezkerretik eskumara: Javier Arakama, Ana Ollo eta Ana Urkiza.

Nafarroako Foru-Diputazinoa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiakaz batera, Eusko Ikaskuntzaren sortzailea izan zan 1918. urtean. Ordutik, Nafarroako Gobernuaren eta erakunde honen arteko hartu-emonak onak izan dira, lurraldeko kultureagaz eta gizarteagaz zerikusia daben gaiak aztertzeko eta zabaltzeko.

Orain sinatutako hitzarmenak Euskarabidearen eta Eusko Ikaskuntzearen arteko aurtengo jarduera-plana finantziauko dau:

Alkarbizitzarako zubiak eregiten Nafarroan izeneko programako 2. fasea gauzatzea, hain zuzen be, kultura arteko bizikidetzea sustatzea helburu dauena. Etorkinek euskerean aurrean eta Nafarroako nortasun kulturalaren aurrean dituen jarrerei eta itxaropenei buruzko informazino kualitatiboa eta kuantitatiboa batu ondoren, etorkinen artean euskareagazko eta nafar kultureagazko ikuspegi edegia sustatzea lortu nahi da, etorkinei ikaskuntzarako eta parte-hartzerako aukerak sortuz eta aniztasunetik ekingo jakon integrazino eredua indartuz.

Holan, 2025ean, Eusko Ikaskuntzak ikerketa kualitatiboko lehen fase bat landu eban, Nafarroara heldutako personek euskal kulturea eta euskerea zelan bizi dituen eta gizarte eta kultura-inklusinoko prozesuetan zer oztopo, itxaropen eta aukera dituen ulertzeko. Honen bitartez lortutako topakuntzakaz bat etorriz, 2026rako proposamena ikerketearen bigarren fase hau aplikazino-fase lez planteau da, proiektuak jarraipena emoten deutso aldez aurretik egindako lanari, eta lan hori tresna operatibo bihurtzen da politika publikoak eta praktika komunitarioak bideratzeko.

Kontuak kontu, helburu nagusia proiektuaren aurreko faseko hipotesiak alderatu eta sendotzea da, oinarri enpiriko kuantitatibo eta konparagarri baten bidez. Holan, programearen helburuak ondokoak dira: atzerritar jatorriko biztanleriari eta tokiko biztanleriari zuzendutako inkesta bereizi bi diseinau eta apliketea; Kulturarteko bizikidetzeari, parte-hartze kulturalari eta euskerean aurreko hartu-emonei buruzko informazino konparagarria batzea; emoitzak lurralde-aldagai eta aldagai soziodemografiko garrantzitsuen arabera aztertzea; 2025ean formulautako hipotesiak baliozkotzea eta zehaztea; eta, azkenik, emoitza-txosten bat egitea, esku-hartze publiko eta komunitariorako ondorioak eta orientabide operatiboak jasoko dituana.

Gogoan izan behar da gizatalde zehatz bi hartzen dituala programeak; alde batetik Nafarroan bizi dan atzerritar jatorriko biztanleria, esangura zabal eta inklusiboan ulertuta, aintzat hartuta askotariko ibilbideak, jatorriak, hizkuntza-errepertorioak, familia-egoerak, gizarteratze-esperientziak eta Nafarroan denpora gehiago eta gitxiago igaro daben personak. Eta bestetik, Nafarroan bizi dan tokiko biztanleria, hau da, harrerako ingurune sozial, kultural eta linguistikoa osotzen daben personen multzoa; persona horreekaz eregiten baitira, hartu-emonen bidez, bizikidetzea, partaidetzea eta pertenentzia-dinamikak.

Gaiaren harian, inkesta bereizi baina osogarri bi diseinau eta aplikauko dira, bat biztanle migratuentzat eta bestea tokiko biztanleentzat, eta horreei esker, kulturarteko bizikidetzeari, parte-hartze kulturalari, euskerearen pertzepzinoari, gizartean parte hartzeko oztopoei eta gizarteratzeko baldintzei buruzko informazino konparagarria batu ahal izango da.

Analisiak ikuspegi territoriala eta intersekzionala izango dau, hainbat aldagai kontuan hartuta, besteak beste, generoa, jatorriko herrialdea, Nafarroan igarotako denporea, jatorria eta euskerearen eta euskal kulturearen aurreko hartu-emonak. Parte-hartze kulturalaren, bizikidetzearen eta euskerearen aurreko hartu-emonen gaineko pertzepzino, traba, itxaropen eta aukerei buruzko diagnostiko sendoagoa lortzea espero da, bai eta eredu komunak eta ezbardintasun esanguratsuak identifiketea be, lurraldeko aldagaien eta aldagai soziodemografikoen arabera. Emoitzak baliagarriak izango dira aurreko fasean planteautako hipotesiak baliozkotu, zehaztu edo birformuletako eta transferentziara bideratutako behin betiko emoitza-txosten batean jasoko dira, Nafarroako Gobernuarentzat, tokiko administrazinoentzat eta eragile sozial eta komunitarioentzat baliogarriak izango diran ondorio eta orientabide batzuekaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu