'Euskerearen jauzi digitala teknologia-kontua da'
2026-07-10 09:23 Euskerea berbagaiBaita hizkuntza-politikearen eta komunidadearen etorkizunagaz lotutako erronka estrategikoa be.
Euskararen jauzi digitala: hausnarketak eta elkarguneak jardunaldia atondu dabe Euskalgintzearen Kontseiluak eta UEUk Tolosan, UEUren Udako Ikastaroen barruan. Euskal hiztun-komunidadearen eta eremu digitalean lanean dabizan eragile eta norbanakoen arteko alkarrizketea sustatzea dau helburu eta jardunaldiaren atontze-lanetan ibilitako Maddi Juanikorena Diaz (Donostia, 1991) eta Patxi Martin Arregigaz (Doneztebe, 2000) izan dira.
Zergaitik da garrantzitsua horren inguruan hausnartzea?
Eremu digitala gaur egun gure bizitearen erdigunean dago: bertan komuniketan gara, informetan gara, kulturea konsumiduten dogu eta hartu-emonak eregiten ditugu. Beraz, euskerearen normalizazinoak eta bizibarritzeak ezin dau errealidade hori baztertu. Kalean, hezkuntzan edo administrazinoan euskerearen presentzia bermatzea beharrezkoa da eremu digitalean be euskeraz biziteko baldintzak sortzea ezinbestekoa baita.
Jardunaldion bidez, euskal hiztun-komunidadearen eta eremu digitalean lanean dabizan eragile eta norbanakoen arteko alkarrizketea sustatzea da asmoa, izan be, badogu urteetan eregitako ezagutzea eta ekosistema digital baliotsua, baina orain erronkea da konpartidutako ikuspegia eregitea eta euskerearen jauzi digitala modu estrategikoan egitea.
Zeintzuk dira eremu digitalak euskerearen normalizazino eta bizibarritzerako eskaintzen dituan aukerak?
Eremu digitalak aukera handiak eskaintzen ditu euskerearen normalizazinoan eta bizibarritzean. Alde batetik, inoiz baino errazagoa da euskerazko edukiak sortzea eta mundu osora zabaltzea: ikus-entzunezkoak, sare sozialetako edukiak, podcastak, webguneak edo bestelako espazio digitalak sortzeko aukerak gero eta handiagoak dira.
Bestetik, adimen artifizialaren eta hizkuntza-teknologik aukera ugari edegi ditu hizkuntza minorizatuetarako. Tresna horreek euskerearen mesedetan jarri daitekez baina horretarako ezinbestekoa da euskereak garapen teknologiko horreetan lekua izatea. Teknologia konsumidutea ondo dago baina euskerearen beharretatik abiatutako garapena eta barrikuntzea be sustatu behar ditugu.
Hizkuntza-burujaubetzearen eta teknologia-burujaubetzaren arteko loturetan be sakonduko dozue. Zergaitik?
Gaur egun, hizkuntza baten etorkizuna gero eta lotuago dago erabilten ditugun tresna eta plataforma digitalakaz. Gure egunerokoan erabilten ditugun aplikazinoak, bilatzaileak, adimen artifizialeko sistemak edo komunikazino-kanalak euskeraz ez badagoz, arriskua dago gure hizkuntza-praktikak beste hizkuntza batzuetara lerratzeko.
Horregaitik, hizkuntza-burujaubetzaz gabizanean, teknologia-burujaubetzea jorratzea be komenidu da. Euskal komunidadeak bere beharrei erantzungo deutseen tresnak, azpiegiturak eta ezagutzak jorratzeko gaitasuna izatea eta, aldi berean, teknologia globalen garapenean be euskerearen presentzia eta hizkuntza-eskubideak bermatzea.
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Erronka nagusietako bat da euskerea ez geratzea atzean teknologia barrien garapenaren aurrean. Adimen artifizialean, plataforma handietan, softwarean eta eguneroko tresna digitaletan euskerearen presentzia bermatzea oinarrizko izango da datozen urteetan.
Baina teknologia ez eze, euskerazko edukien eskaintzea eta konsumoa handitu behar ditugu, sortzaileak eta erabiltzaileak aktibau, komunidade digital euskalduna indartu eta eragile askoren arteko alkarlana sendotu. Horretarako beharrezkoak izango dira plangintza estrategikoa, baliabide ekonomikoak eta politika publiko ausartak.
Nori dago zuzenduta?
Jardunaldiak euskerearen eta eremu digitalaren etorkizunaz hausnartu nahi dauen edonorentzat dira. Batetik, euskalgintzako eragileei eta hizkuntza-politiketan lanean dabizanentzat; bestetik, teknologia sektoreko profesionalei, ikertzaileei, sortzaile digitalei eta komunikazinoaren arloko eragileentzat.
Baina, azken finean, eremu digitala guztion egunerokoaren parte danez, herritar guztiei egiten deusku konbita. Euskerearen etorkizun digitala ez baita adituen edo erakundeen ardurea bakarrik, hiztun-komunidade osoaren parte-hartzea behar dauen erronkea da.
Zeozer nabarmentzeko?
Nabarmenduko geunke euskerearen jauzi digitala teknologia-kontua eta hizkuntza-politikearen eta komunidadearen etorkizunagaz lotutako erronka estrategikoa da. Euskereak badau oinarri sendo bat: hiztun-komunidade aktiboa, eragile ugari eta urteetan eregitako ekosistema digital propioa.
Orain, ostera, testuinguru teknologikoa oso azkar aldatzen dago, eta horrek beste ikuspegi batzuk, alkarlan handiagoa eta konpartidutako estrategiak eskatzen ditu. Jardunaldi honeek, hain zuzenbe, alkargune izatea nahi dogu: eragile askoren arteko hausnarketea sustatzeko eta euskereak aro digitalean behar dauen jauzi hori alkarregaz zelan egin pentsetako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
