Pello Salaburu euskaltzain osoa emeritu bihurtu da

Bizkaie! 2026-07-27 09:04   Euskerea berbagai

Filologo nafarrak 75 urte bete zituan garagarrilaren 3an.

Emeritu bihurtu da Euskaltzaindiaren barruko arauek agintzen dabelako. Orain, Salabururen ordezkoa aukeratzeko epea edegi da. Euskaltzain osoek irailean eta urrian aurkeztu leikiez Salabururen lekua beteteko proposamenak eta zemendiko osoko bilkuran egingo da hautaketea, hain zuzen, Bilboko Euskal Museoan. Jakina danez, euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dabe. Proposamenaz batera, hautagaiaren merezimenduak aitatu behar dira zehatz.

Gogoratu behar da euskaltzain emerituek euskaltzain osoen eskubide guztiak gordeten dituela, baina ez dabe erakunde-arduraren betebeharrik. Emerituek osoko bilkuretan nahiz batzordeetakoetan parte hartzeko eskubidea dabe, ahots eta botoagaz. Era berean, erakundearen karguetarako hautagai eta hautesle izan daitekez baina ahala ezin deutse inori emon.

Pello Salaburu Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Euskal Filologiako katedraduna da. Soziologia eta Zientzia Politikoetan lizentziau zan Deustuko Unibersidadean 1978an. Ondoren filologia eta hizkuntzalaritza ikasketak egin zituan unibersidade berean eta hizkuntzalaritzako ikasketak AEBetako zenbait unibersidadetan: New Mexiko, Cornell, MIT. Doktore titulua Euskal Herriko Unibersidadean eskuratu eban 1983an, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean Baztango euskalkiaz egindako tesiagaz.

1983an Euskal Herriko Unibersidadeko irakasle izentau eben lehiaketa bidez. Leioako Informazino Zientzien Fakultadean eta Gasteizko Letren Fakultaean izan da irakasle. Euskal Filologiako sailburu izan zan (1988-1991) eta 1990etik Euskal Filologiako katedradun da. EHUko euskera errektoreorde (1992-1996) eta errektore (1996-2000) be izandakoa da. Erretiroa hartu arte, EHUko Euskera Institutuko zuzendari be izan da. Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeko presidentea izandakoa urteetan. Batzorde horrek landu eban EGLU bildumea (1985-2011, 9 ale). Liburuki horreen bilduma barridatzi eta laburtua agertu zan 2021ean, hain zuzen, gaur gaurkoz erreferentziazkoa dan Euskerearen Gramatikea.

Euskerearen inguruko hainbeste lan argitaratu ditu zenbait hizkuntzatan: liburuak, artikuluak, hizkuntza corpusak eta bestelakoak. Baditu beste gai batzuetako saiakerak be euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez, eta ehunka eretxi artikulu egunkari eta aldizkarietan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu