Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2026-07-22 13:09   Euskerea berbagai

Euskerearen Erreferentzia Corpusa lantzea da asmoa.

Bakartxo Tejeria eta Andres Urrutia. | Ikusi handiago | Argazki originala





Bakartxo Tejeria legebiltzarburuak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak izenpetu dabe akordioa, urteetako egonkortasunari eutsiz. 2011ko maiatzaren 4an sinatu Eben erakunde bien arteko lehen lankidetza-hitzarmena; hitzarmen horrek urte biko indarraldia izan eban eta, ordutik, ondoz ondoko epealdietan eutsi izan deutse. Alkarrenganako konfidantzan oinarrituta dago akordioa eta, zelan ez, bakotxaren ardura publikoen alkarregazko autorpenean eta euskerearen normalizazinoari gizarte eta erakunde-bizitzako esparru guztietan laguntzeko borondatean. Holan, alderdi biek egokitzat jo dabe lankidetza-esparru barri bat eratzea, dagoan lankidetzeari jarraipena emoteko eta lan-tresnak eguneratzeko eta jarduketa jakin batzuk zehaztasun juridiko handiagoz atontzeko; zehatz, Eusko Legebiltzarraren testu-materialak XXI. mendeko Euskerearen Erreferentzia Corpusean (EEC) txertatzeari jagokozanak. Beraz, Eusko Legebiltzarrak bere erakunde-jardueran sortu edo itzulitako testu-material jakin batzuk Euskaltzaindiaren eskura jarri ahal izango ditu, XXI. mendeko Euskerearen Erreferentzia Corpusean txertatzeko eta corpus horregaz zuzenean lotutako hizkuntza-azterlanak egiteko xedez. Hain zuzen, Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean (EHAA) behin betiko eta modu ofizialean argitaratu diran eta finkatuta dagozan testu-materialak eta itzulpenak jasoko ditu Akademiak bere corpusa aberasteko.

Bere aldetik, Euskaltzaindiak, material hau guztia erabiliko dau Euskerearen Erreferentzia Corpusaren barruan indexetako, analisi estadistikoa egiteko eta tratamendu lexikografikoa egiteko, horren zuzendaritza zientifiko zorrotzaren pean.

Baina, zer da Euskerearen Erreferentzia Corpusa (EEC)? Euskerearen Erreferentzia Corpusa euskerearen adierazpen eta erabilera mueta ezbardinak batzen dituan corpus sinkronikoa da. Corpus hori ahalik eta orekatuena izateko eratzen da, lurraldeen, egileen, jatorrien eta erabilera-eremuen ikuspegitik. Euskaltzaindiak, besteak beste, hizkuntza-araugintzearen bilakaerea aztertzeko, beste premina batzuk antzemoteko eta Euskaltzaindiaren Hiztegia aberasteko erabilten dau. Haren helburua da Euskaltzaindiaren ahozko nahiz idatzizko edukiak jasoten dituen datu-baseak aberastea. Euskaltzaindiaren datu-baseek hainbat hedabidek, argitaletxek eta erakundek euskeraz sortutako ahozko nahiz idatzizko edukiak jasoten ditue, eta eduki horreek corpusaren oinarria osotzen dabe.

Euskaltzaindiak 2025eko martiaren 31n aurkeztu eban jentaurrean. Corpus orekatua, edegi eta kolektiboa dala esan eban Andres Urrutia euskaltzainburuak agerpenean, Euskal Herriko 70 bat erakunde pribatu eta publikoren materialak jasoten baititu.

Ikastaroak, argitalpenak, erakusketak…

Testuen lagapenaz gan, 2026an, ondoko arloetan bultzatuko dabe alkarlana erakunde biek:

  • Euskerearen ofizialtasunaren errealidadea gizarteratzeko bidean, Frantziako edo Espainiako estaduetan euskerearen ofizialtasunak izandako aldaketei zein euskal lurraldeetan euskerearen ofizialtasunak izandako eguneratzeei zein moldaketei buruzko azalpen-txostena prestau eta zabalduko da.
  • Eusko Legebiltzarreko kideen prestakuntzea areagotzeko bidean, 2026. urtean Euskaltzaindiak ikastaro bi emongo ditu.
  • Beste erakunde batzuekaz lankidetzan, 2026an Etxeparegaz edo euskerearen ezagutza, zabalkundea eta sustapena bultzatzeko beste gai batzuekaz lotutako musika-emonaldi edo kultura-jarduera bat atonduko da.
  • Beste erakunde batzuekaz lankidetzan, Frantziako eta Espainiako mugaz alde bietako hizkuntza txikien errealidadea ikusarazoteko asmoz, 2026ko udagoienean, Pirinioetako hizkuntzak erakusketea atonduko da.

Akordioak jasoten dituan bestelako jarduera eta konpromisoak:

  • Euskaltzaindiak emondako arauak, erispideak eta gomendioak Eusko Legebiltzarraren esparruan zabaldu eta aintzat hartu ahal izango dira.
  • Alderdi biek, adostasun osoz, prestakuntza-jarduerak, jardunaldiak, mintegiak, dibulgazino-ekintzak, hizkuntza-hobekuntzako proiektuak, ezagutza-trukeak, legebiltzarkideen eta langileen hizkuntza-prestakuntza areagotzea helburu daben beste ekimen batzuk sustatu ahalko ditue.
  • Argitalpenen arloan, alkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira, euskerazko terminologia juridikoaren arloan nahiz lan dibulgatiboen arloan.
  • Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak lankidetzan jardun ahal izango dabe arlo instituzional eta juridiko-parlamentarioetan euskerearen erabilereagaz lotutako hizkuntza-baliabideak, terminologia-erispideak, konsulta-materialak eta laguntza-tresnak identifiketan, egiten, barrikusten eta eguneratzen.
  • Euskaltzaindiak, Eusko Legebiltzarrak hola eskatzen dauenean, aholkularitza tekniko eta konsultiboa emon ahal izango deutso hizkuntzearen, terminologiaren edo hizkuntza-legediaren arloan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu