Bidean Erromeria taldeak jaso dau 2025eko Argia Ereiten Euskara Saria
2025-10-23 13:08 Euskerea berbagaiSaria Fadurako Tiki Toki zentroan hartuko dabe zemendiaren 4an, 19:00retan.

Bidean Erromeria taldeak jaso dau aurten Argia Ereiten 2025eko Getxoko Euskera Saria, interpretetan dauen euskal musikearen bidez gazteak euskal kulturara erakarteko egiten daben lanagaitik eta gizarte sareetan euskerearen erabilerea sustatzeagaitik be.
ESEP, Euskera Sustatzeko Ekintza Planaren helburu, neurri eta ekintzakaz bat datorren Saria orain 16 urte jarri eban martxan Getxoko Udalak euskerearen erabilerea babestu, sustatu edo zabaltzeko kultur zereginetan nabarmendutako erakunde, alkarte edo persona fisiko nahiz juridikoei errekonozimendua egiteko.
Talde getxotarra 2016an sortu zan, Ainhoa Aranburu abeslariaren eta Kerman Santiago gitarrista eta abeslariaren ekimenez, Batxilergoa amaitzen egozanean, erromeriak¡ egiteko ideagaz. Ondoren lagun gehiago batzen joan ziran seikotea osotu arte. Lonja batean egiten zituen aprobak eta lehen kontzertua 2017ko urtarrilaren 7an emon eben Muskizen. Gaur egun Beñat Gorostiaga (bateria), Ainhoa Aranburu (abeslariaq), Jon Iglesias (gitarristea), Ander Romero (gitarristea), Liam O ́moilan (bajistea), Aritz Landetak (trikitilaria) eta Asier Castillo (tronboijolea ) dira taldekideak. Alain Barbado, Kerman Santiago eta Mikel Iglesias be taldeanibili ziran.
Musikea praktikau eta joteko, oholtzara igoteko eta Euskal Herriko tokiak ezagutzeko nahiak motibau zituan 25 eta 28 urte bitarteko gazteak proiektua aurrera eroateko. Kontzertuetara jente ugari batzen zan jantzan egiteko gogoagaz. Gaur egun eskaintzen dituen erromeriak ez dira orain urte batzuk egiten ziran erromerien modukoak, euskal jantzen musikeagaz eta jazkera tradizionalagoakaz. Getxotarrek euskal taldeek egiten daben musikea plazetara hurbiltzen dabe, jai giroan: guk horreen musikearen transmisoreak gara, musika horregaz berbenak egiten doguz, batez be egungo euskal musikako kantu esanguratsuenakaz, zaharrenak Itoiz taldearen -Elurretan- eta Alaitz eta Maiderren -Txanpoi baten truke- izanik, azaldu dabe Bidean Erromeria tadekoek.
Kontzertuetan ia kantu guztiak euskeraz dira (baten bat gaztelaniaz eta pare bat ingelesez), guri gustetan jaku musikea euskeraz dalako. Ez da portzentajetan oinarritutako igarri bako erabagia izan, barrutik era naturalean ataraten jakuna baino. Autortzea egiten deutsagu euskal musikeari uste dogulako oso aberatsa dala eta hori da gustetan jakuna eta jo nahi doguna. Segurutik guk bizi dogun testuinguru euskaldunak zerikusia dauka baita herrian euskerearen normalizazinoaren eta euskal kulturearen alde lan egiten daben talde eta alkarteek joteko aukerea emon deuskuela be, beste arrazoi batzuen artean, adierazo dau taldeak.
Hiru orduko kontzertuak eskaintzen ditu Bidea Erromerian taldeak, normalean udan, batzuetan, zemendira arte (aurten bezela), musikaz gan, partaideek euren lanak eta beste zeregin batzuk dituelako. Aurten 20 bat kontzertu eskaini ditue Euskal Herri osoan eta euren asmoa da datozen udatan jarraitzea, gitxienez 10 urtera heltzeko. Horregatik, taldeak oso pozik jaso dau Sariaren barri: esker onez, pentsetan dogulako gure ibilbieari errekonozimendua dala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!