Gloria Totoricagüena Egurrolak Manuel Lekuona Saria jaso dau
2025-10-27 07:55 Euskerea berbagaiEuskal kulturearen alde egin dauen lanagaitik.
Euskal diasporaren ikerlaria eta euskal errealidadearen mundu mailako zabalkundearen sustatazilea dan Gloria Totoricagüena Egurrola (Boise, Idaho, AEB, 1961) izango da Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria 2025 jasoko dauen persona. 1983an sortu zan saria euskal kulturearen alde lan nabarmena egin daben personaiei autortzea egiteko.
Gernikatik 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren ondoren Ameriketara joandako familia baten alaba, Totoricagüenak Zientzia Politikoak ikasi zituan Boiseko Unibersidadean, baita Hezkuntzako masterra eta Montevideoko Unibersidadean (Uruguai) Latinoamerikako Politikaren masterra be. 2000. urtean doktoretza eskuratu eban London School of Economics and Political Sciencen, Amerikako, Europako eta Ozeaniako sei herrialdetako euskal diasporen identidadearen eusteaz egindako ikerketa konparatiboren bidez.
Nevadako Unibersidadeko (Reno) Euskal Ikasketak Zentroko zuzendaria izan zan. Bertan, eskolak eta berbaldiak emon zituan, baita Stanford eta Boiseko unibersidadeetan be.
2025eko Lekuona Sariaren Epaimahaiak nabarmendu dauanez: Totoricagüena euskal diasporearen ikerkete aren alor anitzetan aitzindaria izan da, haren lana funtsezkoa izanez gure kulturea nazinoarte mailan ezagutzeko eta, ondorioz, Euskal Herria mundu mailan kokatzeko.
Nazinoarteko haren ikerketetan Australian, Argentinan, Belgikan, Brasilen, Txilen, Filipinetan, Irlandan, Perun, Erresuma Batuan eta Uruguain ezeze, Euskal Herrian bertan be historia, soziologia, antropologia eta politikari buruzko ahozko eta dokumentuzko informazino parebakoa batu dau. Ahalegin horren emoitza da euskal diasporeari buruzko datu-base zientifikorik osotuena, kalidadeko eta kantidadeko ikuspegitik.
Haren lanek, izan argitalpenak izan erakusketak eta kultura edo enpresa-proiektuak, euskal komunidade globalaren aniztasuna eta kohesinoa agerian itxi ditue, eta, era berean, hainbat herrialdetako migratzaileen identidadeak errespetatzearen eta ulertzearen balio unibersala nabarmentzen dabe. Gainera, giza garapenagaz eta bakearen kulturea lako balioekaz dauen loturea nabarmena da.
Bibliografia zabala idatzi dau. Halanda ze, euskal eta estadubatuar gaiei buruzko haren argitalpenek 800 orrialde inguru hartzen dabe eta Estadu Batuetan bizi diran persona, familia eta komunidadeen bizitzei eta bizipenei buruzko ehunka argazki batu ditu.
Totoricagüenaren ibilbide oparoak haren jarduera akademikoa ezeze, Euskal Herriaren eta Ameriketako erakunde eta enpresen arteko zubi-lana be autortzen dau. Horren adibide da Lehendakari Ibarretxeren agintaldian Pentsamendua. Basque Global Initiatives Think Tankaren diseinuan eta zuzendaritzan izan eban parte-hartzea.
Gaur egun Boise eta Bilbo artean bizi da eta konsultore enpresa biren buru da: bata ikerketa kultural eta sozial anitzetan espezializauta, eta bestea, Euskal Herriaren eta munduaren arteko hartu-emon kultural, komertzial eta diplomatikoetan.
Manuel Lekuona Sariaren 2025eko erabakia eta emote-ekitaldia
2014az geroztik, Euskal Komunidade Globalaren eretxia jasoten da boto edegien bidez Manuel Lekuona Saria erabagiteko prozesuan. Emoitza hori Epaimahai Instituzinonal batek berresten dau. 2025eko edizinoan, epaimahaia ondoko erakundeek osotu dabe: Barandiaran Fundazinoa, Euskal Kultur Erakundea, Eresbil, Etxepare Euskal Institutua, Euskarabidea, Euskalerriko adiskideen Alkartea, UN Etxea eta Eusko Ikaskuntza bera.
Saria irudikatzen dauen Remigio Mendibururen brontzezko eskulturea, ekitaldi publiko batean emongo jako, 2026ko udabarrian.
|
Eusko Ikaskuntzearen Manuel Lekuona Saria eskuratu dabenen zerrendea: |
|
|
2025: Gloria Totoricagüena. |
2003: Jesus Atxa Agirre. |
|
2024: Juan Mari Beltran Argiñena. |
2002: Armando Llanos Ortiz de Landaluze. |
|
2023: Iñaki Martínez de Luna. |
2001: José Ignacio Tellechea. |
|
2022: Enkarni Genua. |
2000: José Miguel Azaola. |
|
2021: Jon Bagüés. |
1999: Piarres Charritton. |
|
2020: Jose Ramon Etxebarria. |
1998: José María Jimeno Jurío. |
|
2019: Xabier Amuriza. |
1997: Micaela Portilla Vitoria. |
|
2018: Mari-Jose Azurmendi. |
1996: Jorge Oteiza Embil. |
|
2017: Fermín Leizaola. |
1995: Adrián Celaya Ibarra. |
|
2016: Jean-Louis Davant Iratzabal. |
1994: Xabier Diharce Iratzeder. |
|
2015: Joan Mari Torrealdai Nabea. |
1993: Francisco Salinas Quijada. |
|
2014: Antxon Aguirre Sorondo. |
1992: Bernardo Estornés Lasa. |
|
2012: Soledad de Silva y Verástegui. |
1991: Carlos Santamaría Ansa. |
|
2011: José Luis Ansorena Miranda. |
1990: Gerardo López de Guereñu Galarraga. |
|
2010: Jose Antonio Arana Martixa. |
1989: Eugène Goyheneche. |
|
2009: Txomin Peillen. |
1988: Manuel Laborde. |
|
2008: Montxo Armendáriz. |
1987: Justo Gárate. |
|
2007: Sabin Salaberri Urzelai. |
1986: Andrés de Mañaricua y Nuere. |
|
2006: Menchu Gal Orendain. |
1985: P. Jorge de Riezu. |
|
2005: Elías Amézaga Urlézaga. |
1984: Odón Apraiz. |
|
2004: Jean Haritschelhar. |
1983: Manuel Lekuona. |
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
