'Gero eta gehiago gara euskeraz sortu eta euskerea gure kaleetara eroaten gabizenak'

Bizkaie! 2026-05-15 08:27   Euskerea berbagai

Euskaraz sortzearen pozak (eta penak). 

Artekalek bultzatua, kaleko arteen sektorerako urteko hitzordu nagusia dan Leioako Umore Azokearen barruan, Euskerea, jalgi hadi plazara! manifestua irakurri dabe Euskal Herriko hainbat kalako artista eta konpainiak. Leioako Kultur Leioa gunearen aurrean izan da hitzordua bart.

Kaleko arteen (antzerkia, jantza, zirkua) arloan lan egiten daben Euskal Herri osoko artistek eta konpainiek sinatutako manifestuak hiru ardatz nagusi ditu:

•  Euskal Herriko konpainiei euskeraz sortzea.

•  Euskal Herriko kaleko programazinoan euskerazko ikuskizunetarako leku gehiago eskatzea.

•  Publikoari euskerazko ikuskizunak babestea.

Jentaurrean egindako agerraldian, manifestua irakurri eta sinatzaile guztien zerrendearen barri emon dabe.

Horren ondoren, Euskaraz sortzearen pozak (eta penak) izenburuko mahai-inguruan batu dira, kaleko arteen eta euskerearen arteko hartu-emonen inguruan hausnartzeko eta etorkizunean emon beharreko urratsen inguruan berba egiteko.



Euskerea, jaldi hasi plazara!

Jalgi gaitezan kalera!

Artekaleren bultzadaz, hemen batu garen konpainia guztiak Euskal Herriko kaleetan erakusten dogu gure artea, herritarrakandik ezin gertuago, kulturea gure uri eta herrietako txoko guztietara zabaltzeko asmoz. Ugariak eta askotarikoak dira gure lanak, alaiak, tristeak, jostariak, harrigarriak, barregarriak, gogorrak, freskoak, arinak, sakonak, txikiak, erraldoiak... Baina danon oinarri garrantzitsua da euskeraz lan egiten dogula.

Zorionez, gero eta konpainia gehiago gara euskeraz sortu eta euskerea gure kaleetara eroaten gabizenak. Baina arabere gehiago izan nahi dogu eta, horretarako, Euskal Herriko konpainia barri, zahar, txiki eta handiei euskeraz sortzeko deia egiten deutsegu, izan be, kaleko arteek naturaltasunez, biziminez eta itxaropenez beteten ditue gure eguneroko bizitearen agertokiak. Eta, gure lanen bitartez, euskereak be naturaltasunez, biziminez eta itxaropenez beteten ditu gure kaleak eta plazak.

Horregaitik aldarrikatzen dogu euskerazko kaleko artearen indarra eta garrantzia gure hizkuntzeak, gure kultureak eta gure gizarteak aurrera egin deien. Gure uri, herri, auzo eta plazetan euskerea entzuten dan bakotxean, pausu handi bat emoten dogu gizarte anitzago eta biziago bat lortzeko bidean. Eta, horregatik, sendo eta ozen esaten dogu uri, herri, auzo eta plaza gehiago behar ditugula euskerazko kaleko arteetarako. Euskeraz sortzen dogun konpainien aldeko apustua biderkatzeko momentua da, kultura bizi baten alde. Baina plaza gehiago bakarrik ez. Begi, belarri, mingain eta bihotz gehiago be ezinbestekoak dira. Horregaitik, euskaldun zahar, barri, txiki, handi, erdi, oso, aktibo, pasibo, alai, triste, mehe, zabal, baltz, zuri, berde eta urdinei, guzti-guztiei, kaleko arteez gozetan etorteko dei egin nahi deutsegu. Ikusle eta artista, danon bultzadea behar-beharrezkoa da euskereak gero eta leku gehiago izan daian gure uri, herri eta auzoetan. Publikoaren beharra dogu. Alkarren beharra dogu. Eta euskereak gu danon begi, belarri, mingain eta bihotzen beharra dau. Etorri, ikusi, geratu, gozau eta gomendau.

Lau haizetara esan nahi dogu: Antzerki, jantza, zirku gehiago; kale gehiago; euskera gehiago.

Euskerea, jalgi hadi plazara! Jalgi gaitezen kalera!

Sinatzaileak:

  • Ameztu Antzerkia
  • Arriera
  • Atx Teatroa
  • AXUT!
  • Bapateanzirko
  • Berdinki zirku garaikidea
  • Bitsa konpainia
  • Halako Ezpala
  • DAB dantza konpainia
  • Deabru Beltzak
  • DMC Konpainia
  • Eidabe
  • Ertza
  • Fluteatro
  • Gaizka Chamizo
  • Goitibera
  • Haatik Dantza
  • Harrobi Dantza Bertikala
  • HIKA Teatroa
  • Libre
  • Nai Imaginazioak
  • InPut konpainia
  • Ixabel Agirresarobe Arzallus
  • Janire Etxabe
  • Kamikaz kolektiboa
  • La Pez
  • Metrokoadroka
  • Nazaret Froufe
  • Pantzart
  • Patata Tropikala Antzerki laborategia
  • Piszifaktoria Ideien Laborategia
  • Rouge elea
  • Txalo-Talo
  • Xabi Larrea
  • Xilipurdi Antzerkia
  • Zirkodomoa Barakaldo
  • Zo-Zongó

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu