Maiatzaren 31n Bilbon izango da Ibilaldia
2026-05-13 12:40 Euskerea berbagaiKirikiño Ikastoleak atondutako hiru guneko ibilbidea eta egun osoko egitarau zabalagaz.
Bizkaiko ikastolen jaialdi handiena Bilbon izango da maiatzaren 31n, Txurdinagan. Euskerea, hezkuntzea eta euskal kulturearen aldeko topagune erraldoia izango da, familia zein lagunakaz egun osoan gozetako aukerea eskainiko dauena.
Ibilaldia ez da egun bakarreko jaia, urte osoan zehar lantzen dan proiektua da, komunidadearen alkarlanari esker helburu zehatzagaz sortua: ikastolea, euskerea eta euskal kulturea Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzea. Kirikiño Ikastoleak igaz erronka horri ekin eutson eta ilusinoz zein arduraz dabil atontzen Bilbon euskerearen erabilerea indartzeko aukera parebako hau. Helburua ahaztu barik, Ibilaldiaren jai egunean hiru gunetan banatutako eta edade guztiei begirako kultura, musika eta aisialdi-eskaintza zabala izango da.
Jaiaren abiapuntua Kirikiño Ikastolea izango da; handik Europa Parkera egingo dau salto eta jaiaren azken gune handia Txurdinagako Kiroldegia izango da. Gune guztiak ibilbide dinamiko eta bizigarri batek lotuko ditu, kalez kale euskerearen presentzia eta jaigiroa zabalduz egun osoan zehar.
Maiatzaren 30ean makinatxu bat ekitaldi izango dira Kirikiño Ikastolan, besteak beste, erromeria, pailazoak, kontzertuak, umeentzako tailerrak eta Euskara mila koloretan lehiaketako sari banaketea.
Ibilaldiaren eguna: maiatzak 31
Egun osoan zehar, edade eta gustu guztietarako ehunka jarduera izango dira: jantza taldeak, magoa, Go!azen, bertsolariak, antzerkia, kontzertuak, erromeriak, DJak, tailerrak, puzgarriak, karaokeak, erronka herrikoiak, txarangak eta kalejirak, besteak beste.
Ibilaldia 2026ko musika-eskaintzea zabala eta anitza izango da, edade eta gustu guztietarako proposamenakaz. Egun osoan zehar, hainbat eszenatokitan izango dira zuzenean, Gozategi, Ezezez, Zuztarrak, Harana, Fruiztariak, Txerokiak, TxapelPunk, Xsakara eta Punttu Kakotx, besteak beste. Horreez gan, jai-giroa indartuko dabe Lehian eta Pakemba erromeriek, Hots Kolektiboa txarangeak, Samasiku fanfarriak, Bitxo do Samba batukadeak, Patxipanda txistulari taldeak eta Kirikiño Ikastolako trikitilariek. Musika-programazinoan DJ Kaktus eta DJ Bull arduratuko dira erritmoa eta jaian etenik ez izateko.
Umeentzat Umeen Hiria prestauko da Kirikiño Ikastolan
Egurrezko olgetak, puzgarriak, tailerrak, zirkua eta hezkuntza-balioetan oinarritutako proposamenak izango dira.
Horrezaz gan, ibilbidean zehar etenik bako animazinoa egongo da: erraldoiak, trikitilariak, txistulariak, batukadak eta fanfarreak, euskerazko jaia auzo eta kale guztietara eroanez.
Jai jasangarria eta erasorik bakoa
Kirikiño Ikastoleak Ibilaldia jai eredugarria izatea nahi dau, bai ingurumenaren aurreko errespetuan, bai hartu-emonetan be.
Ibilaldia 2026: Erronka Garbia
Aurten, jasangarritasuna jaialdiaren erdigunean jarriko da ingurumen-inpaktua murrizteko eta parte-hartzaile guztien laguntzeagaz jaia arduratsuagoa izan daiten:
● Oinez, bizikletaz edo garraio publikoan etortea.
● Edalontzi eta botila berrerabilgarriak erabiltea.
● Hondakinak behar bezela sailkatzea.
Kirikiño Ikastoleak ingurumen-inpaktua identifikau, neurtu eta murrizteko konpromisoa hartu dau, emoitzak gardentasunez konpartiduz.
Erasorik ez
Ibilaldia eraso sexista, homofobo edo matxistarik bako espazioa izango da. Indarkeriarik ez da onartuko ezelan be eta errespetua, bardintasuna eta askatasuna izango dira jaiaren oinarriak.
Hasierea
Ibilaldiko ekitaldi ofiziala goizeko 10:00etan izango da, Kirikiño Ikastolan eta bertan hezkuntza komunidadeko kideak, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariak eta hainbat erakunde eta eragile batuko dira.
Ekitaldia magiaz, musikaz eta jantzaz beteta egongo da, eta Kirikiño Ikastolako ikasleek Hiri Kiribili Bil kantuaren koreografia eskainiko dabe, jaiaren aurkezpenari amaiera berezia emonez.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
