Dirulaguntzak onartu ditue Bizarra Lepoan, Hiruka, ALBE eta Egizurentzat

Bizkaie! 2026-05-08 11:43   Euskerea berbagai

Euskerea sustatzeko egiten daben lanagaitik.

Euskerearen erabilerea gizarteratzen jarraitzeko Bizarra Lepoan, Hiruka, ALBE eta Egizu erakundeentzako urteko diru laguntzak onartu ditu Getxoko Udalak, 2028ra indarrean sinatutako hitzarmenen barruan.

Helburu, neurri eta ekintzak zehaztu dira Erabilerea Sustatzeko Getxoko Ekintzak Planagaz bat datozenak. Planak euskerearen erabilerea sustatzen jarraitzeko Udalaren konpromisoa erakusten dau baita aitatutakoakaz eta gizarte eragileakaz alkarlanean jarduteko dauen nahia be, nabarmendu dau Gorka Mostajo Euskera zinegotziak.

Bizarra Lepoan Euskera Alkarteak 86.940 euroko diru-laguntzea eukiko dau, besteak beste, umeen aisialdia euskeraz izatea helburu dauen Bapiruke ekimenaren barruan, udako, neguko eta udabarriko koloniak atontzen jarraitzeko baita Jostaldiak euskeraz be. Aurreko urtean, Bapiruken 361 umek hartu eben parte eta Jostaldiak euskeraz izenekoan 140k.

Horreekaz batera, Gehitu Kultura (40 alkartegaz sinatuta) eta Gehitu Kirola (44 alkarteghaz sinatuta) programen dinamizazino eta jarraipen lanak be egingo ditu. Helburua da alkarteek euskerea bermatzea idazkietan, ekitaldietan eta bestelakoetan, oinarrizko taldeetako jarduerak eta entrenamentuak euskeraz egitea baita jarduerak eta entrenamenduak be.

Beste alde batetik, eskualdeko komunikazinoa zabaltzen dauen Hiruka kooperatibeak 67.833 euroko subentzinoa jasoko dau aldizkari soziokulturala (urtean 11 ale euskera hutsez) eta atari
digitala (astean 10-20 albistegaz, egunero eguneratuta) argitaratzeko gastuetan laguntzeko. 2025ean, papelean, danetara 552 orrialde inprimidu zituan, 757 testugaz, eta bakotxeko 5.000 ale kaleratu zituan.

Hirukak eta bere atari digitalak 277.532 visita eta 93.179 erabiltzaile izan zituan.

ALBE, Algortako Bertso Eskoleak, 54.600 euroko diru-laguntzeagaz, Getxo Bertsoz Bertso programea eroango dau aurrera, besteak beste, Abra Saria, Eskolatik Plazara, Balkoitik Balkoira, Bertso Jaialdi Mundiala, Bertsoz Jairik Jai, Hitzaren Dantza, Albe Galea, bertso bazkari eta saioakaz. Igazko saioetan 2.225 entzule izan ziran, bertsolaritzea sustatzeko eta euskerea bultzatzeko izandako saioetan (jaietako bertso saioek 800 persona erakarri zituen, Bertso Jaialdi Mundialak 550, Hitzaren Dantzak 400....).

Azkenik, Egizu Getxo Euskaldun alkarteak 44.100 euroko diru-laguntzea jasoko dau, batez be, euskerea ikasten dabizan getxotarren artean euskerea sustatzeko jarduerak atontzeko, horreen artean, Berbalaguna, kultur jarduerak, SENDI proiektua, Gazte Saltsa (Kirola eta Kultura Euskaraz!), Literatura & Sorkuntza, eta Berbodromoa. Iaz 2.802 lagunek hartu eben parte jardueretan; horreen artean, 283 berbalagun ibili ziran ikasturteko nahiz udako taldeetan eta 1.785 lagunek atondutako 29 kultura jardueretan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu