Udalerri Euskaldunen Eguna maiatzaren 16an izango da Otxandion

Bizkaie! 2026-05-08 07:45   Euskerea berbagai

Urte birik behin izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna.

Otxandioko Udala eta UEMA alkarlanean hasi ziran eguna atontzen eta berehala batu jakezan Otxandioko hainbat talde eta alkarte. Guztien artean atondu dabe maiatzaren 16ko egitaraua. 

Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkate eta UEMAko zuzendaritza batzordeko kideak agerraldian nabarmendu dauenez, maiatzaren 16koa udalerri euskaldun guztien eguna da, ez UEMAko kide diranena bakarrik: aspaldi erabagi zan egun hau udalerri euskaldun guztion topagune izatea, UEMAko kide izan ala ez. Gaur egun, 175 udalerri inguru dira Euskal Herriaren luze-zabalean udalerri euskaldunak. Biztanleen % 70etik gora euskaldunak dira. Askotan nabarmendu dogu baina maiatzaren 16an, Otxandion, jai giroan gogoratuko dogu: udalerri euskaldunek egundoko ekarpena egiten deutseela euskerearen indarbarritzeari eta, oro har, Euskal Herriari. Gure herriaren orube nagusiak dira, eta ez dira berba hutsak. Aurten, testuinguru berezian dator Udalerri Euskaldunen Eguna. Azken ikerketek eta datuek alarma gorriak piztu ditue, egoerea iraultzeko ezer egin ezean arnasguneak laster desagertu daitekezalako eta udalerri euskaldunetan be gainbeherea agirikoa izango dala adierazoz. Horren aurrean, esnatzeko deia egin dau UEMA-k, geugaz bat egin daben Euskal Herri osoko hainbat eragilegaz batera, izan be, udalerri euskaldunak eta euskerearen arnasguneak ezinbestekoak ditugu, eta horreen ekarpena eta garrantzia gogoratuko dogu barriro be, aurten Otxandion.

Iratxe Lasak, UEMAren izenean, eskerrak emon deutsee otxandiarrei, hasieratik erakutsitako jarrereagaitik eta eguna aurrera atarateko azken hileotan egindako lan guztiagaitik: hasieratik, Otxandioko Udalari egun hau alkarlanean atontzeko aukerea proponidu geuntsanetik, bikain erantzun dau herriak, eta herriko hainbat alkarte eta eragile ibili dira lanean. Beraz, Otxandioko Udalari eta Otxandioko alkarte eta eragileei, bene-benetan, eskerrik asko.

Ekimen herrikoia

Otxandioko euskera zinegotzi Maider Arejolaleibak nabarmendu dauenez, Otxandio udalerri euskalduna da eta harro gagoz otxandiarren izaerearen eta nortasunaren ezaugarri nagusienetakoa euskerea izateaz, euskaldunak izateaz. Horregaitik, pozgarria da Udalerri Euskaldunen Eguna herrian izatea. Ilusinoz ibili gara lanean azken hileotan eta maiatzaren 16an ilusino horretara batzeko deialdia egin nahi deutsegu herriko, eskualdeko eta Euskal Herri osoko euskaldun guztiei. Hasieratik bagenkian UEMAren eta Udalaren arteko kontua eta ekimen herrikoia zala. Herriko alkarte eta eragileei dei egin deutsegu alkarlanean eguna atontzeko eta bikain erantzun dabe.

Lanean ibili diran herriko alkarte eta norbanako guztiak nabarmendu ditu Arejolaleibak eskerrak emonez: aitatu euskalgintza taldea, 7 Harri taldea, Otxandioko Herri Eskolea, Urduri Dantza Taldea, Kaleik kale txistulariak, Kementsu alkartea, Otxandioko Udal Bandea, Urbiribil dultzaineroak, Badaiotz Herri Kirolak eta Oihandi abesbatza.

Amaitzeko, maiatzaren 16an Otxandiora joateko konbita egin dau.

Atontze lanetan parte hartu daben Otxandioko talde eta alkarteen izenean, barriz, Airatu euskalgintza taldeko kide dan Jaione Agirregabiriak egin dau berba eta datorren maiatzaren 16rako danen artean atondutako egitaraua aurkeztu dau:

10:00 Dianea, Kaleik Kale txistulariakaz.
10:30 UEMAren Batzar Nagusia, Mainondon.
11:30 Herri Kirolak, umeentzat, Plazan.
13:00 Ekitaldia, Plazan.
13:45 Udal bandeagaz kalejira, kaleetan.
15:00 Bazkari herrikoia.
Bazkalostean, Kalaka egurrezko jolasak, umeentzako tailerrak, Airatugaz.
Emojonk! galdera-erantzunen jokoa zuzenean.
18:00 Kalejira Basogaira, Urbiribil dultzaineroakaz.
18:30 Zazpi harrien inaugurazino ekitaldia, Basogainen eta bertsolariak, Oihandi Abesbatza, Urduri Dantza Taldea, Kaleik Kale txistulariak...
19:15 Kalejirea, Basogaitik Plazara.
20:00 Errigorako produktuak probetako aukerea Plazan.
21:00 Lorratz taldeagaz erromeria, Plazan.


Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu