Bart ekin deutse udako kanpaineari

Bizkaie! 2026-05-06 07:38   Euskerea berbagai

Emon izena AEKn udan euskerea ikasteko. 



Kanpainea, Uda bizi, euskerea eroso ikasten lemapean, uda osora zabalduko da, euskerea ikasteko hainbat aukera eskainiz: barnetegia, euskaltegia, Euskal Herria bizikletaz zeharkatuz edo online; berbetako taldeetan esku hartzeko aukerea be badago zenbait herritan, izan be, goiburuari erreparauta, udea biziteko garaia dator, ahalik eta erosoen biziteko aroa, alde batera geratzen diran ikasturteko betebeharrak eta opor-giroa nagusitzen baita. Beraz, zerozer egiteko gogoa be izaten da batzuetan eta, esangura horretan, AEK-k aukera zabala eskaintzen dau udan: euskerea ikasteko hainbat modu eroso jarten ditu edonoren esku, ikasteko prozesua arina eta atsegina izan daiten. Badakie hori kanpainako protagonista biek: Victoria Zarco eta Oihane Alonsok, ez dira modelo hutsak, AEKren barnetegietan udan euskerea ikastea zer dan ondotxo dakiten euskera-ikasleak.

Edozein barnetegi mueta da aukera ederra euskerea ikasteko prozesuan aurrera egiteko, hainbat arrazoirengaitik: ikaslea euskeraz bizi dan ingurunean sartzen da; eguneroko bizimodua euskeraz egiten dau, goizetik gauera; ikasitakoa praktikan jarten dau eten barik; bere burua euskeraz egiteko kapaz ikusten dau; euskeraz berba egiteko ohiturea sendotzen dau; euskeraz berba eginez, hartu-emonak egiten ditu...

Gainera, mueta askotako barnetegiak dagoz: familia-barnetegiak (garagarrilaren 20tik 31ra eta abuztuaren 3tik 14ra), euskalduntzekoak, azterketak prestetakoak, xiberera ikastekoa, ibiltaria bizikletaz...

Beste alde batetik, maiatzaren 12an zuzeneko web bidezko aurkezpen bi egingo ditu AEK-ko Udako Barnetegietako arduradun Alba Ayucar Castrok, familia-barnetegien inguruan, goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 15:30ean. Ez dago izena emon beharrik, nahikoa da ordu horreetako batean www.aek.eus atarian sartzea.

Barnetegiez gan, zenbait euskaltegiren ateak be edegita egongo dira udan: barnetegira joaterik ez edo etxetik gertu egon nahi daben ikasleentzat, ikastaro trinkoak eskainiko ditu AEK-k.

Era berean, online ikastaroetarako be emon daiteke izena.

Holan, datozen hilabeteetan, AEK-k erakutsiko dau udea eta euskerea eroso ikastea bateragarriak dirala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu