Kaishop! kanpainea kalean

Bizkaie! 2026-05-13 08:53   Euskerea berbagai

Tokiko merkataritzan eta ostalaritzan euskerearen erabilera sustatzeko.

Alkarbidek, Bizkaiko euskera zerbitzuen bilguneak, Bizkaiko hainbat udalerri eta eskualdegaz alkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, KAISHOP. Erosi euskeraz zure herrian. Euskerea + 0 km = Kalidadea kanpainea jarri dau martxan, herrietako merkataritza/ostalaritza eta euskerea batuz.

Kanpainea herri eta mankomunidade honeetan jarri da martxan, euskarri digital eta fisikoen bidez, toki bakotxeko ezaugarrietara egokituta: Gernika-Lumo, Getxo, Leioa eta Txorierri (Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika, Zamudio). Kanpainako iruditzat, herri bakotxeko kartelean tokiko sei merkatari agiri dira eta, beraz, danetara 24 merkatarik egingo deutsee konbita bezeroei herrian euskeraz erosi deien. Kartel nagusi horreekaz batera, kanpainea zabaltzeko eskuorriak be banatuko dira eta, euskarri digitalei jagokenez, besteak beste, aitatu merkatariak protagonista dituen bideoak zabalduko dira sare sozialetan.

Kaishop! kanpainearen bidez, gai nagusi bitan jarri dabe arretea:

  • Euskereak tokian tokiko merkataritzan eta ostalaritzan dauen garrantzia. Euskerea danona da, kalidadekoa, gertukoa: Euskerea + 0 km = kalidadea. 
  • Tokian tokiko merkataritzeak eta ostalaritzeak emoten deuskun tratu personal eta gertukoa, izan be, kalidadeko produktuak gertu eskuratzeko aukerea emoten dau, gure beharretara berehala egokitzen dan zerbitzu bati esker.

    Euskeraz erosteak saria dakar.

Kaishop kalera atara eta herritarrek bertatik bertara ezagutu deien kaleko saioak atondu dira maiatzaren 14tik bagilaren 5era: aktore batzuk Getxoko, Leioako eta Txorierriko kaleak girotzen eta opariak banatzen ibiliko dira. Herritarrek erruleta-olgetan parte hartu deien konbidauko ditue eta uda garairako ezin aproposagoak diran paipai-ak emongo deutsee opari; haizemoile horreek Kaishop! Emon haizea euskereari! lemea daroe.

Kanpainan parte hartzen daben herritarrek, batetik, herrietako merkatariek eskaintzen dituen sarien zozketan parte hartuko dabe; eta bestetik, sari nagusi bat irabazteko aukerea izango dabe bigarren urtez: Eneko Atxaren Eneko jatetxean bazkaria bi lagunentzat.

Honako sare sozialen bidez kanpainearen eduki digitalak zabalduko ditue: Youtube, X, Instagram eta Facebook. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu