Urgentziaz hartu beharreko 10 neurri aurkeztu ditu UEMAk

Bizkaie! 2026-05-18 11:01   Euskerea berbagai

Udalerri euskaldunetan atzerakadea gelditzeko.

Lurralde Estrategia euskerarako proposamena aurkeztu eban UEMAk zezeilean. Hizkuntza politikeari beste norabide bat emoteko proposamena izan zan eta proposamenak jagokon bidea egin daian euskalgintzeagaz, alderdi politikoakaz eta erakundeakaz bilerak egiten dabil orain UEMA. Apirilean, barriz, Esnatu dinamikea aurkeztu eban Euskal Herri osoko eta arlo askotariko 18 eragile garrantzitsuren babesagaz. Esnatu dinamikearen harira, UEMAko kide diran udalek be konpromiso eta neurri zehatzak hartuko ditue, arnasguneen gainbehereari bueltea emoteko eta udalerri euskaldunak sendotzeko.

Orain, barriz, udalez gaindiko erakundeen esku dagozan neurriak aurkeztu ditu UEMAk, Udalerri Euskaldunen Eguneko ekitaldian, Otxandion. Larritasun egoereari aurre egiteko eta arnasguneei eusteko ezinbestekoak diran 10 neurri, administrazino publikoek udalerri euskaldunetan epe motzean hartzeko modukoak. Neurri horreek hartzea ezinbestekotzat jo dau UEMAk arnasguneei eusteko, pausu garrantzitsua dalako Euskal Herri osoa euskalduntzen joateko, guneo motor eta eredu ere izan beharko litzatekezalako gainerako eremuetan.

Ondokoak dira UEMAk proponidutako urgentziazko 10 neurriak:

1. Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta foru aldundiek udalerri euskaldunetan emoten dituen zerbitzu publiko guztiak euskeraz eskaintzen dirala bermatzea.

2. Udalerri euskaldunetan hizkuntza paisaia euskeraz izateko betebeharra ezartzea.

3. Udalerri euskaldunetan jorratu beharreko plan, proiektu eta askotariko egitasmoek euskereari eragin kaltegarririk ez sortzeko neurriak hartzea.

4. Ostalaritzan langileak euskalduntzeko liberazino dinamikea martxan jartea.

5. Euskalduntze-alfabetatze ratioak bajatutea eta dobakotasuna bermatzea maila guztietan.

6. Helduen hezkuntzan euskerea ardatz lez ezartzea, herritar etorri barrientzako sartze-neurrietan.

7. Ume eta gazte etorri barriak euskalduntzeko sartze-ereduei ekitea.

8. Udalerri euskaldunetako ume eta gaztetxuen euskerearen erabilerea babesteko neurriak hartzea, hareen ikasketa-ibilbide osoan zehar.

9. Familia zaurgarrietako umeak euskerazko aisialdian txertatzeko neurriak hartzea.

10. Udal langile guztiak euskaldunak izan daitezan eta udalen euskerazko funtzionamendua bermatu daiten neurri juridikoak hartzea.

Amaitzeko, bagilaren 13an Kontseiluak Iruñean deitutako Euskaltzaleon Martxeagaz bat egiteko deia egin dau UEMAk: euskeraz biziteko behar dana sortzen habiz eta horixe aldarrikatuko dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu