'Eskola Hiztun Bila'

Bizkaie! 2025-10-22 12:51   Euskerea berbagai

Hezkuntza-komunidadeko eragileen formakuntzea, aktibazinoa eta alkar eragina aztertzea da helburua.

Begoña Pedrosa. | Ikusi handiago | Argazki originala

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Eskola Hiztun Bila ekitaldia edegi dau gaur goizean, hilak 22, Gasteizko Jesus Guridi Musika Konserbatorioko aretoan. 400 profesional inguru alkartu ditu, besteak beste, irakasle, aholkulari, zuzendari eta Hizkuntza Normalizazinorako arduradunak. Hezkuntza-komunidadeko  eragileen formakuntzea, aktibazinoa eta alkar eragina aztertuko ditue euskerea indarbarritzeko helburuagaz. Guraso, irakasle eta aisialdi-hezitzaileak hezkuntza-komunidadearen helburuei erantzuteko dituen partaidetza moduak be izango ditue berbagai.

Pedrosak ondokoa adierazo dau: jakintza, gogoeta esanguratsua eta esperientzia bikainak partekatzeko aukerea da. Hizkuntzen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak, hizkuntzak orokorrean eta, batez be, euskerea, bere pasino baztertuezinak dira. Halanda ze, azken hiru hamarkadetan emondako urratsak nabarmendu behar dira, 29 urte pasau dira-eta lehen Eskola Hiztun Bila atondu zanetik. Euskerea eta euskal kulturearen transmizinoa ardatz dauen hezkuntza sistemea eregiten gagoz.

Egungo errealidadeari erreparauta, Hezkuntza sailburuak gogorarazo dauenez, agertoki barri baten aurrean gagoz: gela anitzak ditugu genero, balio, sinismen, ohitura edota hizkuntza aldetik… Zabal jokatzen dogu. Aniztasuna gure hezkuntza sistemeak dauen oinarrizko balioa dala oinarri hartuta, ikasle guztien errealidadera egokitutako eskola inklusiboan aurrera egiten jarraitzeko alkartasuna erdigunean jarri beharko geunke. Hezkuntza sailburuak euskerea ikastea indartzeko Eusle programea aitatu dau: horri esker, euskalduntzen dabizen ikasleak asko dira eta atxikimendu baikorra garatzen dabizen ikasleak irabazten gagoz.

Egungo egoerea kontuan hartuta euskerea indarbarritzeko beste hainbat baliabide eraginkor aitatu ditu, irakasle konprometidutakoak, besteak beste, baita ikastetxearen eta familien ateko loturak eta hezkuntza komunidadearen partaidetzea be. Aniztasuna nagusi dan eremuan, euskereak erronka handiak ditu leku eta espazio propioa izateko.

Horretarako aurtengo ikasturtean Euskerearen eta Hizkuntzen ikaskuntzarako institutuak hartuko dauen zeregina be aitatu dau: institutu barri horren egitekoa izango da euskerea eta euskal kulturea ardatz dituan hezkuntza eleanitz eta kulturartekoa eregiteko bidea egitea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu