'Ingura' plataforma digitala kaleratu dabe

Bizkaie! 2025-10-03 13:39   Euskerea berbagai

Euskerea edonon, edonoiz eta eroso ikasteko.

Eusko Jaurlaritzeak gaur, hilak 3, aurkeztu dau Ingura, euskerea online ikasteko plataforma digitala, edozein gailu, leku eta ordutan ikasteko aukerea emoten dauena. Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkezpen ekitaldian azpimarratu dauenez, hiztun barriak euskerara erakarri nahi ditugu, eremu digitalean sarbidea erraztuz.

Aurkezpena Bilboko Euskalduna Jauregian egin da ehun lagun baino gehiagoren aurrean, horreen artean euskaltegietako ordezkariak, gizarte eragileak eta kultura eta hezkuntza arlokoak.

Euskerearen erabilera sozialerako proiektu estrategikoa

Ekimena Eusko Jaurlaritzeak euskerearen erabilera soziala sustatzeko dauen estrategiaren barruan dago, euskaltegien lana osotuz eta esparru digitalean ateak edegiz. Ingurak ingurune irisgarria, malgua eta erakargarria eskaintzen dau, edozein personak hizkuntzEa ikasten hasteko edo aurrera egiteko aukerea izan deian.

Gaur egun, 14.000 personak baino gehiagok erabilten dabe Ingura. Munduan 44.184 euskera ikasle dagoz eta Eusko Jaurlaritzeak kopurua handitzea espero dau tresna horri esker.

Ezaugarriak

Erabiltzaileek 4 hizkuntzatan jaso leikie informazinoa (euskerea, gaztelania, ingelesa eta frantsesa). Jarduerak egin eta emoitzak gordeteko aukerea emoten dau plataformeak. Maila bakotxeko ikastaroetako eduki batzuk doban dira eta beste batzuk matrikulapekoak: gaur egun Inguruan A1 maila eta A2 mailako edukiak dagoz eta ikasten jarraitu gura izan ezkero edota mailea egiaztatu, Ingurak aukerea emoten dau euskaltegietan be badagoalako.

Beste eduki batzuk:

  • Egoera errealen oinarritutako bideo-ikastaroak, ikasleak hasiera-hasieratik berba egiten jarten dituana.
  • 140 egoera-bideo eta 140 azalpen-bideo, 4 hizkuntzatan azpititulauta.
  • 5.000 jarduera eta ariketa baino gehiago ahozko adierazpena, idazketea, gramatikea, hiztegia eta eduki kulturalak lantzeko.

Erakundeen arteko lankidetzea eta Europaren laguntzea

Ingura Habek sustatutako proiektua da, Nafarroako Gobernuaren, Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoaren eta Europar Batasunaren laguntzeagaz, Poctefa funtsen bidez. Bengoetxea lehendakariordeak ondokoa azpimarratu dau:. proiektua hainbat erakunderen artean martxan jarten gabiz, ondoko helburuagaz: gero eta jente gehiagok euskerea ikasi eta erabil deian

Etorkizuna: maila barriak eta teknologia barritzaileak

Inguraren garapenak aurrera jarraituko dau datozen urteetan, maila barriak gehituz eta hobekuntzak integrauta: Itzuli itzulpen automatikoko teknologia integretea, ahots, tutore eta berbalagun birtualen bidez ebatzitako jarduerak edo adimen-desgaitasuna daben personentzako plataformea egokitzea, garapen teknologiko eta didaktiko espezifikoakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu